Antolatu bidaia

Ultzama Ibarra

Ibarrak

Eguraldia

Ultzama Ibarra
Mendian oinez ibili, milaka urteko oihanean galdu, haritzen artean golfean aritu, zaldiz ibili edo gaztanbera (mamia) goxo horietako bat dastatu... Bada, inon egin al daiteke hori guztia batera? Bai, berdetasunaren hamaika tonuk mila ñabarduraz zipriztintzen dituzten belar-soroz eta oihanez beteriko ibar gozo batean; ibar horretako herri guztietan badaude etxe handiak eta lorez mukuru jantzitako balkoi zabalak, eta denak dira pintzelak arretaz eta fineziaz trazatu dituen herri txikiak. Horra Ultzama, Nafarroako txoko lasaia. Bere paisaiek liluratuko zaituzte eta bere sukaldaritza bikainak bete eginen zaitu, bertako haragi eta zizak goxoak dastatzerakoan.

Ultzama izeneko ibarra Iruñetik 25 kilometrora dago, Nafarroako ipar-mendebaldean. Larraintzar da bere herri nagusia. Ametsezko ibarra da, nonahi daude belar-soro berdeak, hariztiz eta pagadiz inguratua dago, bai eta estetika txukun-txukuna duten herri txikiz zipriztindua ere. Merezi du herriz herri ibili eta bi isurialdeko teilatua duten harrizko etxe handiez ohartzea. Den-dena baita ikusteko modukoa: erdi-puntuko ateak, teilatu hegal handiak eta fatxada osoa hartzen duten balkoi zabalak.

Herri guztiek merezi dute bisita, baina denboraz estu bazabiltza, Eltsotik, Gerendiaindik eta Gelbentzutik Ultzamako eta Basaburuko ikuspegi ederrak gozatuko dituzu, eta ederki ere ikusiko dituzu Malloak eta Aralar mendia.

Lasaiago bazabiltza, ez galdu Zenotz, Eltso eta Gerendiaingo etxe armarridunak ikusteko aukera edo egizu ibilaldi bat Eltzaburuko eta Arraizko karriketan. Herri guztietan bada zer ikusi: elizarantz irekia dagoen Ilarregiko plaza, Iraizozko kaleak eskaintzen duen ikuspegia edo errekaz bi aldeetan lerro-lerro dauden etxeek Auzan osaturiko multzo ederra. Azken herri horretatik hurbil, Eltzabururako bidean, Ultzamako behortegiraino eramanen zaituen pista aurkituko duzu. 120 hektarea dira lasterketarako zaldi odol garbiak hazteko.

Ultzaman badaude arteari begira interesgarriak diren gauzak, esaterako, Urritzola-Galaingo eliza, Alkotzen dauden Belateko Ama Birjinaren irudiak eta Ilarregiko eta Larraintzarko bataiarriak. Labur esanda, inguru idilikoa, edozein urtarotarako jarduera bereziren bat eskaintzen duena: neguko hilabete hotzetan sutondoan atseden hartzea, udaberrian bor-bor dagoen bizia antzematea, udako hilabete epeletan zidor ugarietan barna ibiltzea edo udazkenak eskaintzen duen kolore sorta gozatzea.

Orgiko hariztia
Ultzaman bisitari bazabiltza, ez galdu Orgiko oihanean ibilaldi lasaigarria egiteko parada. Ibarraren hegoaldean dago, Lizasotik Eltso eta Gerendiain aldera doan errepidearen ondoan. Milaka urte dituen oihana da -80 hektareakoa- eta Nafarroako iparraldeko ibar hezeetan ugari zeuden hasierako hariztien lagin bakarra.

Aisiarako Natur Eremua izendatu zuten aniztasun handiko lekua delako. Ehunka urteko haritz kankudunak ditu, eta bere oihanpea sarria da, gorostiz, intsusa beltzez eta elorriz osaturikoa. Hariztian, bestalde, era askotako hegazti txikiak bizi dira.

