Antolatu bidaia

San Migel Eliza

Elizak eta baselizak

Multimedia

San Migel Eliza

Eguraldia

San Migel Eliza
San Migel eliza Lizarrako San Migel auzoan dago, Ega ibaiaren ezkerraldean, Erdi Aroan frankoak eta nafarrak elkarrekin bizi izan ziren auzoan, hain zuzen. Tenplua xumea bezain ederra da, eta, barrenean, altxor artistiko baliotsuak daude. "La Mota" esaten dioten malkar baten gailurrean dago San Migel eta XII. mendearen azkenean hasi ziren eraikitzen. Lanek, ordea, luze jo zuten, eta, horregatik, hainbat estilo bereiziko dituzu elizan.

Iparraldeko ataria erromaniko berantiarreko eskultura multzorik adierazgarrienetakoa da, eta, barrenean, Santa Elenaren erretaula gotiko ederra dago. Bietan pausatu beharra dago gure arreta berezia.

Itxura sendoa du 1987tik 1992ra zaharberritu zuten San Migel elizak, eta, egia esan, San Migel auzoa aurkezteko modu ezin egokiagoa da. Auzoa XII. mendearen bigarren erdian sortu zen Lizarran.

Eraikina ikusgarria da kanpotik; bolumen kontrajarriak eskaintzen ditu. Esaterako, ez du zerikusirik burualdean dagoen dorre barrokoak nabearen oinetan kokatua dagoen Erdi Aroko harrizko dorre puskaren bolumenarekin.

Baina bere artelanik baliotsuena iparraldeko ataria da, Hispaniako erromaniko berantiarreko estiloari jarraiki egina. Eskailera luzeak igo ondoren iritsiko zara haraino. Tinpanoan Kristo Errege ikusiko duzu, lau ebanjelarien ikurrez, Ama Birjinaz eta San Joanez inguraturik, denak bitartekari agertzen baitira Epaiketaren unean.

Mentsuletan lehoi bat ikusiko duzu, giza buru bat irensten ari dela, bai eta pertsona baten hankak okatzen dituen herensugea ere. Arkiboltetan, barrenetik kanporantz, hau da, Jainkoarengandik mundurantz, badira aingeruak, apokalipsiaren musikari zaharrak, profetak, santuak eta gaizkiaren hainbat irudikapen. Ezkerreko erliebean, herensugearen aurka ari da borrokan San Migel eta, eskuinekoan, hiru Marien tailu ederra ikusiko duzu, Kristoren hilobi hutsaren aurrean daudela. Latinezko hainbat inskripziok irudi horien esanahia azaltzen diete fededunei.

Hegoaldeko atetik ezin dugu sar tenplu barnera. XIII. mendekoa da, eta landareekin eta buru txiki batzuekin apaindutako kapiteletan bermatuak daude bere arkiboltak.

Burualdea XII. mendeko hiru abside erromanikoz osatua dago, eta erdiko absideak baditu arku zorrotzeko hiru leiho, kapitel historiatuak eta zutabe estilizatuak.

Tenplu barnean badira artelan ederrak, benetako altxorrak, besteak beste, Santa Elenaren erretaula (1406), nazioarteko gotikoaren lan nabarmena, eta santuak Jesus hil zuten gurutzea aurkitzen duen unea irudikatua dago. Halaber, XVIII. mendeko erretaula nagusia nabarmendu behar da, San Migelen irudi gotiko-flandestarra duena. Gainera, Belengo Ama Birjina ikusiko dugu, XIV. mendekoa, Eguiatarren hilobia, bai eta San Krispinen eta San Krispinianoren erretaula ere.

Tenplutik at, kanposantu zaharraren orubean, San Jorgeren kapera dago, burualdetik hainbat metrotara kokatua eta burualdeari arku zorrotz baten bidez lotua. Gotikoa da, XIV. mendekoa, oin trapezoidala du eta defentsarako dorre itxura dario. San Jorgeren irudi bat dago, zurezkoa, zaldi gainean herensuge hegaldunaren aurka borrokan. Estilo gotiko-flandestarretan eginiko irudia da.
[+ ikusi fitxa osoa]

Kokapena

Ordutegia

Otoño: apertura 30 minutos antes de las misas. **Misas: miércoles, viernes y sábado, a las 19:00. Domingos y festivos, a las 11:30.

Invierno: apertura 30 minutos antes de las misas. **Misas: miércoles y viernes, a las 19:00. Domingos y festivos, a las 11:30.

PREZIOAK

Oharrak: entrada gratuita.

Bisita gidatua

Bisitaren prezioa: consultar con las empresas gestoras.

Enpresa kudeatzailea:

Navark 948 550 070 - 948 553 954.

Nahiaz 948 107 632 - 609 372 816.

Ordutegi, data eta prezio orientagarriak. Entitate arduradunarekin baieztatzea aholkatzen da

Informazio praktikoa