Errege Bardeako Parke Naturala

Errege Bardea: Nafarroaren hegoaldeko basamortua

Ezusteko paisaia berdetasunaren Erresuman

"Ilargi-paisaiarekin txundituta geratu naiz. Mendebaldeko film batean egotea bezala da. Coloradoko arroila, gurean!"

Horrelako adierazpenak egiten dituzte Errege Bardean lehen aldiz barneratzen direnek.

Basamortu bat Pirinioetatik 70 km-ra!

Eta ez da harritzekoa, zeren Pirinioetatik 70 kilometrora basamortu bat aurkitzea harrigarria baita gehiengoarentzat. Geografia bitxiagatik eta ingurune zirraragarriagatik.

Izan ere, nekez sinestekoa da horrelako toki bat aurkitzen ahal denik Tutera ondo-ondoan. Baina halaxe da. Nafarroan basamortu bat dago, eta ez nolanahiko basamortua.

Harri eta zur geratu al zara? Jakin-minaren harrak heldu al dizu? Horrela, bada, Nafarroara etortzean aukera ezin hobea duzu paisaia berezi hau ezagutzeko, gure ingurukoa baino gehiago, ilargikoa dela dirudien paisaia.

Jarraian, Errege Bardeako txangoa antolatzeko beharrezkoa eta oinarrizkoa den informazioa aurkituko duzu.

Baina, jarraitu aurretik, oso garrantzitsua den zerbait: paisaia eta formazio geologikoak Parke Naturalaren funtsezko zati dira, eta bisitariok ez gara formazioen hegal eta tontorretara igo behar, degrada ditzakegulako.  Bertako ekosistema oso hauskorra da eta guztion artean zaindu behar dugu.

Errege Bardea bisitatzeko arrazoiak

  • Argazkiak egiten Castildetierran Ahaztu ezin diren ilunabarrak

    Ahaztu ezin diren ilunabarrak

  • Piskerra Natura basatia bazter guztietan

    Natura basatia bazter guztietan

  • Ilargi betea Bardean Entzun dezakezun isiltasun zirraragarriena

    Entzun dezakezun isiltasun zirraragarriena

Errege Bardea

Ez gara gehiegi luzatuko datuak eta datuak emanez; horregatik, zuretzat interesgarriak izaten ahal diren hainbat jakingarri baino ez ditugu aipatuko.

Errege Bardea 42.500 hektareako Natur Parke bat da; UNESCOk Biosfera Erreserba izendatu zuen eta Arguedas herritik du sarbide nagusia. Hiru gune bereizten dira bertan: El Plano, iparraldeko eta mendebaldeko ordoki handia, laborantzarako eremua; Bardea Beltza, hegoaldean, erliebe horizontalen multzoa, pinudiz eta sastrakadiz estalitakoa; eta Bardea Zuria, aurreko bien tartean dagoen sakonunea, higadura handiena jasan duena. Bisitari eta argazkilari gehien erakartzen dituena, bertan baitaude formazio ikusgarrienak, besteak beste Castildetierra eta Piskerra; ziur ezagunak zaizkizula filmen batean ikusi izanagatik.

Eta zergatik da berezia parke hau? Hona hemen hainbat arrazoi:

Artaldea Bardean
  • UNESCOk Biosfera Erreserba izendatu zuen. Horrek esan nahi du aberastasun biologiko handiko ingurunea aurkituko duzula bertan, eta garapen jasangarria errespetatzen dela.

     

  • Bertako fauna eta flora Afrikako kontinenteari dagozkio, ez Iberiar Penintsulako iparraldeari, eta lekua, garai batean, krokodilo eta dortoken paradisua izan zen.

    Gaur egun, arranoak, putreak, hontzak, basoiloak, azeriak, basakatuak, katajinetak, anfibioak eta narrastiak ibiltzen dira sastraken, zuhaixken (Salsola vermiculata), gatz-lurren eta espartzudien artean. 

