Antolatu bidaia

Hilobi Santuaren Eliza

Elizak eta baselizak

Multimedia

Hilobi Santuaren Eliza
Iglesia del Santo Sepulcro
Iglesia del Santo Sepulcro

Meteorologia

Hilobi Santuaren Eliza
Lizarra Donejakue bidearen gune nabarmena da Nafarroako Erdialdean. Horregatik, hirian badira kulturan eta ekonomian gertatu zen XII. mendeko goraldiak sorrarazitako eraikin erlijioso ugari. Horietako bat, Hilobi Santuaren eliza, bukatu gabe gelditu zen. Orain, bisitariaren irudimenak Erdi Aroan murgildu beharko du eraikin hori berreraikitzeko. Atari harrigarria du, Nafarroako eskultura gotikoaren adibiderik hoberenetakoa. Atari horretan eskultore saiatuek apostoluak fintasunez landu eta Jesusen bizitzako hainbat irudi orijinaltasunez kontatu zituzten.

Hilobi Santuaren eliza ibaiaren aurrean dago zut, Lizarrako Curtidores kalearen mutur batean, lehenago Erromesen rua edo karrika deitzen zena. Eliza itxita dago 1881etik hona, eta barnera sartzerik ez badago ere, atariaren edertasunak bisitari asko erakartzen ditu.

Tenplua XII. mendean hasi ziren eraikitzen. Lanak, ordea, XIV.ean eten eta bukatu gabe gelditu zen hasierako proiektu handinahi hura, hiru nabeko eliza eraikitzeko, Ruako San Pedro, San Joan edo San Migel elizen antzera, hirurak erromanikoaren bukaeran Lizarran eraikiak.

Hilobi Santuak hainbat garaitako arkitektura osagaiak ditu bere baitan. Horrela, Ebanjelioaren nabeko absidea erromanikoa da, XII. mendearen bukaerakoa. XIV. mendean, erdiko nabeko burualdeak eraikitzen hasi ziren, bai eta Epistola ere, abside pentagonalen bitartez. Lana, ordea, bukatu gabe gelditu zen, bereziki oinean eta Epistolako nabearen estalkian.

Nabe bakarra bukatu zuten, Ebanjeliokoa. XIII. mendearen bukaerako fatxada gotikoa du, baina XIV. mendearen lehen erdiko ezaugarriekin. Fatxadan atari handia nabarmendu behar da, hau da, elizak duen gauza baliotsuena, Nafarroako eskultura gotikoaren adibiderik hoberenetakoa.

Ibilbidea atarian barna

XIV. mendeko ataria Erromesen ruari begira dago. Fatxadaren goiko aldean arkutxo trilobulatuz osaturiko galeria bat dago. Guztira, 12 arkutxo dira eta beren horma-hobietan apostoluak ikusiko dituzu.

Tinpanoa hiru zerrendetan banatua dago eta Jesusen bizitzako irudi batzuk kontatzen ditu. Goikoan, Kristo gurutziltzatua dago, soldaduz inguraturik, eta Maria eta San Joan ere ageri dira. Muturretan lapurrak ikusiko dituzu.

Erdiko zerrendan hiru eszena daude ezkerretik eskuinera. Lehenbizikoan kontatzen da hiru Mariek Jesusen hilobira egindako bisita. Hilobi gainean aingeru bat dago eta oinetan, berriz, lo dautza hiru soldadu. Erdikoan Jesus infernuetara jaitsi zeneko unea ageri da. Infernua herensuge baten ahoarekin dago irudikatua. Ahotik lau arima agertzen dira bi deabruren begiradapean. Hirugarren eszenan, azkenik, Jesus Maria Magdalenari agertu zitzaioneko pasartea ageri da.

Azpiko bandan azken afaria kontatzen da. Esan behar da pertsonaien simetria zorrotz-zorrotza dela. Bestalde, mahaiaren perspektiba modu bitxian aldatua dago ikusleak baxera ikusteko aukera izan dezan.

Ateburuan ustez judutarrak diren bi busto ageri dira. Azkenik, ateak arku zorrotza du, hamabi arkiboltatan txaranbeldua. Kapitelak oso apainduak daude eta kolomatxoetan bermatuak. Alde banatan mukulu biribileko eskultura bi daude: Santiago, Donejakue bideko abituarekin, eta Tourseko San Martin, apezpikuz jantzia eta bedeinkatzen ari dela.

Hilobi Santutik abiatuta, aukera izanen duzu ibilbide bat egiteko, Lizarrako beste leku interesgarri batzuk ikuste aldera, esate baterako: Santo Domingo komentua, Santa Maria Jus del Castillo izeneko eliza, Kartzelako zubia, Ruako San Pedro eliza eta Nafarroako errege-erreginen jauregi erromanikoa.
[+ ikusi fitxa osoa]

Kokapena

Ordutegia

Todo el año: cerrada desde 1881. Sólo es posible ver el exterior de la iglesia.

Bisita gidatua

Enpresa kudeatzailea: concertar con  Navark o Nahiaz.

Ordutegi, data eta prezio orientagarriak. Entitate arduradunarekin baieztatzea aholkatzen da