Antolatu bidaia

San Gregorio Ostiakoaren Basilika

Elizak eta baselizak

Multimedia

San Gregorio Ostiakoaren Basilika
Basílica de San Gregorio Ostiense

Meteorologia

San Gregorio Ostiakoaren Basilika
Lizarratik Los Arkoserantz doan Donejakue bidetik hurbil dago San Gregorio Ostiakoaren basilika, hau da, Nafarroako barrokoaren multzorik bikainenetakoa. Ostiako apezpiku San Gregorioren ohoretan eraikia, harritu eginen gaitu mendixka gainean duen itxura bikainak eta txunditu oparo eta jori apaindua dagoen atari aberatsak. Tenpluaren barnealdean, berriz, kupulak liluratuko gaitu. Kupulatik argi izpi handia jaisten da eta, horren eraginez, gurutzadura leku ikusgarria da, antzerki airea dariona, estetika barrokoarekin bat.

Inoiz pentsatu al duzu nondik datorren "San Gregorioaren burua baino ibiltariagoa zara" esaldia? Segi irakurtzen eta jakinen duzu nondik heldu den.

San Gregorio Ostiakoaren basilika Sorlada herritik hurbileko mendixka batean dago zut, Lizarratik 20 kilometro hego-mendebaldera, Nafarroako Erdialdean. Kokaleku horretatik ikuspegi zoragarria dago eskualde osorantz. Horrela, aukera izanen dugu Berrotza eta Egaibar, Kodes mendia, Lokiz mendia, Andia mendia, Monjardin eta Jurramendi ikusteko.

Ziurrenera, San Gregorio Santiagora oinez joandako lehenetariko ibiltaria izan zen. Bere bizitzako azken urteetan iritsi zen Iruñeko erresumara Aita Santu Benedikto IX.ak bidalia eta, Donejakue bideak zuen garrantziaz jabeturik, buru-belarri aritu zen zubiak eraikitzen, esaterako, La Calzadakoa eta Burgoskoa. Halaber, kardinal eta Ostiako apezpiku honek apeztu zuen Santo Domingo de la Calzada izeneko fraidea.

XIII. mendean santuaren hilobia aurkitu ondoren eraiki zuten hasierako eliza, baina geroago egin zizkioten berrikuntzek sekulako tenplua sortu zuten, handi-handia. Egungo basilika altxatu zuten XVII. mendearen bukaeratik aurrera eta XVIII.aren puska handi batean. Hasieran, nabea, ataria eta dorrea eraiki zituzten. Fase rococoa, berriz, XVIII. mendearen azken laurdenekoa da, eta ordukoak dira gurutzadura eta burualdea kaperatxoarekin batera. Azkenik, 1831 aldean, nabearen apainketa berritzeari heldu zioten estilo neoklasikoari jarraiki. Era berean, oinetako korua goratu zuten.

Kanpoaldean, silarrizko horma sendoak ageri dira eta horma-bularrak, berriz, Ebanjelioaren aldean, bolumen joko interesgarriz osatua. Baina multzo osoan, atari ikusgarriari dario berezko distira, Epistolaren horman kokatua. Basilikako lehen lan barrokoa da eta hurbil dagoen Vianako Andre Mariaren ataria hartu zuten oinarri. Abside-egitura du, bai eta salomondar zutabez osaturiko bi gorputz ere, eta esfera laurden bat ageri da goialdean. Arkitektura estaltzen duen apainketa joriak aberastasun handia ematen dio, bai eta ikusgarritasun handia ere. Azken finean, harrizko erretaula handia ematen du. Lehen gorputzeko horma-hobietan San Pedroren eta San Pauloren eskulturak daude eta bigarren gorputzeko erdikoan, berriz, San Gregorio Ostiakoaren irudia. Gorputz horretako horma oihaletan santuaren historiari lotutako bi erliebe ageri dira.

Tenpluaren barnealdean ageri diren horma pinturek San Gregorioren trebetasuna azaltzen digute eskualde honetan gertatu zen XI. mendeko izurritearen aurka. Eta, alde handiz, gauzarik nabariena da burualdeari darion hirusta-formako egitura. Gainean, estilo rococoari jarraiki egindako kupula oktogonal ikusgarria dago, gurutzaduraren gain-gainean zehazki, presbiterioari argitasun eszenografikoa ematen diona.

San Gregorio Ostiakoaren santutegia izateko arrazoia santuaren erlikia bera da. Zehazki, bere burezurra da, zilarrezko txapaz landutako estalkiaren barnean kontserbatzen dena. Elezaharraren arabera, XI. mendeko fraide beneditar honek -San Gregoriok- Nafarroa libratu zuen erresuma hondatzen ari zen larrapote izurritetik. Basilikan lurperatua, laster bilakatu zen larrapotearen, landare zorriaren eta beste intsektu batzuen kontrako babesle. Hortik heldu da erlikia herriz herri eramatearen ohitura. Ura buru horretatik pasarazi eta gero, soro eta alorretan botatzen da uzta ona ziurtatzeko. Hortik dator arestiko esaldia: "San Gregoarioren burua baino ibiltariagoa zara".
Maiatzean, igandero, Egaibarko herriak eta Los Arcos erromerian joaten dira santutegiraino. Ondoren, inguruetan bazkariak antolatzen dituzte.

San Gregorioko monolitoak

Bazter eder-ederra ikusi eta gozatu nahi baduzu, leku apartatuan baina basilikatik hurbil, monumentu natural harrigarri batzuk altxatzen dira lurrean bertan. Mendixkan barreiaturik dauden harrizko dorre handi ikusgarriak dira, Pazko uharteko Rapa Rui estatua ezagun eta misteriotsuak gogora ekartzen dizkigutenak.

Monolitorik deigarriena elizatik kilometro batera dago, lautada baten atzean. Haraino iristeko, segi bost minutuz basilikako aparkalekutik abiatzen den bidexka. Ez dakigu zerk sortu duen. Iduri dezake giza eskuak zakarki landutako lan bukagabearen hasiera dela. Izan ere, zaila baita sinestea 20 bat metroko altuera duen harri puska izugarri hori naturak berak sortu izana.
[+ ikusi fitxa osoa]

Kokapena

Ordutegia

Verano:

  • Horario habitual: sábados, de 10:30 a 13:30 y de 16:00 a 19:00.
  • Resto de horarios: contactar con el Presidente de la Cofradía de San Gregorio Ostiense, José Luis 608 967 554.

PREZIOAK

Oharrak:se acepta la voluntad.

Ordutegi, data eta prezio orientagarriak. Entitate arduradunarekin baieztatzea aholkatzen da

Informazio praktikoa

  • Herria SORLADA
  • Zonaldea Erdialdea
  • Telefonoa 948534015 - 608967554
  • Estiloa Barrokoa