  • Pista eta bideen sare handi-handia du, besteak beste Pirinioetatik datorren Erronkariarren Errege Altxonbidea, eta oinez nahiz bizikletaz ibilbideak egiteko aukera ematen du, ingurune amaigabe batean.

    Autoz ere egiten ahal dituzu bisitak, jakina, edo quad, segway edo buggie bat ere har dezakezu, tokiko enpresekin harremanetan jarriz gero.

Ez da plan makala, ezta? Bada, gehiago ere badago. Ideia sinestezinak aurkeztuko dizkizugu, Errege Bardeako bisitaldia planifikatu dezazun.

Errege Bardeako Informazio Zentroa

Basamortu liluragarri honetan barneratu aurretik, lehenik, informazio eta harrera zentrora joatea gomendatzen dizugu.  Zentroa Los Aguilares-en dago, Arguedasetik 7 kilometrora —herritik ateratzean, ezkerretara jotzen duen bide bat hartu behar duzu—.

Ibilbideari buruzko informazioa ez ezik, ingurunearen planoak ere emanen dizkizute zentroan, eta naturagunearen gaineko edozein zalantza argitu.

Gainera, diorama bat, arkeologia-erakusketa txiki bat edo hegaztien tamaina errealeko erreprodukzioak ikusten ahal dituzu bertan, parkean aurkituko duzun guztiaren aurrekari.

Informazio zentroari buruzko informazio gehiago
Errege Bardeako Informazio Zentroa

Antolatu Errege Bardearako bidaia

Hel diezaiogun informazio praktikoari. Ezagutuko duzun eremuari buruz aurrez jakin beharreko guztiaren berri emanen dizugu.

  • 1. Nola etorri

    Tuterako zubitik atera eta honako aukera hauek dituzu:

    • Eskuinean: Arguedas (N-134). Bardea Zurian barrena doan 25 kilometroko pista perimetralera iritsiko zara, eta ikuspegi ederretan ederrenak izango dituzu, baita Castildetierra ere. Autoz 2 ordu inguruko ibilbidea da, eta Bardeara lehen aldiz etortzen direnei, bereziki, gomendatzen diegu.

    • Ezkerrean: Ejea de los Caballeros (N-125) edo Fustiñana (N-126); hortik Bardea Beltzera iristen ahal da, gorrixkagoa eta landare gehiagorekin.

    Eta Bardearen iparraldean dagoen Zarrakaztelu herritik abiatuz gero, El Paso esaten zaion tokitik sartuko zara basamortuan. Puntu horretan bertan Artzainaren monumentua dago; izan ere, hortik igarotzen baita Erronkariarren Errege Altxonbidea, negua pasatzeko artaldeak Pirinioetatik Ebroren ertzeraino jaisteko erabiltzen zen bidea. Ezin duzu galdu irailean izaten den Transhumantziaren festa, tradizio hori gogorarazteko. Ikuskizun aparta.

  • 2. Nola ibili Errege Bardean barna

    • Autoz (turismoez ari gara, ez deportiboak, ez miniak): Arguedasetik baldin bazatoz, pista perimetraletik. Eta Zarrakaztelutik etorri eta El Pasotik iristen bazara, pista batetik eta, amaieran, perimetralarekin bat eginen du. Horiek dira bi ibilbide nagusiak.

    • Bizikletaz eta oinez: nekazaritzako hainbat pista dituzu. Guzti-guztietan ibiltzen ahal zara oinez, eta pista batzuetan bizikletaz ere bai. Aukera onena Informazio Zentroan informazioa lortzea duzu.​​​​​​​

    • Oinez ibili nahi baduzu, badira 2 paseo motz-motz interes-puntu garrantzitsuenak bisitatzeko ezin hobeak: bat Bardea Zurian eta bat Beltzean. Aldiz, bizikleta nahiago baduzu, jakin ezazu 9 ibilbide daudela; nekazaritza-pistetan barna, Bardea ia osoa ezagutzen ahal duzu. (+info)

