Antolatu bidaia

San Fermin kapera

Elizak eta baselizak

Multimedia

Capilla de San Fermín

Meteorologia

Capilla de San Fermín
Mundu osoan ezagunak diren Sanferminak Iruñeko kaleetan ospatzen dira nagusiki. Bitartean, San Ferminen ohoretan antolatzen diren elizkizunak Santuaren kaperan egiten dira, San Lorentzo elizaren barnean, eta horixe izaten da fededunen topalekua festetan gure Santuaren omenez.

Udalbatza galaz jantzita joaten da urtero, uztailaren 6an, kapera horretara, zehazki txupinazoak festei hasiera eman eta ordu gutxitara. Meza baten bidez, egun nagusiaren, uztailaren 7aren, bezperak ospatzen dira. Egun horretan, santuaren erlikia bere gordelekutik atera eta prozesioan ibiltzen da hiriko Alde Zaharrean, milaka iruindarren eta mundu zabaletik iritsitako bisitari aunitzen deboziozko eta emoziozko begiradapean. Erlikia zur polikromatuzko eta zilarrezko tailua da, XV. mendearen bukaerakoa. Kapera hori berriro ardatz nagusia izaten da zortziurrenean, hau da, zortzi eguneko festei agurra emateko egiten den elizkizunean.

Urtean barna ere, edozein egunetan ohikoa izaten da kale Nagusiaren bukaeran dagoen leku honek iruindarren eta kanpotarren bisita hartzea. Eta ohikoa ere izaten da Iruñeko senar-emaztegai askok kaperako aldarean ezkondu nahi izatea. Eskari handia dagoenez, hainbat urte aurretik erreserbatu behar da ezkontza eguna.

San Lorentzo eliza honetan egiten dira Sanferminetako ekitaldi erlijioso ofizial guztiak. Eraikinak ez du balio handiegia arkitekturari begira, baina bai -handia, gainera- sentimenduaren aldetik.

Jatorrizko tenplua Erdi Arokoa zen eta Iruña defendatzeko sisteman zegoen txertatua. Baina eraikin hartatik dorre bat besterik ez da gaur egun kontserbatzen. Bitxia da baina San Lorentzo -berez, Aragoiko adbokazioa- frankoen San Zernin burguan eraiki zuten bertan bizi ziren iruindarrek. Izan ere, frankoek (Frantziatik etorritako gizon libreak eta pribilejio asko zituztenak) galarazi egiten zieten bertakoei beren topaleku eta bilguneetan sartzea.

Hondaturik zegoen XIV. mendearen eraikinaren ordez eraiki zen egungo eliza XVIII. mendean, eta fidel izan zitzaion arrazionalismo klasikoari. Gurutze grekozko oinplanoa du, lauki batean inskribatua, eta nabe bakarra du. Bertan deigarria da kupulen joko geometrikoa eta goialdean dagoen linterna, ageriko adreiluan egindakoa. Arretaz landua, adreilu hori toki zehatz batzuetan dago, hiriko armarria ageri duen koloretako zeramikarekin. Horrek kontrastea egiten du beheko solairuko galeria arkudunaren harriarekin.

Zalantzarik gabe, San Lorentzo elizaren gauzarik baliotsuena San Fermin kapera da. Kaperari aire neoklasikoa dario. Sartu bezain laster ikusiko dugu eskuinaldean. Aldarearen gainean hantxe dago zut Santuaren erlikia beneratua, hau da, gorputz erdiko tailua, zur polikromatuan egina eta zilarretan bildua, XV. mendearen bukaerakoa. Begitarte iluna du, litekeena delako hasieran beltza izatea edo kandelen keak ilundu izana... Hortik heldu zaio Santuari "beltxarana" izena.
San Fermin hiriko lehen apezpikua izan zen eta, gaur egun, Nafarroako zaindaria da San Frantzisko Xabierkoarekin batera. Elezaharrak dio San Fermin Firmus senatariaren semea izan zela. Firmus delako horrek Iruña gobernatu zuen III. mendean. Bada, semea kristautu eta Tolosan apeztu zen. Iruñera apezpiku itzuli zen eta martiri hil omen zen Frantzian 303. urteko irailaren 25ean.

San Ferminen irudia zur polikromatuan egindako busto-erlikiontzia da. Tonu zilarreztatuetan bildua dago eta lore-apainketa zaindua du. Dena den, hori ez dago agerian, Santuaren kapa gorri eta urre kolorekoak estalia dagoelako. Entzierroko lasterkariek "kapotikoa" esaten diote kapa horri, eta San Fermini laguntza eskatzen diote zezenen aitzinean laster egiteak dakarren arriskutik babesteko. Bular aldeko obaloan erlikia batzuk daude, XVI. mendean Amiensetik iritsitakoak. Santua Frantziako hiri horretan hil zuten lepoa moztua 303. urtean.

Irudia leku honetan jarri zen 1717ko uztailaren 6an eta, orduz geroztik, San Fermin egunean (uztailaren 7an, alegia) baizik ez da kapera honetatik ateratzen jendez mukuru dauden kaleetan barna prozesioan joateko. Jendea, jakina, ohi denez zuri-gorriz jantzita dago. Bere ibilian, Santuak milaka iruindarren benerazioa jasotzen du kantuen, dantzen, otoitzen eta emoziozko sentimenduen bitartez.
[+ ikusi fitxa osoa]

Kokapena

Ordutegia

Verano:

  • Horario habitual: de lunes a sábado, de 8:30 a 12:30 y de 17:30 a 20:00. Domingos y festivos, de 8:30 a 13:45 y de 17:30 a 20:00.
  • San Fermín (del 6 al 14 de julio): de 8:30 a 20:00.
  • Puente de Santiago (del 22 al 25 de julio): horario sin cambios.
  • Puente de agosto (del 12 al 15 de agosto): horario sin cambios.
 
?

PREZIOAK

Oharrak:entrada gratuita.

Ordutegi, data eta prezio orientagarriak. Entitate arduradunarekin baieztatzea aholkatzen da

Informazio praktikoa