Antolatu bidaia

Ebro gaineko Zubia

Injinerutza lanak

Multimedia

Tutera

Eguraldia

Tutera
Musulmanek, judutarrek, mozarabiarrek eta kristauek utzitako arte-ondare nabarmenaren atalaurrea da Tuteran dagoen Ebro gaineko zubia. Bere 17 arku zorrotzak gurutzatzen baditugu, hiria bere ederrean ikusteko aukera izanen dugu, Andre Mariaren katedrala buru agertzen dela.

Erdi Aroan eraiki zuten eta, mendez mende, zaharberritze lan ugari egin zaizkio Ebroren oldarrari aurre egiteko. Ebro Nafarroako ibairik emaritsuena da eta ibai ondoko erribera emankorra ureztatzen du. Horri esker, baratzeek kolorez margotzen dituzte hegoaldeko bazter idorrak eta mahaiak hemengo plater tipikoen zapore goxoaz hornitzen dituzte .

Ebroren zubia da Tuteran aurkituko dugun Erdi Aroko arkitektura zibilaren lehen adibidea, hirian Iruñetik datorren NA-134 errepidetik sartzen bazara. Erdi-puntuko 17 arku zorrotz ditu, 360 metro luze da eta Erriberako hiriburuari buruzko ikuspegirik zoragarrienetakoa eskaintzen du. Nafarroako hegoaldean gaude, jakina. Zubiak garrantzi estrategiko handi-handia izan zuen eta, horregatik, Tuterak huraxe hartu zuen hiriko ikurtzat eta armarritzat.

Zubiaren eraikuntza estuki lotua dago Tuterako sorrerari eta historiari. Arabiarrek sortu zuten hiria IX. mendean, beren neurriko kokalekua baitzen, toki estrategikoa eta lurrak oso emankorrak. Aurrerago, ibai bazter batetik besterako pasabidea kontrolatzeko, zubia eraiki eta hori funtsezkoa gertatu zen inbasioei aurre egiteko, bai eta merkatarien nahiz nekazarien ibilera errazteko ere.

Hasieran, Ebroren zubiak hiru dorre izan zituen bazterrak zaintzeko, bana mutur bakoitzean eta luzeena, berriz, erdian. Baina, XIX. mendean kendu zituzten eta, gaur egun, dorre adierazgarri haien ordez, bi farola ilara aurkituko dituzu.

Gerrek, uholdeek edo, besterik gabe, denboraren joanak eraginik, zaharberritze lan aunitz egin zaizkio. Berrikuntzarik handiena 1985ean egin zitzaion, zutoinak finkatu baitziren eta galtzada zabaldu. Zubia alderik alde zeharkatzeak aukera emanen dizu hiri honen iragana irudikatzeko. Horrela, 300 bat urtez egon zen arabiarren mendean eta arabiarrak, kristauak eta judutarrak bizikide izan ziren.

Zubiz bestaldean, kultur ondare baliotsua izanen duzu zain: Magdalenaren eliza erromanikoa, Tuterako katedrala, Decanal jauregia edo San Adriango markesaren jauregia, beste eraikin batzuen artean. Halaber, gastronomia goxoa dastatzeko parada izanen duzu Tuterako La Mejana baratze emankorreko produktuetan oinarritua: ez galdu barazki menestra jateko aukera.
[+ ikusi fitxa osoa]

Kokapena

Oharrak

El puente es de estilo medieval.

Ordutegi, data eta prezio orientagarriak. Entitate arduradunarekin baieztatzea aholkatzen da