  • 3. Jarduerak eta araudia

    JARDUERAK

    • Errege Bardea oso eremu malkartsua izaki, hona hemen plan ezin hobe bat: gidari bat kontratatzea 4x4 autoan ibilbidea egiteko. Hartara, toki berezienetara iritsiko zara eta natura-ondarearen gaineko azalpenak ere jasoko dituzu.
      ​​​​​​​

    • Bisitaldia egiteko beste modu batzuk ere badira: segway bat, bizikleta elektrikoa, zaldi gainean… Eta bestelako proposamenak ere badira, biziki erakargarriak, dagozkien web-orrietan ikus ditzakezunak. 

    ARAUDIA

    Gogoan izan parkean 8:00etatik aurrera sartu behar dela, eta ilundu baino ordubete lehenago irten. Abenduan eta urtarrilean, eguzkia 17:30ak inguru sartzen da; beraz, 16:30ak baino lehen atera beharko duzu.

    Ikusi hemen enpresek antolatutako jarduerak
  • 4. Non lo egin

    Egun perfektu batek amaiera hoberena izan dezan, inguruko edozein ostatutan hartzen ahal duzu atseden gauean. Badira gustu guztietarako modukoak.

    Hala ere, zuk nahi duzunarekin bat etortzen ahal diren bi toki gomendatuko dizkizugu:

    • Familia osoarekin: gazteek oso gustuko izaten dituzte Valtierrako kobazuloak.  Parke Naturalaren ondoan daude, eta familiak osoa gustura egoteko beharrezkoa den guzti-guztia dute. Eta oso aukera ona izan daiteke Sendaviva parkeko aterpetxea.

    • Bikotekidearekin: arkitekturagatik saritutako hotel bat, biziki erromantikoa den ingurune batean. Gogoko duzun lagunaz gozatzeko toki perfektua da Aire de Bardenas Hotela​​​​​​​

    • Taldean bazatoz, aukeratu hotel bat Tuteran, Erriberako hiriburuan, oso hurbil baita.

    Erreserbatu ostatua Errege Bardeatikgertu

Emaitzarik gabe

Castildetierra

Castildetierra, ikonoa

Zalantzarik gabe, partekatu nahiko duzun argazkia.

Errege Bardeako Natur Parkeko eta Tuterako begiratokiak

Ia ahantzi zaigu! Ezin dugu atal hau amaitu 4 begiratoki aipatu gabe, Errege Bardearen eta Tuteraren ikuspegi hagitz ikusgarriak eskaintzen dizkizute-eta:

  • Yugoko Andre Maria begiratokia:

    Arguedasetik 5 kilometrora. Aterpetxe bat eta atsedenleku bat daude inguruan, piknikgune eta guzti, jolas-eremu bat eta aparkalekua. Ah! Eta aho bete hortz utziko zaituen panoramika, jakina.

  • Sendavivako begiratokia:

    Sendaviva parkeko begiratoki hau bikoitza da; alde batetik Errege Bardea ikusten da eta, bestetik, Nafarroako Erriberan barna ibilbide birtualak egiteko aukera eskaintzen du.

  • Aguilareseko begiratokia

    Bisitariari harrera egiteko informazio-zentrotik minutu gutxira dago, eta Bardea Zuri ezaguna ikusteko balkoi zoragarria da.

  • Santa Barbara muinoko begiratokia

    Tuterako goragune honetatik hiriaren ikuspegi zoragarria izateaz gain, Mejanako baratzeak, Bardea eta Ebro ibaia ere ikusten ahal dituzu. Ezin duzu galdu.

Harrigarria, ezta?

Baieztatzea baino ez zaizu geratzen; beraz, azkeneko aldiz animatuko zaitugu ikustera etor zaitezen: Errege Bardea zain duzu.

