Antolatu bidaia

Harrespilen ibilbidea

Monumentu megalitikoak

Multimedia

Eguraldia


Nafarroa atlantikoa berezia da hango paisaiek berde irauten dutelako beti eta hondakin megalitiko ugari daudelako. Horregatik, ez da harritzekoa Goizuetan ibilbide bat antolatu izana, hango milaka urteko ondare baliotsua babestu nahi baita. Ibilbideak 90 monumentu megalitiko baino gehiago erakusten dizkio bisitariari, gehienak ongi zaindurik.

Herrian multzo megalitiko gehiago daude barreiaturik, hala ere, ez dira ibilbidean sartu, okerrago daudelako edo horietara heltzea zailagoa delako. Historia aurreko monumentu anitz egoteak argi uzten du duela milaka urte eskualdeko populazioaren dentsitatea handia izan zela.

Goizueta Nafarroako Pirinioetan dago. Herri txiki hartako mendiak jendeztatu zituzten leinuek aztarna sakona utzi zuten. Lasaitasun handiko bazterrak hautatu zituzten, haien hildakoek atseden har zezaten betiko. Eta, hartara, zenduak omentzeko hilobi anitz eraiki zituzten eskualdean. Zinez harrigarria da geruza berdearen gainean dauden hondakin zahar horien kuartzo zuriaren dirdira.

Harrespilen ibilbidea seinaleztaturik dago. Azalpenak ematen dituen panela Goizuetan dago, eta monumentu guztiak harrizko monolitoen bidez identifikaturik daude. Guztira, Brontze eta Burdin Aroko laurogeita hamar ale erakusten ditu ibilbideak. Hondakin gehienak harrespilak dira. Harriz mugaturiko esparru zirkularrak dira horiek, eta barnean gordetzen zituzten aldez aurretik erretzen zuten hildakoaren errautsak, bai ontzietan sarturik, bai lauza txikiek inguraturik.

Ohikoa da harrespiletatik hurbil burdin mea aurkitzea, garaian erremintak, lanabesak eta armak egiteko lehengai nagusia zelako. Aiako Harria inguruko meategiko burdinaren kalitateak ospe handia hartu zuen Europan XII. eta XVIII. mendeen artean. Egun, mendiak igoera malkartsuak eskaintzen dizkie mendizaleei.

Bidexka horrek bi aukera eskaintzen ditu, Goizuetako natur balio handienetariko bi zonaldetan barna ibiltzeko: Alkasoaldea, 8,7 kilometrokoa, 55 hilobi-monumentu dituena eta, bestalde, Aitasemegi, 7,7 kilometrokoa, 33 dituena. Hainbat leku nabarmentzen dira ibilbidean, Ugarata lepoa, esaterako, bederatzi metro inguruko diametroa duen harrespil bat baitago han. Añoneako trikuharria da azpimarratu beharreko beste bat. Brontze Garaian, duela 5.000 urte eraiki zen hura.
[+ ikusi fitxa osoa]

Kokapena

Ordutegi, data eta prezio orientagarriak. Entitate arduradunarekin baieztatzea aholkatzen da