Antolatu bidaia

Orreagako kolegiata

Elizak eta baselizak

Eguraldia

Orreagako kolegiata
Lainoak lausotutako piriniar mendien artean, harriak Orreagako kolegiataren bitartez gorpuzten du historia, bai eta elezaharrak ere. Orreaga Donejakue bideko toki nabarmena da, aterpetxe-ospitalea eta, erromes gehienentzat, Donejakue bideko abiapuntua Santiagorantz joateko. Jendeak ez du aise ahazten Nafarroako iparraldean dagoen txoko txiki hau. Inguru honetan gertatu zen Orreagako bataila gogoangarri hura, Erdi Aroko "La Chançon de Roland" olerkian kontatua. Inguruetako bazter ezin ederragoek liluraturik, bisitariak bere pausoak geldiarazi eta amore emanen du lekuari darion xarmak txundituta.

Orreaga Pirinioetan dago, Nafarroako ipar-mendebaldean eta Frantziako mugatik hurbil. Donejakue bideko mugarria da eta Frantziako gotikoak Penintsulan utzitako adibiderik hoberenetakoa gorde du: Andre Mariaren kolegiata. Luzaidetik datorren Ibañetako jaitsierak aterpetxe-ospitale zahar honetaraino eramanen gaitu. XII. mendearen azkenean eta XIII.aren hasieran eraiki zuten, Pirinioak zeharkatu ondoren erromesei harrera egiteko.

Historia

Orreaga pasabideko tokia izan da beti. Handik sartu ziren Penintsulan zeltarrak eta, geroago, Bordele eta Astorga lotzen zituen bide erromatarra erabiltzen zuten guztiak ere bai. 778an, Luzaideko haitzartea Orreagako batailaren lekuko izan zen. Gudaldi hartan, Karlomagnoren armadaren erretagoardia hartu zuten mendean baskoiek. Erretagoardia buru Errolan zen eta hantxe zihoan frankoen nobleziaren gainaren gaina. Bataila horren sona Europako zoko-moko guztietara iritsi zen eta "Errolan kantua" izenburuko olerki epikoa sorrarazi zuen XII. mendean.

Bere historiari lotutako mugarri bat ere gertatu zen hurrengo mendean: 813an, Santiago apostoluaren hilobia aurkitu zen Galizian eta, handik gutxira, erromesaldiak hasi ziren Compostelara kristandade osotik. Donejakue bideetako batek Orreagatik zeharkatzen zituen Pirinioak. Gainera, bide hura garrantzitsuena izatera iritsi zen errege Antso III.a Nagusiak bultzaturik. Bestalde, erromesei lagundu eta harrera egiteko, ospitale-monasterio bat sortu zen Ibañetako gainean, XII. mendean. Ondotik, eta Iruñeko apezpikuaren eta errege Alfontso Borrokalariaren bultzadari esker, zelaian bi gauza eraiki zituzten: aterpetxe-ospitalea eta Orreagako kolegio eliza.

Erdi Aroan, beste eraikin batzuk egin ziren eta kolegiatak garrantzi handia hartu zuen lurralde askoren jabea izateagatik eta erromes kopurua etengabe handitzeagatik. Gero, XVIII. mendetik aurrera, Orreagak atzera jo zuen Donejakue bideak gibelera egitearekin batera eta, aldi berean, bere ondasunak murriztu ziren. Desamortizazioa saihesturik, XX. mendean hasi zen poliki-poliki burua goratzen. Azken urteotan, Santiagoko erromesaldiak berpiztu izanaren testigu izan da kolegiata eta, erromes askok Orreaga abiapuntu aukeratzen du Donejakue bideari heltzeko.

Artea Orreagako kolegiatan

Kolegiata arkitektura multzo nabarmena da eta eraikin guztien artean bat azpimarratu behar da, hots, Andre Mariaren eliza, XII. mendearen azkenean eta XIII.aren hasieran eraikitakoa. Frantziako estilo gotikoari jarraiki eraikia dago. Beraz, hiru nabeko oina du. Erdikoa bi aldiz zabalagoa da albokoak baino eta gurutzadura gangaz estalia dago. Burualdea pentagonala da eta beirate modernoekin apaindutako <leiho zabalen bidez dago argitua. Fatxadaren ezkerraldean defentsarako dorrea dago, XIV. mendean eraikitakoa.