Hiru natur ibilbide daude bisitariaren eskura, hirurek informaziorako panelak dituzte eta, guztira, 2,2 kilometro dira natur ingurune honetaz gozatzeko. Gainera, beste modu berezi batzuk daude han ibiltzeko, gurdiz, esaterako.

Ultzamako Parke Mikologikoa
Proiektu aitzindaria da hau, ibar emankor honetan (5.800 hektarea), ziza eta onddo bilketan masifikazioa eta gehiegikeriak saihestu nahi dituena. Zizazaleek biltzeko baimena izan beharko dute. 5 euroko kuota da, gehienez 8 kilo ziza edo onddo biltzeko.

Parke mikologikoak informazio gune bat dauka Alkotz herrian, eta bertan zonaldeko espezie jangarri ugarien gaineko informazioa emateaz gainera, bildutako guztiaren inguruko zalantzak argitzen dira.

Kirol jarduerak
Orgiko oihanaren barneko ibilaldiarekin batera, badira beste hiru bidexka hariztia Ultzamako beste toki batzuekin lotzeko: Orgi (8,4 km. eta oinez egitekoa); Amati (10,5 km. eta oinez egitekoa) eta, azkenik, Gurbil (18 km. eta oinez edo bizikletaz egitekoa).

Oinez ibiltzeaz gain, txangoak ere egin ditzakezu zaldiz Auzan edo Ultzamako Golf Klubean aritu, Eltso eta Gerendiainen. Javier Arana arkitektoak diseinatu zuen, hots, Espainiako golf zelai diseinatzailerik ospetsuenak. Zirkuitu osoan dauden haritzek jokalarien abilezia neurtzeko parada ematen dute. Horrexek ematen dio berezitasuna.

Belateko mendatea
Ultzama Baztanekin da mugakide iparraldean. Zehazki, Belateko mendateak zedarritzen du iparreko muga. Aspaldi-aspalditik, Belate komunikazio bide nabarmena izan da. Izan ere, mendate horretatik zihoan Iruña eta Baiona lotzen zituen Erdi Aroko bidea, bai eta Donejakue bidearen ibilbideetako bat ere. Horren lekuko dira erromesek erabilitako galtzada zaharraren arrastoak, XII. mendeko Santiago ermitaren aurriak eta Belateko Andre Mariaren monasterio-ospitale zaharberritua. 1165eko agiri batean dago monasterio horren lehen berria. Belatetik abiatzen dira Nafarroako mendietako biderik erakargarrienetako batzuk Gartzaga, Saioa eta Adi kaskoetarantz joateko.

Ultzamako festak eta gastronomia
Ekainaren lehen igandean, erromeria egiten da Iraizotzen, Santa Luzia ermitara. Baseliza Arañotz mendiko gailurrean dago, eta, egun horretan, jendea barreiatu egiten da hango zelai zabaletan bazkaria prestatu eta arratsalde atsegina pasatzeko.

Ultzamako bisita bururaino eramateko, ez da bertako haragi ospetsua, ziza goxoak, artisautza-eztia eta inguruko plater tipikoa -gaztanbera (mamia)- dastatzea baino gauza hobeagorik. Ardi esnearekin egiten da. Bada, harri gori-goria esnetan sartu eta horrek ematen dio gaztanberari bere zapore txigortu berezi hori, kizkel urrina esaten diotena. Postre goxo hori kaikuan zerbitza daiteke. Kaikua zurezko ontzia da eta jezteko eta esnea egosteko ere erabiltzen da.
[+ ikusi fitxa osoa]

Kokapena

Baimenak: 

Necesario para la recolección de setas. Solicitud de permisos: en el Punto de información micológico de Alkotz (948 305 300 / 671 814 005, info@parquemicologico.com)

Ordutegi, data eta prezio orientagarriak. Entitate arduradunarekin baieztatzea aholkatzen da