Antolatu bidaia

Medialuna parkea

Parkeak eta lorategiak

Multimedia

Medialuna parkea
Parque de la Media Luna
Sarasate en la Media Luna

Eguraldia

Medialuna parkea
Hiriaren erdigunearen inguruan, Bigarren Zabalgunean, eta harresien mutur batean, hantxe aurkituko dugu Medialuna parkea, Iruñeko ederrenetakoa, baita zaharrenetakoa ere. Ilbehera itxurako diseinua du eta hortik heldu zaio izena.

Ametsezko tokia da, erromantikoa benetan. Parkeak ikuspegi zoragarriak ditu, Arga ibairen gaineko behatoki ederrari eta luzeari esker. Arrainak urmaelean, patinaje pista, hainbat eta hainbat espeziez hornitutako zuhaizti zabala, horien artean sekuoia erraldoi lerden-lerdena. Lorategi batean, Pablo Sarasate iruindar biolin-jolearen omenezko monumentua dago.

Berdegunearen bihotzean kafetegi txukun eta apaina dago, kanpoan terraza zabala duena. Batez ere udako arratsalde eta gau berotsuetan egoten da girotua.

Victor Eusak eraiki zuen Medialuna Parkea 1935ean, zalantzarik gabe XX. mendeko nafar arkitektorik nabarmenetakoa. 67.000 metro karratu ditu luze-zabaleran eta hiriko harresi-barruti zaharraren mutur batean dago, San Bartolome bastioiaren eta Nafarroa Beherea etorbidearen artean. Etorbide horrek Iruña lotzen du Frantziarako irteerarekin (Irunetik joanez gero).

Hiriaren erdigunean bertan egon arren, parkearen diseinuak eta zabalerak eraginik, sosegurako paradisua da. Baliteke parkea zedarritzen duen behatoki luze horretatik Katedralaren profilik ederrena ikustea, nafar pintoreen mihise askotan ageri den bezala. Izan ere, behatokiak aukera ematen du begiak ikuspegi gozagarrian pausatzeko: horra hor hiriaren alde bitxia, Arga ibaiak inguratua. Gure begiradapean ikusiko ditugu Magdalenako zubi zaharra (Erdi Arokoa) eta izen bereko baratzeak, Argako pasealekua eta, are gehiago, baita zaldiak eta behiak ere.

Begiratu kontrako norabidean, barneratu lorategietan. Zure begien aurrean irudi erromantiko hutsaz zipriztindutako osagaiak agertuko zaizkizu: pergolak, uraskak, eskalarrak, iturriak, landare-hesiak, eskultura txikiak, eite handiko zuhaitzak, ur-zorrotadak eta eserlekuak, den-denak berdetasunean tartekaturik.

Medialunan badira landare eta zuhaitz bitxiak -43 zuhaitz espezie, guztira- eta, haien artean, zut eta harro ageri da sekuoia erraldoi lerdena. Baina hala ere, eta bidenabar esanik, ez da Iruñeko handiena. Badira bi handiago: bat Nafarroako Jauregian dago eta bestea, berriz, Nekazaritza Laborategi zaharrean, Alde Zaharrean, eta hirurak daude monumentu natural deklaratuak.

Zalantzarik gabe, bada beste toki erakargarri bat bisitariarentzat, hots, Pablo Sarasate biolin-jole entzutetsuaren omenez eraikitako monumentua, 1959ean egina, eserlekuz inguratutako toki batean. Handik oso hurbil, taberna terrazaduna dago, txukuna eta apaina. Udal kontzesioa da eta egunero dago zabalik goizeko 11etatik aurrera. Leku ezin hobea mokadu bat hartzeko. Tabernak, gainera, tankera pribatuko festak antolatzen ditu.

Ez da harritzekoa hainbat estilotako musika gure belarrietaraino iristea, berdegune honetan maizko antolatzen diren kontzertuei esker. Oso gomendagarria da uda hasierako arratsetan egiten den jazz zikloa.

Medialuna parkearen bukaeran - Nafarroa Beherea etorbidearekin bat egiten den tokian- Iruñeko errege Antso Handiaren monumentua aurkituko duzue. Aldamenean, baxuerliebe batean, XVII. mendeko mediku eta filosofo nafarra ageri da, Joanes Uharte Donibanekoa. Horrela, 1955ean eraikitako jauregira iritsiko gara, jendeak "Izuren txaleta" esaten diona.Topaketa Profesionalen Nafarroako Zentroa da eta hainbat elkargo ofizialen egoitza. Barnealdea luxu finaz apainduta dago eta jatetxe bat dago, jendearentzat zabalik.
[+ ikusi fitxa osoa]

Kokapena

Ordutegia

Todo el año: acceso libre.

PREZIOAK

Oharrak: acceso gratuito.

Ordutegi, data eta prezio orientagarriak. Entitate arduradunarekin baieztatzea aholkatzen da