Antolatu bidaia

La Olivako Monasterioa

Monasterioak

Eguraldia

La Olivako Monasterioa - Klaustro
La Olivako monasterioaren harrizko horma sendoetan historiaz eta artez jantzitako mendeak daude gordeta. Horra bakearen eta lasaitasunaren paradisua. Nafarroako Erriberan kontserbatu den hiru monasterioetako bat da La Oliva eta, gaur egun, 26 monje zistertar bizi dira. Fraide tunika zuriak paseoan eta otoitzean ikusiko dituzu klaustroan.

Eliza handia -Espainiako arte zistertarraren adibiderik bikainenetakoa-, klaustro gotikoa, kapitulu-gela eta San Jesukristo deitutako kapera ikusita, ohartuko zara monasterioak arteari begira duen garrantziaz. Horrela, XII. eta XIII. mendeetan eraikia, aise ematen dira orduak etengabeko barne gogoeta lasaian.

Bisitak isiltasunaren balioa aurkitzeko aukera emanen dizu, baina aldi berean elizkizunen sonoritatea ere bai, monjeek herri-hizkuntzan kantatuta; garai bateko upategia ere ezagutuko duzu, monjeek euren ardoak ekoizteko oraindik erabiltzen dutena.

Zarrakaztelutik bi kilometrora, Aragoi ibaiaren ertzean eta ia landarerik ez duen zelai baten erdian, hatxe dago eraikia Erdi Arotik hona La Olivako monasterioa osatzen duen eraikin multzoa. Izena elezaharrari dago lotua. Izan ere, tradizioaren arabera, arabiarren aurka borrokan ari zela, nafar errege bat zauriturik gertatu eta basa-olibondo baten oinetara joan zen hiltzera.

Basa-olibondoaren tokian La Olivako monasterioa eraiki zen, Zistertarren ordenak 1149an sortua. Monasterioak goia jo zuen Erdi Aroko mendeetan. Gero, ordea, Independentziako Gerraren eta desamortizazioaren ondorioz, erreka jo zuen. Beraz, hutsik egon zen harik eta XX. mendean zaharberritu eta monjeak bizitzera itzuli ziren arte.

Monasterioaren zelaira iristean, soiltasun handiko monumentu-multzo ikusgarria ikusiko dugu. Sarreran arku zorrotza dago, albo banatan XII. mendeko harresi zaharraren arrastoak eta, goiko aldean, abade-jauregia. Sarrera zeharkatzean, hainbat eraikin ikusiko dituzu klaustroaren eta patio irekien inguruan elkartuta.

Erdialdean, Andre Mariaren eliza dago (XII-XIII), elementu gotikoak eta erromanikoak dituena. Diotenez, eskola hispaniar-langedoziarraren eraikuntzarik bikainenetakoa da. Barnealdea hunkigarria da eta argitasun apala du.

Elizaren iparraldetik monasterioaren Erdi Aroko ataletara sartuko gara, XII. mendeko klaustroaren inguruan banatuta. Klaustroa XIV. eta XV. mendeetan zaharberritu zuten. Klaustroaren inguruan kapitulu-gela (arte proto-gotikoaren adibide ederra), sakristia zaharra, jangela, sukaldea eta XVI. mendeko eskailera ikusgarria daude. Atal horien inguruan, aletegiaren arrastoak daude, bai eta San Jesukristoren kapera ere. Kapera hori baratzean dago, ermita txikia balitz bezala.

Arte aberastasunaz gain, monasterioak aukera ere emanen dizu monjeek egunero herri-hizkuntzan kantatzen dituzten elizkizunetara joateko. Behar bezala jantzita joan behar da eta isilean. Hona elizkizunetako ordutegia: 4:30ean, otoitzak; 7:00etan, meza; (8:15ean, tertzia; 12:45ean, seigarrenekoa; 15:10ean, hiruretakoa; 18:30ean, bezperak eta, azkenik, 20:45ean, arratseko otoitzak eta salbea.

Monasterioak badu bisitari ororentzako ostatua, bai eta mahastiak eta upeltegiak ere. Horrela, Monasterio de la Oliva markapean, era askotako ardoak merkaturatzen ditu: beltza (erreserbakoa, ondua, gaztea), gorria, likore-ardoa eta mezako ardoa. Nafarroako Jatorrizko Deituraren barnean daude ardo guztiak, likorea izan ezik. Salgai daude monasterioko bertako dendetan.

Naturguneak gustuko badituzu, zoaz Pitillasko aintzirara edo El Ferial urtegira -pinuz inguratutako lakua da-. Bietan badira hegazti behatokiak. Halaber, aukera izanen duzu Errege Bardeako Natur Parkean barneratzeko edo, bestela, zoaz Uxuera (monasteriotik iparraldera kilometro gutxira) herria ikusi eta artzain-apurrak jatera.
[+ ikusi fitxa osoa]

Kokapena

Ordutegia

Todo el año: de lunes a sábado, de 9:30 a 12:00 y de 15:30 a 18:00. Domingos y festivos religiosos, de 9:30 a 11:30 y de 16:00 a 18:00. **Misas: laborables, a las 7:00, domingos y festivos, a las 12:00.

PREZIOAK

Precio entrada: 2,50 €

Oharrak: 2€ grupos.

Ordutegi, data eta prezio orientagarriak. Entitate arduradunarekin baieztatzea aholkatzen da

Informazio praktikoa