Orreagako Andre Mariaren irudia (XIV. mendekoa) da buru elizako erretaula nagusian. Zurezko tailu gotiko eder-ederra da, zilarretan bildua eta urrezko apaingaiekin hornitua. Epistolaren aldetik klaustroan sartuko gara, estilo zistertarrean berreraikia, elurte gaitz batek hasierako klaustro gotikoa 1600ean lurrera bota baitzuen.

San Agustin kapera klaustroari irekia dago, oin karratuko kapitulu gela gotiko zaharra izan zena. Erdi-erdian errege Antso VII.a Azkarraren hilobia dago. Hilobi-harria XIII. mende erdiko estatua bat da, erregearen luzera handi hura islatzen duena. XX. mendeko beirate batetik iragazten den argiak argitzen du kapera. Beiratean irudikatua dago erregeak almohaden aurka lortu zuen garaipena Navas de Tolosako batailan (1212). Erregeak gudaldi hartatik ekarri zituen Miramamolini kendu zizkion mazoak eta kateak, areto honetan ikusgai daudenak. Tradizioaren arabera, kate horiek Nafarroako armarria osatzen dute.

Orreagako eraikin zaharrena Izpiritu Santuaren kapera da, Karlomagnoren siloa ere esaten zaiona. Zehazki, XII. mendekoa da eta, elezaharraren arabera, leku horretantxe iltzatu omen zuen Errolanek bere ezpata, Orreagako batailan jasandako porrotaren ondotik. Bere ondoan, Donejakueren edo erromesen eliza dago, estilo gotiko primitiboan egina. Barnealdean gordea dago Ibañetako San Salbatore baseliza zaharreko ezkila, laino egunetan erromesak gidatzeko balio zuena.

Liburutegia eta museoa biltzen dituen eraikina XIX. mendearen bukaerakoa da. Lehenbiziko solairuan artxiboa eta liburutegia daude, eta adituentzako baino ez daude zabalik. Agiri fondo aberatsa dago gordea eta 15.000tik gora liburu ere bai. Museoa beheko solairuan dago eta interes handiko piezak daude, esaterako, Karlomagnoren xake jokoa izeneko erlikia-ontzia, urrezko filigranaz apaindutako zilarrezko xaflekin egina. Elezaharraren arabera, frankoen enperadorea izan omen zen bere jabea. Horrekin batera, beste pieza nabarmen batzuk ere ikusgai daude: XII. mendeko ebanjelio-liburua (Nafarroako urregintzaren lan gorena), edo Miramamolinen esmeralda. Tradizioaren arabera, errege Antso VII. Azkarrak harribitxi hori errege mairuari kendu zion Navas de Tolosako batailan.

Azkenik, Itzandegia aipatuko dugu, Orreagako arkitektura multzoa osatzen duen etxea, alegia. Gotikoaren hasierako erakina da eta ez dago argi zertarako eraiki zen, ospitale izateko ala etxebizitzarako. Donejakueren kaperaren eta Itzandegiaren artean, Orreagako Batailaren monumentua ikusiko duzu. Gudaldi hura irudikatzen duten erliebeak ditu.
[+ ikusi fitxa osoa]

Kokapena

Ordutegia

Otoño:

  • Horario habitual de la iglesia: abre todos los días de 8:30 a 20:00. *Misa del peregrino: de lunes a viernes, a las 20:00. Sábados, domingos y festivos, a las 18:00.
  • El claustro y sala capitular con la tumba de Sancho el Fuerte: se pueden ver de forma individual (existen audioguías en idiomas), o con visita guiada para grupos.
  • Museo de Roncesvalles: el acceso al museo y a otros edificios del conjunto según disponibilidad, es siempre con visita guiada.

PREZIOAK

Oharrak: entrada gratuita a la iglesia. Consultar precios de entrada al resto del conjunto monumental.

Bisita gidatua

Deskripzioa: incluye claustro, museo, silo de Carlomagno e iglesia de Santiago.

Bisitaren prezioa:

  • Adultos 5€.
  • Niños (6 a 12 años) 2,5€.
  • Reducida (jubilados, peregrinos, carnet estudiante, carnet joven, familia numerosa) 4€.
  • Grupos consultar.

Enpresa kudeatzailea: Auria Orreaga, auriaorreaga@gmail.com 948 790 480

Ordutegi, data eta prezio orientagarriak. Entitate arduradunarekin baieztatzea aholkatzen da