Antolatu bidaia

Aezkoa

Ibarrak

Eguraldia

Abaurrea - Aezkoa
Pirinioek babestuta, Aezkoa 12.000 hektareatik gorako baso berde zabala da. Bederatzi udalerri ditu, horien artean Nafarroako herririk gorena: Abaurregaina, Aezkoako balkoia.

Ibarreko erakargarritasun nagusia Iratiko ohiana da, Europako pagadi-izeidirik handienetakoa. Natura, garaiak Interes Kulturaleko Ondasunak -biltegi moduko landako eraikuntzak, aleak karraskariengandik eta hezetasunetatik babesten zituztenak -, leize ezkutuak, trikuharriak, ermitak, hilarriak... horiek guztiak ibarraren nortasun ikurrak dira.

Halaber, herri eder-ederrak nabarmentzen dira, teila gorriko etxeak dituztenak, baita harrizko zubiak ere, mendiz inguratuta eta estuki lotuta abeltzaintzari eta oihangintzari. Nafarroako Pirinioetako iragan industrialak arrasto berezia utzi du Orbaitzetako arma olaren aurrietan. Gerra garaietan, armak fabrikatu ziren han Karlos III.aren armadarentzat.

Nafarroako ipar-ekialdean, Aezkoa ibar piriniarra dago, ondoko herriek osatzen dutena: Garaioa, Aribe, Garralda, Aria, Hiriberri, Orbara eta Orbaitzeta, Abaurregaina eta Abaurrepea. Bai inguruneak bai herri arkitekturak liluratu egingo zaituzte. Erliebe berezikoa, sakanek eta mendiek eratutako egitura okertsua nagusi, han daude Nafarroako 10 herri garaienetatik 4. Horietako altuena Abaurregaina da, 1035 metrotan. Balkoi natural horretatik, Pirinioetako bista zoragarriak daude.

Eskualdea goitik ikusteko beste toki polit bat Ariztokiako behatokia da. Aribetik Orotz-Betelura doan errepidean dago, Aribetik 2 kilometrora, eta ikuspegi eder-ederra eskaintzen du Irati errekak eratu zuen ibar sakonaz, Beteluko harizti trinkoak babestuta (Europako haritz landugabeen basorik interesgarrienetakoa da hori). Behatokiez gain, beste erakargarritasun batzuk ere eskaintzen ditu ibarrak: Iratiko ohiana, garaien ibilbidea, arma ola edo hilarrien lorategia, besteak beste.

Iratiko oihana
Aezkoako gauza erakargarrienen artean Iratiko oihana nabarmendu beharra dago, hots, Europako pagadi-izeidirik handienetakoa. Guztira, 17.000 hektarea hartzen ditu luze zabaleran Aezkoako eta Zaraitzuko iparraldean, eta beti oso toki baliotsua izan da bere edertasunagatik eta dauzkan zur erreserbengatik. Hegazti ugariren habitata da: erregetxo bekainzuriak, mendi erregetxoak, txontak, txantxangorriak, etab.; gainera, badira azeriak, basurdeak, orkatzak eta oreinak. Udazkenean oreinen marrua entzuteko parada izaten da.

Iratiko oihanean hiru babesgune daude: Mendilatz eta Tristuibartea izeneko natur erreserbak, eta Lizardoiako erreserba integrala. Lizardoiak du interes ekologikorik handiena, pagadi eta izeidi tarte batzuk birjinak direlako. Zer esanik ez, inguru horretan ezin konta ahala animalia espezie bizi dira.

Iratiko ipar-mendebaleko mugan Urkuluko erromatar dorrea dago, I. mendean eraikia Galia eta Hispania Erromatar Inperioan sartu izana ospatzeko. Dorre horretatik hurbil Azpegiko megalitoak daude.

Iratiko oihanaren ipar-ekialdeko muturrean, hantxe dago zut Ori mendia, "lehen bimilakoa" Kantauri itsasotik hasita. Ez da mendebalderago dagoen bi mila metroko beste kaskorik Pirinioetan.

Inguru honetan hainbat kirol egin ditzakezu: mendizaletasuna, eskalada izotz gainean, zintzur jaitsiera, iraupen eskia. Halaber, ibilbide tematikoak eskaintzen dira oihana eta Pirinioetako ibarrak ezagutzeko. Turismo bulegoetan aurkituko duzu jarduerei buruzko informazio zabala.

Orbaitzetako arma ola

Orbaitzeta herritik abiatu eta errepide batek Irabiako urtegiraino eramanen gaitu, Iratiko oihanean, eta ezkerreko errepideak, berriz, arma ola zaharraren aurrietaraino. Zehazki, XVIII. mendean eraiki zuten, Karlos III.aren (Nafarroako VI.a) artilleria gorputza hornitzeko. Hantxe kokatu zuten, hurbilean burdin, zilar eta berun aztarnategiak zeudelako, bai eta ura nahiz zura ausarki ere zegoelako. Arma ola hainbat aldiz arpilatu eta sutu zuten, eta ateak 1873an itxi zituen. Ibili olaren harrien artean eta gozatu ingurunea, bai eta ibaiak harrizko arkuen azpian eskaintzen duen irudia ere.

Irabiako urtegia 1921ean eraiki zuten eta oihanaren bihotzean ezkutatua dago. Eremu zuhaiztuaz inguratutako laku handiaren itxura du. Urtegia inguratzen duen bidexka Iratiko Etxeetaraino doa, urtegiaren mendebaldean.

Garaien bidea

Nafarroan kontserbatu diren 22 garaietatik, 15 Aezkoan daude eta denak daude interes kulturaleko ondasun izendatuak. Bi isurialdeko teilatua dute ia hegalik gabe, oin laukizuzena, harrizko hormak dituzte eta zutarrien gainean altxatuak daude. Zutarriek piramide itxura dute edo konikoak dira, eta gainean lauza zirkularrak dituzte. Herrietako eraikuntza horiek pikorrak gordetzeko erabiltzen zituzten. Garairik interesgarrienak Orbaitzetan, Arian, Hiriberrin eta Garaioan daude. Gainera, Ariben Erdi Aroko zubi ederra aurkituko dugu.

Gastronomia eta tradizioak
Ez zaitez Aezkoatik joan hemengo gastronomia askotarikoa eta goxoa dastatu gabe. Ahogozatu behi eta basurde haragiak, edo amuarrainak. Halaber, esnez egindako postreak, horien artean ardi gazta nabarmengarria, bai eta ahabia mermelada ere.

Eta maiatzean etortzen bazara, erromeriak ikusteko parada izanen duzu. Hau da, Aezkoako herriak txandaka erromerian joaten dira asteburuetan Orreagako Ama Birjina gurtzera.
[+ ikusi fitxa osoa]

Kokapena

Oharrak

MIRADORES: instalados 7 miradores interpretativos con mesas panorámicas (información sobre paisaje, ecosistema, historia y gentes): Ariztokia, Abaurrea Alta, Abaurrea Baja, Azpegi, embalse de Irabia, Hiriberri/Villanueva de Aezkoa y ermita de San Joaquín de Aribe.

Ordutegi, data eta prezio orientagarriak. Entitate arduradunarekin baieztatzea aholkatzen da