Antolatu bidaia

Sakana

Ibarrak

Multimedia

P.N Urbasa-Andía
P.N Urbasa-Andía
Bakaiku
Sakana
Argazki guztiak ikusi

Eguraldia

P.N Urbasa-Andía
Foru Komunitateko ipar-mendebaldeko ibarra da hura, eta Nafarroa hezean dago. Aralar mendiaren eta Urbasa-Andiako Natur Parkearen artean kokatuta, Sakana 306 kilometro karratuko eskualdea da. Arakil ibaiak zeharkatzen du Sakana, eta pagadiz eta hariztiz estalitako mendi zoragarriak daude han, Beriain edo Trinitatea, besteak beste. Hiru eremu historiko hartzen ditu eskualdeak: Burunda, Aranatz eta Arakil ibarra. Hauek dira bertako udalerri eta kontzeju nagusiak: Altsasu, Etxarri-Aranatz, Uharte-Arakil, Irurtzun, Bakaiku, Arbizu eta Olazti.

Herri horietan guztietan —mendeetako tradizioak, historia eta artea dituzte— bertako etxebizitza tradizionalak aurkituko dituzu, izkina eta leihoetako ageriko harlanduak eta fatxadetako armarriak aspaldian bezala dituztenak. Gainera, guztietan gelditzeko aukera dago atseden hartzeko, bertako gastronomia ederra gozatzeko, astean behingo merkatuetan saltzen dituzten artisautza produktuak erosteko edo paisaia zoragarrietako bideetan eta mendietan barna ibiltzeko.

Paisaia ahaztezinak; baserri txukunak; eliza erromaniko ederrak, Egiarretako Santiago Itxasperrikoa, adibidez, kanpai-horma sendoa duena; gastronomia gozoa; festa bihurtu diren ohiturak; eta zerbitzu ugari. Horrela laburbiltzen da Sakanaren muina. Irurtzundik Gasteizera doan A-10 autobidearekiko paraleloa da korridore hura. Aralar mendiak babesten du iparraldean, eta hegoaldean, berriz, Urbasa-Andiako Natur Parkeak. Bi paisaiek txango ugari eskaintzen dizkiete mendizaletasuna eta mendi ibiliak gogoko dituztenei.

Aralar mendia gune karstiko handia da, eta bi sarbide ditu, Lekunberritik, bata, eta Uharte-Arakiletik, bestea. Azken horretatik abiatuta Zamartzeko monasterio erromanikora heltzen da. XII. mendeko monumentu historiko-artistikoa da hura, landa erromanikoaren adibide ederra. Handik, porlanezko pista bat abiatzen da ezkerretara, eta 17 kilometroko zidor lineal batetik Aralarko San Migel santutegira heltzen da. Txikia da hango tenplua, eta San Migelen irudi barrokoa eta XII. mendeko erretaula erromanikoa gordeta daude elizan. Azken hori Europako esmaltegintzako obra nagusietako bat da.

Arakil ibarra zeharkatuta, Etxarri-Aranatzera helduko gara. Trikuharrien ibilbidea dago han. Bi ibilbide biribil daude han, eta hariztiak, pagadiak eta erreka freskoak zeharkatzen dituzte. Bidearen kilometroen kopurua eta bisitatzen diren trikuharrien kopurua dira bien arteko desberdintasunak. 15 kilometro ditu luzeenak, eta Historia Aurreko monumentu horietariko 10 ikusteko aukera eskaintzen du. Besteak, berriz, 9,7 kilometro besterik ez du, eta 2 monumentu megalitikotara soilik eramanen gaitu.

Urbasa-Andiako Natur Parkean larreak eta pagadi usuak tartekatzen dira. Hango paisaia karstikoan ugari dira leize-zulo eta pitzadurak, turkesa koloreko iturburuak eta ikuspegi mugagaberik gabeko behatokiak. Ehiztari, artzain, egurgile eta ikazkinek mendeetan izan zuten bizimoduaren oihartzunek zipriztintzen dituzte paisaiak. Merezi du parkearen interpretaziorako zentroan bisita hastea, flora eta faunari buruzko datuak biltzeko eta bertako zidor ugarien berri izateko aukera izanen baitugu.

Parke horretako txangorik ohikoena da Beriain mendira igotzea (1.493 metro), erdaraz San Donato izenez ere ezaguna, gailurreko baselizako santuaren izena baita. Hamarna kilometrotatik ikusten da mendiaren profil izugarria. Hondartuta dagoen harrizko itsasontzi izugarria ematen du menditzar horrek. Izan ere, Andia mendiko gailur gorena da. Hara igotzeko ibilbide batzuk dauden arren, Unanutik abiatzen da erabiliena. Herri horretako elizaren karrika oihan pista batean bukatzen da, eta, handik, Beriain mendiaren hego-ekialdeko magalera abiatzen da pista hura. Aski handia da ibilbidea egiteko behar den ahalegina, malkar handiak igo behar baitira igoeran. (Denbora, gutxi gorabehera: 3,30 ordu)

Gastronomia
Eskualdeko artisautza produktuak dastatzeko gomendatzen dizugu. Ardi-gazta atxikirik dago Nafarroak eta Gipuzkoak partekatzen duten Idiazabal sor-markari. Txistorra txerrikiz egindako hestebetea da, errea edo frijitua jatekoa. Sakanan egiten dira herrialdeko txistorrik onenak. Beste jaki gozo batzuek betetzen dute gastronomia saskia, haragi samurrek edo sagardo zaporetsuak, besteak beste.

Festak eta ohiturak
Santa Ageda eguneko ospakizunak garrantzitsuak dira Altsasun. Gazteak, musika eta dantza tipikoak dira festaren protagonistak, besteak beste: zortzikoa; inauteriak eta hango momotxorroak, Historia Aurreko erritu batetik aterata ematen duten pertsonaia bereziak; eta azienden urriko azoka. Ibarreko beste festa ospetsuetako bat da Uharte-Arakileko Artzai Eguna. Egun horretan ere egiten dira artzain txakurren Nafarroako txapelketa eta gazta lehiaketa.

Aipamen berezia merezi du eskualdeko kulturaren eta idiosinkrasiaren beste ezaugarri nabarmenetako bat: euskara. Belaunaldiz belaunaldi transmititu da hizkuntza hori, eta, gaztelaniarekin batera, ofiziala da eskualdean.
[+ ikusi fitxa osoa]

Kokapena

Ordutegi, data eta prezio orientagarriak. Entitate arduradunarekin baieztatzea aholkatzen da