Nafarroako Pirinioetan dago, Zaraitzu eta Erronkari ibarren sarbidean, Nafarroan egundaino iraun duen
almiradio bakarrean. Nafarroan, Erdi Aroko banaketak mota horretako orografia-mugak zituen, eta Nafarroako erregeak izendatutako
tenente edo almirante bat zen hango burua. Eskualde historiko hartako erlikietako bat da Landako Ama Birjinaren baseliza.
Harlanduz egina, eragin jakarra du eraikina, eta proportzio harmonikoak eta lauzazko teilatua ditu. Hiru atal eta nabe bakarra ditu elizak, baita zirkuluerdi formako burualdea ere. Elementu berezia da hango kanpandorrea, nabearen erdialdean kokatuta baitago. Karratua eta liraina, erdi-puntuko leiho bikien bidez irekitzen da kanpoaldera.
Era berean,
Landako Ama Birjinaren baselizan deigarriak dira herri gaiak irudikatzeko bertan zizelkatu zituzten harburuak. Oro har ongi zainduta, basapiztiak, hegaztiak, eta ikusleari so edo geldirik dauden pertsonaiak irudikatzen dituzte, besteak beste, pixontzia duen gizona eta itzulipurdi bat egiten ari den akrobata. -Horietako batzuk
Leireko monasterioko Speciosa ate erromanikoari lotuta daude argi eta garbi. Hartaz, pertsonaia bereziak aurkitu ahalko dituzu bi eraikinetan: bere ilea lisatzen ari dela biluzik dagoen emakume bat (lizunkeria);
"diseinuko" hanka luzeak eta hatzaparrak eta aho berezia dituzten lehoiak; eta bere hankei mokoka ari diren hegazti lumadunak, ihes egin nahi duten arimak irudikatzen dituztenak.
Erdi-puntuko arku forma duen ate bat da baseliza horren barnealderako sarbidea. Xake-itxurako bi arkibolta eta krismoi jakar bat ditu ateak. Lehenik eta behin, tenpluan sartzean deigarri suertatzen dira bertako gangen altuera eta nabearen zabalera estua. Barnealdeko soiltasun
erromanikoa eteten dute erdi-puntuko arkuteriek, harrian eskematikoki landutako kapitelek eta XVI. mendeko bataiarri batek.