Antolatu bidaia

Tourseko San Martin eliza

Elizak eta baselizak

Eguraldia

Vista exterior
Erriberri eta Uxueren arteko erdibidean eta San Martin Unx herriaren goienean kokaturik, Nafarroako landa erromanikoko eliza xarmangarrienetariko bat dugu. Halaber, behatoki bikaina da, egungo arkupetik zeruertzari so egiteko. Soiltasuna da Erdi Aroko tenplu horren dohain handietariko bat. Izatez erromanikoa den arren, inspirazio iturri protogotikoa duten elementuak ditu, gangak eta arku zorrotzak, esaterako. Kokaleku monumental horretako harribitxien artean, bataiarria, kapitelen apaingarriak eta kripta erromanikoa dira deigarrienak. Izan ere, kripta horretan ezkontza eta bataioak egiten dira.

XII. mendeko eliza horretan, burualdearen garaierak harritzen gaitu lehenik Zinez altua ikusten da, absidea eraiki baitzen altuera-aldea gainditzeko aukera ematen duen kriptaren gainean. Eraikin erromanikoaren jatorrizko egiturak bere horretan iraun du egundaino: 4 tartetako nabe bakarra eta kanoi-ganga ditu elizak. Barnealdean, absidea erdizirkularra da, eta kanpoaldean, berriz, poligonala, eta horma-bularrak ditu goienean, irtenak eta sendoak. Hala ere, urteek aurrera jo ahala erantsi zaizkion atalen eta eraberritze-obren emaitza da parrokiaren egungo itxura. Hartaz, Erdi Aroko antzinako dorrea ordezkatu duen egungo arkupea dugu, besteak beste, inguruko etxeei eta paisaiari so egiteko behatoki ezin hobea.

Bista zabala gozatu ondoren, galdu behar ez ditugun xehetasun ñimiñoak bilatzeko unea heltzen da. Erlaitzeko harburuak apaintzen dituzten itxura ugariko irudiekin hasten ahal gara: munstroak, gizonak, animaliak edo musikariak, goienetik so.

Tenpluaren bi aurrealdeekin jarraituko dugu. Hegoaldekoa erromanikoa da, soila zinez, eta egun biztanlerik ez duen Sengoriz herriko jatorrizko atea da. Eta mendebaldekoa, erromanikoa ere bai, proportzionatua eta ederki landua da. Bihurrikatzaile bat eta musikari bat —jatorrizko bi harburu— babesten dituen teilatutxo baten azpian, apaindurez hanpaturiko kapitelak aurkituko ditugu, San Martin Toursekoa ageri duena, adibidez, ziztrin jantzitako eskale batekin santua kapa partekatzen ari delarik, edo, bestela, Sanson, makurturik dagoen lehoi batekin borroka latzean. Pertsonaiek buru eta esku handiak dituzte. Era berean, ile-xerlo bereiziak dituzte buruan, eta, soinean, paraleloki ebakitako tolesdurak. Uncastilloko maisuaren zigiluaren ezaugarriak dira horiek, XII. mendeko eskultore arrakastatsuenetariko batenak.

Barnean gaudelarik, harrigarriak dira lan ederreko bataiarria, arkuen eta zutabeen artean ageri diren pertsonaia batzuez apaindurik, obra paregabea Nafarroan; Esnearen Ama Birjinaren tailua, XIV. mendekoa; erretaula erromanista, erdiko horma-hobian San Martin apezpikua irudikatzen duena; eta hiru leihoko aldarea, horietariko bat itsua, eta beste bat antzinako pinturen arrastoek apaindurik.

Baina, zalantzarik gabe, Erdi Aroko kripta da bazter deigarrienetariko bat, tenpluaren zatirik erromanikoena. Kapera nagusiaren azpian eraiki zen, lurzorua berdintzeko. Era berean, eskailera kiribila da harako sarbide bakarra, bitxia zinez. Hainbat zutabek mugatzen dute gunea. Horietariko sei exentuak dira, eta gainerakoak hormei atxikirik daude. Hain zuzen ere, horien kapitelek irudi sorta sinplea ageri dute: tamaina desberdinetako hosto handiak; neurriz kanpoko buru handietako basapiztiak, hortzak erakusten dituztenak; eta ilea, bizarra eta bibotea dituzten giza buruak. Burualdeak turuta formako hiru bao ditu. Kanpoaldean gezileihoak ematen dute, eta argi-jokoa sortzen dute barnealdean, goxoa eta misteriotsua, urrats bakoitzean ikuspegi berriak oparituz.
[+ ikusi fitxa osoa]

Kokapena

Ordutegia

Otoño: Horario habitual: sábados y domingos, de 11:00 a 13:00 y de 16:30 a 18:30.

  • Puente de El Pilar (del 12 al 15 de octubre): consultar.
  • Día 1 de noviembre (festivo): consultar.
  • Puente de diciembre (del 2 al 10 de diciembre): consultar.
  • Invierno: Horario habitual: sábados y domingos, de 11:00 a 13:00 y de 16:30 a 18:30.

  • Navidad (del 23 de diciembre al 7 de enero): consultar.
  • Otros horarios: concertando con antelación.
  • PREZIOAK

    Precio entrada: 2,00 €

    Ordutegi, data eta prezio orientagarriak. Entitate arduradunarekin baieztatzea aholkatzen da

    Informazio praktikoa

    • Herria SAN MARTÍN DE UNX
    • Zonaldea Erdialdea
    • Esteka interesgarriak
    • Telefonoa 669412203
    • Estiloa Erromanikoa