Informazio gehiago nahi baduzu, webgune ofiziala bisita dezakezu

Bardean barna

Plan osagarriak

Eman dizugun informazio guztiarekin, argi izan beharko zenuke Bardea bisitatu nahi duzun ala ez. Guk baietz uste dugu, baina batek daki…

Dena dela, iradokizun pare bat gehiago eskainiko dizkizugu, Errege Bardeara espedizioa inguruko beste erakargarri turistiko batzuekin osatze aldera:

  • Aita eta semea ongi pasatzen Sendavivan

    Sendaviva abentura eta dibertsio parkea

    Errege Bardeatik kilometro gutxira, aho zabalik utziko zaituen beste toki bat dago.

    Abentura-parkea da, atrakzio zirraragarriak, kolore eta ilaje guztietako animaliak, zirko-ikuskizunak eta familia osoarentzako jarduera dibertigarriak.

    Dibertsioaren, adrenalinaren eta naturaren tenplua, zure erritmora gozatzeko. Ez baduzu denbora askorik, egun bat har dezakezu parkean hagitz ongi pasatzeko.

    Eta lasaitasunez ibiltzeko aukera baldin baduzu, parkean bertan aterpetxe berezi-berezi bat dago. Aterpetxeko instalazioek baso itxura dute, eta neska-mutilek primeran pasatzen dute.

    Abentura bat bizi nahi?

    Sendaviva eta Nafarroako beste abentura parke batzuk 
  • Tuterako Foruen plaza

    Tutera

    Adi, ohar garrantzitsua!

    Naturan buru-belarri murgiltzeko asmoz etorri bazara Errege Bardeara, ezin duzu alde egin beste geldialdi bat egin gabe.

    Ezin baita Erriberatik igaro Tutera bisitatu gabe. Hori horrela da, eta kitto.

    Tutera Nafarroako bigarren hiri garrantzitsuena da, baina hori baino gehiago ere bada.

    Arkitektura-ondare aberatseko hiria da, historian zehar kristau, arabiar eta judutarren artean izandako kultura-mestizajearen adierazgarri. Andre Mariaren Katedrala da ondare horren adierazgarri gorena, eta ezagutu beharrekoa da, bai ala bai. Eta hiriko gune nagusi den Foruen plaza, polita bezain bizia, ere bai.

    Eta, hau bai ezustekoa! Paseoan, paseoan ibiliz gero, arte garaikideko mural ikusgarriak aurkituko dituzu antzinako fatxaden apaingarri. Avant-Garde nazioarteko jaialdiaren edizioetan egindakoak dira.

    Baina bada gehiago ere. Tutera nekazaritza-hiri oparoa ere bada, eta baratze aunitzetan nahiko lituzketen barazkiak jaten ahal dituzu bertan. Jai eta tradizioen lurra, naturaren lurra, jende ireki eta abegitsuaren lurra.

    Hortaz, gorde tartetxo bat zure planetan Tutera ederrean barna paseoan ibiltzeko. Errege Bardeako edertasun idorraren osagarri perfektua.

    Tuterako hiri-artea ikusi nahi dut

Zer beste naturagune aurkitzen ahal dut Nafarroan?

Errege Bardea deigarria iruditu bazaizu, zuretzat hautatu dugun sorta txiki honek ere arreta emanen dizu agian:

  • Iratiko oihana Iratiko oihana

    Iratiko oihana

    Kutsu magikoa duen pagadi-izeidia, non nagusi baitira natura, kirola eta edertasuna.

  • Urederraren iturburua Urederraren sorburua

    Urederraren sorburua

    Basoaren koloreek eta ur turkesek bakez beteko zaituzte Nafarroako gune natural paregabe honetan.

  • Argazkiak egiten Irunberriko arroilan Irunberriko arroila

    Irunberriko arroila

    Natura basatiena aurkituko duzu horma arranditsuen arteko mendi-zintzur honetan.

Interesekoartikuluak

Deskubritu Nafarroako Erriberako kolore harrigarriak

Deskubritu Nafarroako Erriberako kolore harrigarriak

Jakin nahi duzu zein diren Nafarroako ezinbesteko leku turistikoak?

Zaila aukeratzen, ezta?