Antolatu bidaia

Aralarko Trikuharrien Ibilbidea

Monumentu megalitikoak

Multimedia

Trikuharriak - Etxarri-Aranaz
Trikuharriak - Etxarri-Aranaz

Meteorologia

Trikuharriak - Etxarri-Aranaz
Historian milaka urtetan atzera egiteko aukera ematen digu Aralar mendiak, Iberiar Penintsulako megalito multzorik interesgarrienetakoa aurkituko baitugu. Izan ere, aire misteriotsuaz jantzita daude hango iruinarria eta 44 trikuharriak, denak desnibel gaitzeko paisaietan, harkaitz biluzietan, pagadi isiletan eta ardiak bazkan ari diren belar-soro gozoetan barreiatuak. Ardi horien esnearekin jatorrizko deitura duen Idiazabal gazta egiten da, aspaldi-aspaldiko teknikei jarraiki, inguru honetako artzaintza neolitotik baitator. Badaude seinale bidezko ibilbide batzuk, historiaurretik heldu zaigun ondare hori ikusi eta gozatzeko. Guk haietariko hiru proposatuko dizkizugu.

Ibilbideak Etxarri Aranazko kanpinetik

Bi bidexka daude, bata luzeagoa eta bestea laburragoa, eta biak daude zurezko gezien bidez seinaleztatuak eta ikur zuri-horiekin markatuak, eta biak ere harizti eta pagadietan barna doaz. Bata zein bestea Etxarri Aranazko kanpinetik abiatzen dira. Herri hori Nafarroako ipar-mendebaldean dago, Aralar mendiaren oinetan, Sakanan.

Aukeratu ibilbide luzea, egun osorako txangoa egin nahi baduzu. 15 kilometroko luzera du. Irteera kanpineko aparkalekutik egiten da. Eskuinetik doan pista hartzen baduzu, bidegurutze bat aurkituko duzu 1,8. kilometroan. Segi aurrera. Lehenbiziko tarteak hariztiz eta pagadiz betetako paisaia ederrak eskainiko dizkizu, bai eta Andia mendiaren ikuspegi zoragarriak ere. Segi bidean gora eta, 4,7. eta 9. kilometroen artean, ibilbidean dauden hamar trikuharrietatik zazpi aurkituko dituzu: Beitzeta, Iruiturrieta, Jentiltzulo, Benintxar, Irumugarrieta, Zalatamuno, Mintegitxuta eta Txaradigorri. Toki horretatik aurrera, abiapuntura itzultzeko bidea hasten da jaitsiera txiki baten bidez.

Olanoko lepoan -9,6. kilometroan- aziendarentzako saroi baten aurriak ikusiko dituzu. Segi Pagamendiko pagadian gora eta, bidetik atera ondoren, igo eskuinean dagoen aldapa latz-latza, harik eta Pagamendiko trikuharrira iritsi arte. Aprobetxa itzazu leku honek eskaintzen dizkizun ikuspegi miragarriak atseden hartu eta bazterrak miresteko. 11,5. kilometroan ibilbideko azken trikuharria dago, Maitzegur izenekoa. Oso atsegina da zinez kanpineko aparkalekura iritsi arteko bide puska hau, sigi-sagan jaitsiko baitzara haritz gorriz osaturiko baso hostotsuan behera.

Egun erdiko txangoa egin nahi baduzu, aukeratu ibilbide laburra. Izan ere, 9,7. kilometro ditu eta ibilbide luzean dauden hamar trikuharrietatik bi ikusiko dituzu. Hartu kanpineko aparkalekuaren eskuinaldetik doan pista eta heldu eskuineko bideari lehenbiziko bidegurutzean. Ibilbidea gora doa harizti ederrean, eta nonahi daude zotolak, hau da, txerrientzako txabolak. 3,7. kilometroan bidegurutze bat aurkituko duzu. Segi aurrerantz, pasatu hormigoizko zubia eta jo ezazu eskuineko pistara. 4,8. kilometroan bidetik atera eta segi eskuinetik, harik eta Pagamendira igo arte. Leku horretatik, ibilbide laburra ibilbide luzeari lotuko zaio.

Ibilbidea Lekunberriko errepidetik Aralarrerantz

Aralar mendiaren bihotzean, denetarik duen ibilbidea dago, hau da, 10 trikuharri ikusteaz gain, aldi berean parada ere emanen dizu paisaia osatzen duten gailur harkaiztsuak eta bazkalekuak gozatzeko. Ibilbidearen abiapunturaino iristeko, har ezazu Lekunberritik San Migel santutegiraino doan errepidea. 9,7. kilometroan, iparrerantz doan pista bat hartuko duzu Aralarko bazkalekuetaraino iritsi arte. Han, bazkalekuetan, 12 kilometroko ibilbidea hasten da, nola halako zailtasuna duena.

Ibilbidearen lehen zatia da zailena, trikuharriak sakabanatuak eta baso pistatik kanpo daudelako. Ibilbide markatuan aurrera segitu nahi baduzu, jarraitu mendebalderantz eta baltsa batera iritsiko zara. Han daude ibilbideko hamar trikuharrietatik sei, den-denak 1.100 metrotik gorako altueran. Leku horretatik ikuspegi zoragarriak izanen dituzu. Gomendatzen dizugu beste baso pista batetik jaistea Pagomariko aparkalekuraino iristeko eta, kilometro batzuk beherago, Aralarko guardetxera ailegatuko zara. Bi toki horien artean dago ibilbideko azken trikuharria. Bide puska hau bereziki erakargarria da, aukera izanen baituzu inguru osoan oparo dauden pagadi hostotsuetan barneratzeko. Behin guardetxera iritsita, errepidetik jaitsi behar duzu abiapunturaino ailegatu arte.

Trikuharri bat ikusi nahi baduzu oinez bide luzea egin gabe, hartu Aralarko San Migel santutegira doan errepidea eta geldi zaitez 12. kilometroan, Albiko zelaietan, aparkaleku baten ondoan. Hurbileko pinudi batean aurkituko duzu Albiko trikuharria, Aralar mendiko ezagunenetakoa. Tumuluak 15 metro ditu diametroan eta metro bat altueran, hiru harlauza ditu alboan eta estalki handia ganberaren gainean. Horrez gain, badira beste trikuharri batzuk ikustera joateko daramaten bideak Madotz eta Iribasko inguruetan eta, era berean, bada Uharte Arakil eta Aralarko santutegia lotzen dituen errepidetik abiatzen den ibilbide bat.

Artzaintza lurraldea

Sakanako ezaugarria bere artzaintza tradizioa da. Beraz, oinez ibili ondoren eta indarberritzeko, onen-onena da Idiazabalgo gazta dastatzea, jatorrizko deitura duen gazta alegia, latxa ardiaren esnearekin egindakoa.

[+ ikusi fitxa osoa]

Kokapena

PREZIOAK

Oharrak:gratuito.

Bisita gidatua

Deskripzioa: consultar en las Oficinas de Turismo de la zona

Ordutegi, data eta prezio orientagarriak. Entitate arduradunarekin baieztatzea aholkatzen da

Informazio praktikoa