Antolatu bidaia

Puyko Andre Mariaren Basilika

Elizak eta baselizak

Multimedia

Puyko Andre Mariaren Basilika

Eguraldia

Puyko Andre Mariaren Basilika
Lizarra monumentu-hiria da, Donejakue bidean dago eta bere eraikuntza interesgarrien artean eraikin moderno bat azpimarratu behar da: Puyko Andre Mariaren basilika, San Andresekin batera herriko zaindaria dena. Gain batean eraiki zen, elezaharraren arabera leku hartan Ama Birjinaren irudi bat agertu zelako. Lehenbizi baseliza bat altxatu zen. Gero, eliza barroko bat eta, orain, izar formako basilika hau. Eraikinak birsortzen du tailua aurkitzean sortu omen zen argi efektu bizi-bizia. Barnealdean, badaude XIV. mendeko Puyko Andre Mariaren irudi gotiko bat eta Kristo gurutziltzatuaren bi irudi, azken biak XVII. mendean egindakoak. Basilikatik Egaren monumentu-hiriari buruzko ikuspegi ederra eta osoa gozatuko duzu.

Puyko Andre Mariaren basilika gain batean dago eta Lizarra bere begiradapean datza. Victor Eusa nafar arkitektoak diseinatutako eraikin modernoa da, estilo neogotikoari jarraiki. 1929an hasi ziren eraikitzen tenplu zaharraren gainean eta lanak 1951n bukatu zituzten. Harmailadi luze batek gainditzen du tenpluraino iristeko dagoen desnibel handia.

Diotenez, gaur egungo eraikina dagoen lekuan, 1085. urte hartan, artzain batzuek mendixka baten gainera jo zuten izar multzo batek erakarrita. Kobazulo batean ezkutaturik, Ama Birjinaren irudia aurkitu zuten. Errege Antso Ramirezek baseliza bat eraikiarazi zuen haren ohoretan. Gero, XVII. mendean, eliza barroko bat eraiki zuten hasierakoaren ordez eta, gaur egun, eliza barrokoaren elementu batzuk kontserbatu dira, sarrerako ataria eta aurretik dagoen patioa, esaterako.

Gainera, Ama Birjina hiria sortu baino lehen agertu zen, Lizarra 1090ekoa baita, forua eman zitzaion urtekoa, alegia. Itxuraz kontraesankorra bada ere, data horren aurretik, jadanik bazen inguru hartan merkatari frankoen herrixka bat, eta baliteke gertakari hori erabili izana erregearen atentzioa erakartzeko, erregeak herrixka hori aintzat hartu eta babesteko. Gainera, saiatuko ziren Ega bi kilometro hegoalderago gurutzatzen zuten erromesak beren dendetara erakartzen, ibiltari haiek zuzenean Iratxera jotzen baitzuten Lizarratik pasatu gabe. Horretarako, ama birjina baten agerpena antzeztu zuten eta, gainera, Frantziako ama birjinarik beneratuenetako baten izena eman zioten: Notre Dame du Puy. Arrakasta berehalakoa izan zen, eta bi helburuak lortu zituzten.

Santutegi berria erromes gune nabarmena bihurtu zen, eta jendea mirari bila joaten zen haraino. 1929an, eliza barrokoa eraitsi eta exvoto ugari agertu ziren, mirarizko sendaketen oroigarri. Horietako batzuk benetan bitxiak ziren, esaterako, gazte baten argazkia agertu zen, asto baten hozkadak aurpegia deformatua.
Baina miraririk garrantzitsuena 1638ko irailean gertatu zen. Hondarribiako defentsan, ehunka lizarratar hegalik arriskutsuenera bidali zituzten borrokatzera. Beren biziaz kezkaturik, Ama Birjinari gomendatu ziren. Orduan, Andre Maria hantxe agertu eta hitza eman zien den-denak onik eta osorik itzuliko zirela hirira. Promesa hura bete zen eta, mirariaren esker onean, hiriak bere zaindari izendatu zuen. Horrenbestez, orduz geroztik handitu egin zen Ama Birjinarenganako debozioa.

Gaur egungo basilikako oinak eta estalkiak izar forma dute eta elementu hori ere apainketan eta altzarietan ageri da. Forma horri esker, bai eta beirate asko erabiltzeari esker ere, arkitektoak barrenean birsortzea lortu du argi efektu bizi-bizia, Puyko Andre Mariaren irudiaren aurkikuntzaren unea gogora ekarri nahi duena.

Puyko Ama Birjinaren tailu gotikoa

Eserita dagoen Puyko Andre Mariaren irudi bat ikusiko dugu elizan. Ama Birjin hori hiriko zaindaria da San Andresekin batera. Estilo gotikoari jarraiki egindako tailua da, XIII. mendearen azken herenekoa edo XIV.aren hasierakoa, zur polikromatuan landua eta zilarretan bildua. Buru gainean koroa urreztatua du eta oinetan, berriz, ilargi erdia. Bi pieza horiek XVII. mendekoak dira. Amaren eta Semearen aurpegia biribildua da, eta biak daude lasai eta irribarretsu.

Puyko Andre Maria kutxa batean gorde zen XVIII. mendera arte. Handik aurrera, erretaula batean jarri zuten. Kutxa horretatik, zurezko atea baizik ez da kontserbatu, eta bi aldeetatik margotua dago; kanpoaldean apostolu guztiak ageri dira urre gainean margoturik, eta barnealdean, berriz, Deikundea irudikatua dago.

Puyko basilikaren barnean ere Kristo gurutziltzatuaren bi irudi nabarmen daude, biak XVII. mendean egindakoak.

Tenpluan lore eskaintzak egiten dira maiatzaren 25ean, Puyko Andre Mariaren jaiaren karira, eta herriko festetan ere bai. Festak abuztuaren lehen igandearen aurreko ostiralean hasten dira San Andresen eta Puyko Andre Mariaren ohoretan.
[+ ikusi fitxa osoa]

Kokapena

Ordutegia

Otoño: de lunes a domingo, de 8:00 a 18:00. **Misas: Sábados, a las 7:25. Domingos y festivos, a las 13:00.

Invierno: de lunes a domingo, de 8:00 a 13:00 y de 16:00 a 20:00. **Misas: sábados, a las 7:25. Domingos, a las 13:00.

PREZIOAK

Oharrak: entrada gratuita.

Bisita gidatua

Enpresa kudeatzailea:

Navark 948 553 954 - 948 550 070.

Nahiaz 948 107 632 - 609 372 816.

Ordutegi, data eta prezio orientagarriak. Entitate arduradunarekin baieztatzea aholkatzen da