Antolatu bidaia

Andre Mariaren Eliza

Elizak eta baselizak

Eguraldia

Andre Mariaren Eliza
Erriberriko Andre Mariaren Eliza Nafarroako eraikuntza gotikorik garrantzitsuenetakoa da. Bere artearen edertasuna bere historia bezain interesgarria da. Errege jauregiari atxikia, Nafarroako errege-erreginek ospakizun handi eta hotsandiko ekitaldietarako erabili zuten. Jauregi hori errege Karlos III.a Prestuaren egoitzarik gogokoena izan zen. Elizaren fatxada apainduriaz beteta dago, eta oso nabarmena da Parisko Nôtre Dame elizako tailerren eragina. Horregatik, fatxadaren aurrean gelditu eta arreta atariko kontakizunetan pausatuko duzu. Tenpluak nabe bakarra dauka, eta, barnean, Ama Birjinaren tailu gotikoa buru duen errenazimenduko erretaula dago, bai eta Heriotza Oneko Kristoren irudi gotikoa ere.

Andre Mariaren eliza Erriberrin dago, Nafarroako Erdialdean. Erdi Aroko herria da, eta izen bereko merindadeko herriburua. Eliza eraikin gotikoa da. XII. mendean hasi ziren eraikitzen eta XIV. mendearen hasieran bukatu zuten.

Fatxada Nafarroako eskultura gotikoaren multzorik adierazgarrienetakoa da. Apainduriaz bete-betea badago ere, oreka handia eta finezia dario. Hainbat maisuren lana agerian dago, bai eta Parisko tailerren eragina ere. Nafarroan, antzeko eredua dute Lizarrako Hilobi Santuak eta Artaxoako San Saturninok.

Arrosa leiho handiaren azpian, atari handia zortzi arkiboltaz osaturik dago, eta horietako bakoitza oparo eta jori apaindua dago landare motiboekin. Otoitzean ari diren bi irudi ikusiko dituzu orbelean, biak errezel txikien azpian; ziurrenera, Nafarroako Joana I.a eta bere senarra dira, Frantziako errege Felipe Ederra, alegia. Nafarroako errege-erreginak ziren ataria eraiki zen garaian.

Tinpanoan Ama Birjina ageri da irribarretsu eta eserita Haurrarekin, eta, halaber, badira Jesusen bizitzako hainbat pasarte: Deikundea, Kristoren jaiotza, Errugabeen lepo moztea, Egiptora egindako ihesa, Aurkezpena tenpluan eta Kristoren bataioa. Errealitatea eta sinbolismoa nahastu egiten dituen irudia gozatuko duzu ateburuan: arte baten gainera igota dagoen gizonarekin batera ageri baita kornamusa jotzen ari den izaki hibridoa, bai eta lauoineko irrigarria ere, beste pertsonaia batzuen artean. Ikonografiaren aberastasunak segida du atearen alde bietan. Zehazki, apostoluen bizitzari buruzko erliebeak ikusiko dituzu arku sailetan kokatuak.

Sar zaitez tenpluaren barrenera. Nabe bakarra dauka, eta han eraikinaren beste altxor baliotsua agertuko zaizu: errenazimenduko estilori jarraiki egindako erretaula nagusi bikaina. Ama Birjina eta Haurra dira erretaula buru, hots, XIV. mendeko tailu gotiko ederra da, Frantziako eragina jaso zuen nafar estiloan egina.

Elizan Heriotza Oneko Kristoren irudia gurtzen dute. XIV. mendeko lan gotikoa da hori, irudi duenez desagertutako San Lazaro elizatik datorrena. Gurutziltzatu horren aldeko debozio handia dago herrian; dramatismo handiko irudia da, eta herriko festak haren ohoretan egiten dira.

Eliza bisitatu ondoren, Erriberriko errege jauregia zain izanen duzu, hau da, Europako gaztelu gotikorik nabarmenetakoa. Halaber, herriko kale bihurriak egonen dira zure zain, Erriberrik Erdi Aroan izan zuen distiraren erakusgarri.
[+ ikusi fitxa osoa]

Kokapena

Ordutegia

Otoño:

  • Septiembre y octubre: de lunes a viernes, de 11:00 a 13:00 y de 16:00 a 18:00. Sábados, de 11:00 a 13:30 y de 16:00 a 18:30. Domingos, de 12:00 a 13:00 y de 16:00 a 18:30.
  • Noviembre: de lunes a viernes y domingo, de 12:00 a 13:00. Sábados, de 11:00 a 13:00 y de 16:00 a 17:00.
  • Diciembre: de lunes a viernes y domingo, de 12:00 a 13:00. Sábados, de 11:00 a 13:00.

Invierno:

  • Diciembre: de lunes a viernes y domingo, de 12:00 a 13:00. Sábados, de 11:00 a 13:00.
  • Enero y febrero: consultar.

PREZIOAK

Precio entrada: 1,50 €

Ordutegi, data eta prezio orientagarriak. Entitate arduradunarekin baieztatzea aholkatzen da

Informazio praktikoa