Zangozako Alfontso Borrokalariaren kalean kokatua, Ongai-Vallesantoro jauregia eraikin barrokoa da, XVII. mendearen bukaeran egina. Aspaldian, Vallesantoroko markesen egoitza izan zen. Zangoza Nafarroako Erdialdean dago.
Jauregia eraikitzeko teknikari erreparatuta, beheko solairua silarrizkoa da eta gaineko solairuak, berriz, adreiluzkoak. Eraikinaren alderik gorenean teilatu-hegal ikusgarria dago, familiaren boterearen eta garrantziaren erakusgarri. Beraz, beheko solairua sendotasun handikoa da. Eraikitzeko modu hori Zangoza osora zabaldu zen 1787ko uholdeek hiria errotik hondatu ondoren. Izan ere, ohartu ziren ezaugarri horretako etxeek soilik egin ziotela aurre uren oldarrari.
Vallesantoro jauregiak hiru solairu ditu. Era berean, sinpletasun handiko
fatxada churriguerescoa du eta edertasun handiko atari buruduna ere bai. Atarian
salomondar zutabeak ageri dira, bai eta eguzki eta sirena itxurako apaingarriak ere. Goiko solairuetan bina balkoi daude, balaustradadunak, horma-besoen gainean. Begiratu arretaz
familiaren armarri ikusgarria, zutabeen artean landutakoa. Horren gainean frontoi triangeluarra dago.
Barrokismoarekin batera,
Mexikoko eta Peruko arte kolonialaren apaingarri batzuk ere ageri dira eraikinean. Fatxadaren buruan Nafarroako teilatu-hegal ikusgarrienetakoa dago, zurezkoa. Zur ilun horretatik 13 irtenune ateratzen dira eta hainbat gauza irudikatzen dituzte: animalia fantastikoak giza buruak harrapatzen ari direla, loreak, fruta exotikoak, indiarrak eta irudi groteskoak, zugan zirrara handia sortuko dutenak.
Denboraz ongi bazabiltza, sar zaitez jauregian eta ibili
barneko eskaileran. Eskailerak balaustrada oparoa du eta hainbat zutaberen gainean bermatua dago. Zutabe ildaskatuak, bihurrikatuak eta salomondarrak dira eta kapitelak, berriz, doriarrak eta joniarrak. Litekeena da barnealdean
kultur jardueraren bat aurkitzea, kultur etxearen egoitza baita. Horregatik, jauregi barnean kultur etxearen programazioaren zati bat egiten da urte osoan. Gainera,
Cultur programaren ohiko egoitzetako bat da.