Antolatu bidaia

Baluarte Biltzar Jauregia eta Auditorioa

Antzoki eta auditorioak

Eguraldia


Iruñeko bihotzean kokatua -Ziudadelaren eta Nafarroako Parlamentuaren artean-, hantxe dago eraikia Baluarte Nafarroako Biltzar Jauregia eta Auditorioa, hiriaren arkitektura modernoaren adibide nabarmena, bai eta Nafarroako kultur eta biltzar kontuetarako erreferentzia ere.

Eraikuntza itzel honek hiru solairu ditu eta granito gris ilunaz estalia dago. 1.560 lagunentzako edukiera duen auditorio handia dago barnean eta, horrez gain, Ganbera Areto bat eta erakusketa, biltzar eta mintzaldi gelak ere bai.

Era askotako ikuskizun sorta zabala programatzen du denboraldi oro Baluartek. Horrela, kontzertuak, dantza eta antzerkia hiriko kultur eskaintzaren adierazgarri nagusia dira. Esan daiteke XXI. mendearen etorrerarekin batera, hiriak bere espektatibak bete dituela artean eta kulturan.

Lugoko Dukeek 2003ko urrian inauguratu zuten BALUARTE Nafarroako Biltzar Jauregia eta Auditorioa. L formako oinplanoa duen eraikin modernoa da eta Nafarroako hiriburuko kalerik komertzialenetara irekia dago plaza harriztatu handi baten bidez.

Bere atzealdean Ziudadela dago, hots, XVI. mendeko harresi-barrutia, hiriko berdegunerik zabal eta ezagunenetakoa duena. Barruti horretako San Anton bastioiaren errestoak argira atera ziren Biltzar Jauregi hau eraiki bitartean. Bastioi hori XIX. mendearen bukaeran eraitsi zuten hiriko lehen zabalgunea egiteko. Aipatu aztarnek behin betiko markatu dute eraikinaren gaztelaniazko izena eta erakusketa geletako batean daude ikusgai.

Patxi Mangado arkitektoak egindako diseinuaren arabera, BALUARTE eraikin lineala da, altuera handiegirik gabea. Kanpoaldeko paretak Zimbabweko granito gris iluneko plakekin estaliak daude eta barnealdeko estaldurak egiteko, berriz, pagoa eta tropikoetako zurak erabili ziren. Plazara begira dagoen beirazko fatxadarekin kontraste eginez, Ziudadelari begira dagoen aldea harrizkoa da, irmo-irmoa.

BALUARTE barnera sartzeko, bada argizulo gaitzak dituen atari nagusi handi bat, eta hirugarren solairuko beirateetatik Ziudadela osoa bere ederrean ikusteko parada izanen dugu. Espazioak zabalak dira, aretoak era askotakoak, denak azpiegitura aurreratuenez ederki hornituak. Bada, areto horiek biderkatu egiten dira arte eta zientzia inguruko agerpen mota orori harrera egiteko.

63.000 metro koadroko eraikinak bi kontzertu-areto dauzka: Areto Sinfonikoa edo Auditorio Nagusia, 1.560 ikuslerentzako edukiera duena, eta Ganbera Aretoa, bostehun bat ikuslerentzat. Lehendabiziko areto horrek behar bezalako ekipamendua dauka era askotako ekitaldiak egiteko: biltzarrak, errezitaldiak, kontzertu sinfonikoak abesbatzarekin, formatu bereziko opera, baleta orkestrarekin, saio musikalak eta ikuskizunak, edo formatu handiko antzerki saioak. Aretoko sabaia ikusgarria da benetan eta irudi du airean esekitako itsasontzi bela handi bat dela. Bigarren aretoa, berriz, kultur ekitaldi murriztuagoak gozatzeko diseinatua dago.

Biltzar Jauregia eta Auditorioak, gainera, hiru erakusketa areto ditu, guztira 4.100 metro koadro hartzen dituztenak: Harresia, Beheko Solairua eta Mezanina; halaber, bi biltzar areto 800 lagunentzako edukierarekin: Ziudadela eta Luneta; eta hiru mintzaldi areto, 100 lagunentzako edukierarekin: Gola, Boulevard eta Koroa. Era berean, badago jatetxea eta jende orokorrarentzako kafetegia, hala nola lurpeko aparkalekua 900 ibilgailurentzat.

Azken buruan, BALUARTEK topaleku ezin hobea eman dio Iruñeari XXI. mendeko beharrei begira: leku bikain-bikaina biltzarrak, azokak eta ekonomia nahiz enpresa munduko beste ekitaldi batzuk egiteko, bai eta nazioartean osperik handiena duten arte agerpen eta taldeak hartzeko ere.
[+ ikusi fitxa osoa]

Kokapena

Ordutegia

Todo el año:

  • Taquilla hasta junio y a partir de septiembre: de lunes a sábado, de 11:00 a 14:00 y de 17:00 a 20:00.
  • Verano, San Fermín y en épocas especiales de vacaciones, este horario puede verse alterado.

Ordutegi, data eta prezio orientagarriak. Entitate arduradunarekin baieztatzea aholkatzen da