Antolatu bidaia

Xabierko Gaztelua

Gazteluak/Jauregiak

Eguraldia

Xabierko Gaztelua
Almenadun dorreek marraztutako irudiak zeruertza moztu eta, horrekin batera, Xabierko gaztelura iritsi garela iragartzen digu, hau da, San Frantzisko Xabierkoaren sehaskara. Xabier Nafarroako eta misioetako zaindaria da, bai eta Espainiako turismokoa ere.

Nafarroako Erdialdean, Zangozatik 8 kilometrora eraikia dago Erdi Aroko gotorleku hau, arroka biziaren gainean altxatua. Urtero, martxoaren hasieran, milaka nafarren jomuga izaten da "Xabierraldia" esaten zaion herri erromesaldi ezagunean.

Zubi altxagarriak dorrez, ziegaz, matakanez, kanoi-zuloz eta gezileihoz beteriko munduan barneratuko zaitu, eta aukera ere emanen dizu San Frantzisko Xabierkoaren jaiolekua (1506) eta bizitokia ezagutzeko. Xabierrek Jesusen Konpainiaren sorreran parte hartu zuen eta misiolaririk unibertsalenetako bat da.

Zaragoza probintziako mugaren ondoan, Xabier izeneko herri txikiaren alderik gorenean, hantxe dago zut Xabierko gazteluaren irudi sendoa, Nafarroako zaindariaren sortetxearen irudi sendoa, alegia: San Frantzisko Xabierkoa.

Gazteluak X. mendearen azken aldean du jatorria. Izan ere, garai hartan, seinaleak egiteko dorre bat eraiki zuten, hots, omenaldi-dorrea esaten zaiona. Kokaleku estrategikoa zen hura, Nafarroako eta Aragoiko erresumen artean. Bada, horrek eraginik, areagotu egin zen bere gotorleku tankera eta, ondorioz, dorre horren inguruan eraiki ziren gazteluaren atal guztiak.
 
1516an, ordea, Cisneros kardinalak agindurik, gaztelua hein batean suntsitu eta, XIX. mendearen bukaeran -gotorlekuaren ondoan-, Xabierko basilika eraiki zuten. 1952an, zaharberritze lanek bere hasierako itxura itzuli zioten gazteluari eta, gaur egun, defentsak eta egiturak (kanoi-zuloak eta gezileihoak) mantentzen ditu. Egia esan, gutxi dira gaur egun halakoak mantentzen dituzten gazteluak.

San Frantzisko Xabierkoaren bizitzaren gain
 
Frantzisko Xabierkoa familia noble batengan jaio zen, eta Joan Jatsukoaren eta Maria Azpilkuetakoaren seigarren semea izan zen. Xabierren aita gizon garrantzitsua zen Nafarroako erresuman. 19 urtetan, Frantzisko Parisera joan zen Sorbonako unibertsitatean ikasteko eta han San Ignazio Loiolakoa ezagutu zuen. San Ignaziorekin batera sortu zuen Jesusen Konpainia.
 
Orduan lotu zitzaion munduko bazterretan Berri Ona erakusteari. Hura 11 urteko ibilbide gorabeheratsua izan zen Afrikako eta Asiako hamaika herrixka eta hiritan barrena, harik eta 1552ko abenduaren 3an biriketako minak jota hil zen arte, noiz eta Txinako inperioan sartzeko zorian zegoenean. 46 urte zituen. Bost mende geroago, ibili zen leku guztietan mantentzen da bere bizitza eta lanaren arrastoa, eta bere sorlekuan, Nafarroan, egiazki maite dute, egiazki gurtu eta miresten dute.

Xabierraldiak
 
Martxoko lehen bi asteburuetan erromesaldi ezaguna egiten da Xabierko gaztelura. Xabierraldia deitzen zaio eta Nafarroa osoko milaka lagunek dozenaka kilometro oinez egiten dituzte Santua gurtzeko. Usadio horren sorrera 1886koa da. Izan ere, San Frantzisko Xabierkoari laguntza eskatu zitzaion, Nafarroa hondatzen ari zen kolera izurriaren kontra. Izurriak atzera egin zuen eta, esker onean, Xabierrera erromes joatearen promesa gauzatu zen.

Ibilbide bat Xabierko gazteluan barna
 
Atarian hasiko gara, gazteluko ate nagusia gurutzatuta. Bertan harrizko erliebe bat nabarmendu beharra dago, aingeru eusleek bereizitako hiru armarri dituena. Familiaren armarriak dira. Zalditegietara joan eta sotora jaitsiko gara, aspaldian upeltegiak egon ziren lekura, alegia.

