Antolatu bidaia

Foruen Plaza

Plazak

Multimedia

Plaza de los Fueros. Tudela

Eguraldia

Plaza de los Fueros. Tudela
Foruen plaza Tuterako auzokideen topaleku eta biltokia da, atsedenerako leku eta elkargunea. Gainera, judutegi zaharrean eta alde zaharreko kalexka bihurrietan barneratzeko sarbidea ere bada. XVII. mendean eraiki zuten, katedralaren plazan egiten ziren zezenketak plaza berrira eramateko. Erlojuaren etxea da plazako eraikin nagusia eta erdian badu uda partean Erriberako arrastiriak musikaz eta alaitasunez betetzen dituen kiosko bat. Plaza honetan egiten dira hiriko ekitaldirik nabarmenenak, esaterako, Aste Santuko ospakizunak eta, udan, festen hasiera eta "la revoltosa" esaten dioten herri dantza famatua.

Foruen plaza Tuterako alde zaharraren eta alde berriaren arteko mugan dago. Tutera Nafarroako Erriberako hiriburua da eta Komunitatearen hegoaldean dago. Plaza Tuterarren biltoki gogokoena da, leku ezin hobea bertan dauden tabernetako terrazetatik hiriaren ohiko bizimoduaren taupadak sentitzeko. Era berean, abiapuntu guztiz egokia da monumentu-auzoa ezagutzeko.

Mendez mende, hainbat izen izan ditu: "plaza de los toros", "plaza Nueva", "plaza Real", "de la Constitución", "de Fernando VII". Baina, 1893ean eman zioten egungo izena Nafarroako foruen omenetan

Plaza berria egin zuten, ordura arte plaza Zaharrean -katedralaren ondoan- jokatu ziren zezenketak hara eramateko. Kabildoak debekatu egin zituen, alde zaharreko leku hura toki sakratua zelako.

Beraz, plaza berria harresietatik kanpo egiteak aukera eman zuen udalerria hirigintzaren aldetik berritzen hasteko. Queiles errekaren gainean 1687an eraikia, erreka-zuloa harrizko arkuekin estali behar izan zuten plazako zola haien gainean paratzeko.

XVII. mendeko Espainiako plaza nagusien ereduari jarraiki eraiki zuten. Zezenketarako erabili zen garaiaren oroigarri, fatxadatako apainketa zezen irudiz eta Nafarroako Erribera osatzen duten herrietako armarriz beterik dago. Bi etxek baizik ez dute hausten teilatu eta fatxadetan dagoen uniformetasuna: erlojuaren etxeak eta Graziako ospitaleak. Gaur egun, zaharren egoitza da. 1921ean, plaza erdian kiosko bat jartzea erabaki zuten.

Jaiak eta usadioak

Ohikoan, leku honetan giro bizia izaten da, baina giroak Aste Santuan jotzen du goia, bai eta uda partean ere. Larunbat Santuan "volatin" esaten dioten ekitaldia egiten da, hau da, Judasen urkatzea sinbolizatzen duen ospakizuna. Ekitaldi horren sorrera XVI. mendekoa da. Biharamunean, plaza jendez betetzen da Aingeruaren jaitsiera ikusteko. Ekitaldiak irudikatzen du Aingerua Ama Birjinari agertu zitzaioneko unea Kristoren piztueraren berri emateko, eta herriko haur batek egiten du aingeruarena.

Uda partea ere garai egokia izaten da Erriberako hiriburuari darion animazioaz eta umore onaz blaitzeko. Horrela, Foruen plazan botatzen dute festei hasiera emateko suziria eta han ere, gauero, "la revoltosa" izeneko dantza egiten da, hots, jendetza handia bilarazten duen herri dantza.

Plaza honetatik abiatuta, Tuterako alderik modernoena ezagutzeko parada izanen duzu; izan ere, Erlojuaren etxeko arkuen azpian dauden bi pasabide Queilesen pasealekura doaz. Hori jolaserako lekua da, Rafael Moneo arkitekto tuterarra ospetsuak diseinatua.

Eta, era berean, plazatik bertatik, aukera izanen duzu hiriko alde zaharrean barneratzeko. Kalexka bihurriek berek gidatuko zaituzte zaporez eta tradizioz betetako txokoak ikusteko. Ibili karrikaz karrika judutegian, bisitatu hemezortzigarren mendeko jauregiak eta ez galdu Erriberako barazki goxo-goxoak ahogozatzeko parada, zure zain egonen baitira hiriko edozein jatetxetan.
[+ ikusi fitxa osoa]

Kokapena

Ordutegi, data eta prezio orientagarriak. Entitate arduradunarekin baieztatzea aholkatzen da

Informazio praktikoa

  • Herria TUDELA
  • Zonaldea Erribera
  • Helbidea Plaza Plaza de los Fueros
  • Esteka interesgarriak
  • Bisita gidatua Bisita gidatua