Antolatu bidaia

Pitillasko aintzira

Lakuak eta urtegiak

Eguraldia

Pitillaseko Aintzira
Zikoinak, antzarak, arabazozoak, murgil handiak, txori zezenak, zingira-mirotzak, erlatxoriak, ainarak... ehunka hegazti gozo-gozo doaz hegan Pitillasko Aintziran. Naturak oparitu digun mosaiko ederra da eta koloreek, mugimenduek eta soinuek lasaitasunez beteko ditu zure zentzumen guztiak.

Naturgune hau Nafarroako Erdialdean dago Iruñetik 60 kilometrora eta Pitillastik hirura. Erreserba Naturala da, Hegaztien Babesgune Berezia eta Nazioarteko Hezegune Garrantzitsua, ekologiaren aldetik duen balio handiaren erakusgarri. Hiru bidexka autogidaturen bitartez, aukera izanen duzu 216 hektareako urtegi natural hau ezagutzeko.

Gainera, behatoki bat duzu, eta bertan material grafikoa eta ikus-entzunezkoak dituzu aintziraren ezaugarri naturalak ezagutzeko; izan ere, behatoki ezin hobea da hegaztien mugimenduak ikusteko.

Zatoz eta estepa-laku honek bere baitan gorde dituen sekretuak aurkituko dituzu. Era horretako aintziren ipar muga da Iberiar Penintsulan eta hegazti gehien biltzen duen eremuetako bat ere bai.

Uxueko mendiaren magalean, Pitillastik 3 kilometro hego-ekialdera, estepa moduko paisaiaren erdian ageri da Pitillasko aintzira, Nafarroako urtegi naturalik handiena: 216 hektarea ditu luze-zabaleran eta gehienez hiru metroko sakonera. Errepide asfaltatu batetik ikusten da eta, haraino iristeko, Pitillas pasa eta pista bat hartuko dugu 4. kilometroan.

Erreserba natural hau ehun bat espezieren aterpea da, hau da, Nafarroan dabiltzan hegazti espezie guztien herena ia. Horrek esan nahi du Nafarroako bigarren urtegi naturala dela hegazti habiagileen aniztasunari dagokionez, eta lehenbizikoa, berriz, hegazti migratzaileen pausalekuari dagokionez.

Berez sortutako aintzira da, baina mendez mende giza jarduerak aldarazia. Aspaldian, ureztapen-ura gordetzeko erabili zen, eta XVI. mendean presa bat eraiki zitzaion. Hirurogeiko hamarkadan, inguru hori lehorrarazi zuten nekazaritzarako erabiltzeko, baina gazitasun handiko bazter idor-idorra denez, 1976tik hona lehengoratzen utzi dute, berezko bilakaeran.

Uxue mendiko errekek dakartzaten urek hornitzen dute aintzira, eta lezka hostoestuak eta lezkak hazten dira gehienbat. Baina naturari begira, han dabiltzan hegazti taldeek ematen diote garrantzia. Makina bat hegazti negutar ikusiko dituzu, besteak beste: basahatea, ipar-ahatea, ahate txistulariak, ahate mokozabalak, murgilari arruntak, zertzetak, zingira-mirotzak, mirotz zuriak eta antzarak.

Lezkadian habia egiten dute martxotik ekainera, koartza hauskarek eta gorriek, basahateek, ipar-ahateek, kopetazuriek eta zingira-mirotzek. Baina txori zezenak, hegaberak, zankaluzeak eta lezkari karratxinak ere asko eta asko badabiltza. Era berean, badira hegaztiek jaten dituzten anfibioak, narrastiak eta intsektuak, eta han ere erbinudeak, azkonarrak, katajinetak, azeriak eta basurdeak bizi dira.

Hegaztien behatokia muino baten gainean dago eta handik oso ongi ikusten da aintzira. Behatokian badira panelak, material grafikoa eta ikus-entzunezkoak, aintziraren ezaugarrien berri emateko.

Halaber, prismatikoak eta teleskopioak ditu hegaztiak identifikatzeko, eta 3 ibilbide autogidatuak egiten lagunduko dizuten gidaliburuxkak ere bai. Lehenbizikoak kilometro bat du eta aukera emanen dizu hezegunearen hegaztiak eta landareak ezagutzeko; bigarrenak 5 kilometro ditu eta aintzira urez hornitzen duten errekak erakusten ditu; hirugarrenak, azkenik, lakua eta Pitillas lotzen ditu 3 kilometroko ibilbidean.

Edozein urtaro ona izaten da naturgune hau ikustera joateko; baina hegaztiak ikusi nahi badituzu, komeni da neguan joatea; bestalde, martxotik ekainera komenigarria da bestelako ibilbideak egitea, hegaztiei eta beren txitei trabarik ez sortzeko. Udaberritik abuztura, koartza gorrien hegaldi dotoreez gozatzeko parada izanen duzu, bai eta haien lumaje gorriztaz eta belzkaraz ere. Bitartean, maiatzeko ilunabarretan, txori zezenen marru sakona entzunen duzu.

Eguna naturaren baitan pasa ondoren, bada zer ikusi inguruan: Erriberriko gaztelua, Olivako monasterioa edo Uxue, hots, Erdi Aroko herri xarmangarria, non artzain-apurrak jateko aukera izanen duzun.
[+ ikusi fitxa osoa]

Kokapena

Ordutegia

Todo el año: acceso libre a la laguna.

PREZIOAK

Oharrak: acceso gratuito.

Oharrak

No está permitida la presencia de perros ni de animales domésticos.

Ordutegi, data eta prezio orientagarriak. Entitate arduradunarekin baieztatzea aholkatzen da

Informazio praktikoa