Diorama ibilbide laburrak gonbit egiten digu santuaren bizitzari buruzko zertzeladak ikustera. Jarraian, gaztelu zaharraren gauzakiak, Santuaren oroigarriak eta behinolako eraikinaren maketa ikusgai dauden solairura iritsiko gara. Museo hau hiru ataletan banaturik dago: eraikinaren historia, Xabier eta Nafarroa historian, bai eta pinakoteka ere. Azken horretan, Maes pintorearen margolan flandestarrak nabarmendu behar dira. Azkenik, arrapala batek gazteluko gainerako aretoetara eramanen gaitu.

Armarrien gelan hasiko dugu bisita, Frantziskoren gurasoen armarrien bidez apaindua dago, bai eta bere leinuaren zuhaitz genealogikoaren bidez ere. Harrizko atea zeharkaturik, gela nagusian edo handian sartuko gara. Harrera egiteko lekua eta familiaren bizitokia zen hura. Toki horretatik gora segituko dugu Unduesko dorrearen eskaileretatik harik eta gotorlekuaren defentsarako erronda-pasabideraino iritsi arte. Erronda-pasabideko matakanetik ohikoa izaten zen erasotzaileei harriak eta olio irakina botatzea.

Kaperauen gelak utziko ditugu ezkerretara -gaur egun, otoiztegia- gazteluaren hasierako gunera ailegatzeko. Omenaldi-dorrearen inguruan dauden bi gela dira. Dorrea era horretako eraikuntzarik zaharrena da Nafarroan. Eskuinekoa San Frantzisko Xabierkoaren gela izan zen eta ezkerrekoa, berriz, San Migel kapera, hau da, gazteluak izan zuen lehendabizikoa. Atera zaitez aldameneko terrazara, gazteluaren kokaleku estrategikoaz ohartzeko, bai eta ikuspegi zoragarriak gozatzeko ere: iparraldera, Leire mendia; mendebaldera, Aragoi ibaiaren ibarra; ekialdera, Aragoiko muga; eta hegoaldera, azkenik, plaza eta Castellar izeneko dermioa.

Berriro dorrearen oineraino jaitsi eta pasabide batek gazteluko atondora eta Kristo Sainduaren kaperara eramanen gaitu. Burdin sare baten bidez, Xabierko Kristoren irudi gotiko ikusgarria aurkituko dugu. XVI. mendeko tailua da, intxaur zurean egindakoa. Tradizioaren arabera, irudi horrek odola izerditu zuen Santua Sanzianen hil zorian zegoela. Herio-dantza irudikatzen duen Erdi Aroko fresko-lan dramatiko batez inguraturik dago. Herio-dantza irudikatzen duen lan gotiko bakarra da Espainian.

Arma-patiora eramaten gaituzten eskailerak jaitsi eta poternatik aterako gara. Gure oinetan, eskailera zaharra dago eta, ezkerrean, gazteluaren egitura hausten duen eraikina, hau da, XIX. mendean eraikitako basilikaren horma. Leku hartan jauregi berria eraikiarazi zuten Frantzisko Xabierkoaren gurasoek, hots, Santua jaio zen tokia. Gure ibilbideari abiapuntuan bertan emanen diogu amaiera, atarian, alegia.

Eta gazteluaz gainera

Behin gazteluko bisita bukatuta, ikus ezazu Basilika eklektikoa. Bere fatxadan Xabierren bizitzari lotutako gaiak ageri dira.

Santuaren jaiotzaren V. mendeurrenaren karira, erabilera anitzeko esparru bat eraiki da -Frantzisko Jatsukoaren gela- 1.300 lagunentzako tokia duena. Halaber, Georg Schurhammer erakusketa gela. Bertan ikusgai dago Frantzisko Xabierkoaren biograforik handienaren artxibo pertsonala, bereziki Erromatik ekarritakoa.
[+ ikusi fitxa osoa]

Kokapena

Ordutegia

Otoño:

  • Hasta el 30 de noviembre: todos los días de 10:00 a 18:30*. (*)Cierre taquilla.
  • Día 25 de octubre, de 14:00 a 18:30*. (*)Cierre taquilla.
  • Del 31 de octubre al 30 de noviembre: todos los días, de 10:00 a 17:30*. 
  • A partir del 1 de diciembre: todos los días, de 10:00 a 16:00*. (*)Cierre taquilla.

PREZIOAK

Precio entrada: 2,75 €

Oharrak: precios especiales para jubilados y otros colectivos.

Bisita gidatua

Bisitaren prezioa: adultos: 3,25€. Niños: 1,75€.

Enpresa kudeatzailea: Guias del Castillo de Javier, 948 884 024.

Ordutegi, data eta prezio orientagarriak. Entitate arduradunarekin baieztatzea aholkatzen da