Antolatu bidaia

Inauteri-garaia Nafarroan

Festa, tradizio eta hitzordu interesgarriak / Ihauteriak

Multimedia

Carnavales
icono pie de fotoCarnavales
Ituren
icono pie de fotoIturen
Lantz
icono pie de fotoLantz
Altsasua
icono pie de fotoAltsasua
Argazki guztiak ikusi
Carnavales Nafarroan, inauterietako algara koloretsuan itotzen dira  neguko oinazeak, erritu-sorta zabala eskaintzen baitu lurralde osoan barna egun horietan zehar.

Sorginak, hartzak, lastoz beteriko mamuak zaku ohialetan jantzita, ikazkinak, erraldoiak eta lapur hagadunak, horiek guztiak herri askotako kaleen jabe egin, eta dantza eta erritual magiko antzinakoenetako batzuk berreskuratzen dituzte. Magiak, koloreak eta tradizioak bat egin, eta landa-herrietako ohitura errotuenak ezagutzeko parada aparta eskaintzen diote bisitariari.

Nahastu jendetzan, eta bene-benetako inauteriak gozatuko dituzu. 
Hona hemen Nafarroako inauteri bezerienetako batzuk:

•    Ituren eta Zubieta: Kultur Intereseko Ondare izendatu zuten. Zanpantzarra da ekitaldi nagusia elkarren ondoan dauden bi herri horietan. Joaldunek kaleetatik desfilatzen dute  artilezko jakez  jantzita eta ttuntturroak (koloretako zintadun kapelu konikoak) buruan dutela, eta joare handiak astintzen dituzte zalaparta hunkigarria eginda, espiritu gaiztoak uxatze aldera. Astelehenarekin, Zubietakoek Ituren bisitatzen dute, eta, asteartearekin, Iturengo zanpantzarrak egiten dio bisita Zubietari.

•    Lantz: Kultur Intereseko Ondare izendatu zuten hori ere. Miel Otxin lapurra da pertsonaia nagusia, harrapatu eta erre egiten dutena antzezpen burlesko batean.

•    Altsasu-Alsasua: Turismo Intereseko Ondare izendatu zuten. Momotxorroak dira protagonistak, odolez zikindutako jantziak eta adar handiak soinean dituztela. Zaldi-ilez estaltzen dute aurpegia, joareak daramatzate bizkarrean, sekulako zalaparta sortzen dutenak, eta sarea eskuan, jendea zirikatzeko. Beste pertsonaiekin batera, hala nola sorginekin, maskaritekin, juantranposoekin edo akerrarekin, desfilatzen dute herriko kaleetatik.
 
•    Agoitz: giro handia sortzen da hiribilduko kaleetan inauterietan. Mutilak (kaskaboboak) aurpegia oihal batek estalita eta kriskitinak alkandorara josita joaten dira, baina  ttuntturoa (koloretako zintadun kapelu konikoa) dute elementu adierazgarriena. Makila daramate, trapuz beteriko galtzerdia duena mutur batean, eta zirikatu egiten dituzte harekin inguruan dauden guztiak. Neskek (maskaritak), aldiz, belo lodidun kapelu deigarria dute ezaugarri nagusi. Kalejira eta puska-biltzeaz gain (arrautza eta txistorra),  kale "madarikatua" ireki eta purifikatzen da (kaskabobo eta maskariten kalea esaten zaio egun). Kondairak dio hilketa bat gertatu zela han duela 70 urte baino gehiago, eta itxita dago geroztik. Inauterietan baino ez da irekitzen, pertsonaien segizioa ikusteko: Ziriko eta  Kapusai zoritxarreko gertakizun horretako protagonistak erre ondoren, kale horretatik joaten dira agoiztarrak, zuiak daramatzatela.

•    Bera: paperak aldatuta agertzen dira beratarrak inauteri-ekitaldi nagusian,  inude eta artzainen desfilean; izan ere, inudez janzten dira mutilak, eta artzainez, neskak, eta horrelaxe dantzatzen dira guztiak, binaka, hiriko kaleetatik.

•    Goizueta: bi ikazkin dira protagonistak,  puztutako ardo-zahagiak daramatzatenak bizkarrean. Emakumeen atzetik doaz, eta makil dantzariz osatutako bi lerroren artean dantzatzen dira; halako batean, ikazkinek jauzi egin, eta ziztu bizian alde egiten dute makil dantzarien kolpeetatik salbu gelditzeko. Orduan, ikusleen atzetik hasten dira lasterka ikazkinak, aurpegiak beltzez tindaturik, jendearen aurpegiak zikindu nahian.

•    Lesaka: lastoz beteriko zakuez janzten dira pertsonaia nagusiak (zaku-zaharrak), eta zapiz estaltzen dituzte aurpegiak. Pizontziak (puxikak) daramatzate egunsentian herriko kaleetatik ibiltzen den jendea zirikatzeko, eta, nekatzen direnean, elkarren gainean esertzen dira lurrean. Beste pertsonaia batzuk mairuak (koloretako zintadun kapeluak daramatzaten emakumeak) eta goitarrak (alkandora zuriz eta kapelu eta kaskabilodun jertse gorriz jantzitako gizonak zein emakumeak, kriskitinak jotzen dituztenak).

•    Unanu: mamuxarroak dira protagonistak, eta zuriz jantzita joaten dira; gerriko gorria daramate, eta maskara metalikoa, aurpegia estaltzeko. Zapi koloretsu handia jartzen dute buru eta lepo aldean, eta haga luzeak daramatzate mozorrotu gabe doazenak mehatxatu eta zirikatzeko.  Ohitura da harrapatutako biktimak, emakume gazteak normalean, belauniko jarri eta musurik ematea mamuxarroari belaunean, hark gurutzearen seinalea egin ondoren bekokian.



Ordutegi, data eta prezio orientagarriak. Entitate arduradunarekin baieztatzea aholkatzen da