Antolatu bidaia

Nafarroako museoa

Museoak / Artistikoa

Eguraldia

Museoko fatxada
Baliteke hiriburuaren gune historikoa ezagutu nahi izatea, bertako tabernek nahiz dendek duten ospe onak erakarrita, edota kalez kale paseo atseginean ibili nahiak bultzatuta. Beharbada, karrikaz karrika zabiltzala, Santo Domingo kaleraino etorriko zara, Sanferminetako entzierro ospetsuaren ibilbidea hasieratik beretik egiteko asmoz. Baina, beste gauza bat ere deigarri gerta dakizuke. Orduan, planaz aldatu eta eguna borobil-borobila izan daiteke: Nafarroako Museoa bisitatzea.

Lehenago, eraikin horretan Miserikordiako Gure Andre Mariaren ospitale zaharra zegoen eta, 1956tik hona, Nafarroako artearen eta historiaren museoa da, Historiaurretik hasita gaur eguneraino. Ikusgai dauden artelanen artean, honatx nabarmenenak: Bakoren Garaipenaren erromatar mosaikoa, I. mendekoa; Iruñeko katedral zaharreko kapitel erromanikoak; Leireko kutxatila mozarabiarra edo San Adriango markesaren erretratua, Francisco de Goyak margotua.

Santo Domingo kalearen ondoko aldapan zut, Nafarroako Museoak harro agertzen du bere egitekoa: iragana gure begien aurrean agertzea. Museoaren atarian iragan eta oraina egokiro uztarturik daude, eta atalaseak berak ibilbidea iragartzen digu lurralde hauetako historian eta artean barna, ia gizakia haietan bizitzea erabaki zuenetik aurrera.

Eraikinean ikusgai daude nafar ondarearen pieza bitxiak, bere lau solairuetan kronologikoki aurkeztuak: horrela, Historiaurrea sotoan dago eta XX. mendeko artea azken solairuan.

Bisita hasteko, Historiaurreari, erromatar arteari eta Erdi Arokoari eskainitako gelak daude. Zure bisitaren zain daude Burdin Aroko erritu-kopa bat, Teseo eta Minotauroren mosaikoa, eta Iruñean eta Nafarroako beste herri batzuetan erromatarren presentzia ziurtatzen duten arkitektura-arrastoak ere bai.

Lehen solairu honetan eta bigarrenaren alde batean, Erdi Aroko nafar artearen bitxiak daude ikusgai: Iruñeko katedral zaharreko kapitel erromaniko ederrak, eskultura gotikoak, Erdi Aroko urregintzaren altxorrak eta inola ere ikusi gabe utzi behar ez duzun harribitxia: Leireko kutxatila, bolizkoa da eta 1005ean egin zuten.

Errenazimenduko lanak ere badaude eraikineko bigarren solairuan, eta garai hartako lanik garrantzitsuenetakoa hauxe da: Orizko Jauregiaren horma-pintura, XVI. mendekoa. Hirugarren solairuan, Barroko garaiko eta XIX. mendeko lanak daude ikusgai eta laugarrena XX. mendeari eskainia dago.

Nafarroako Museoak harro agertzen du Francisco de Goyak sekulan egindako erretraturik hoberenetakoa, hots, San Adriango markesarena. Obra hori bere heldutasunean pintatu zuen artistak, eta hori nabari da teknikan erakusten duen nagusitasunean. Zuzenean emandako pintzelkadaz barreiatzen ditu koloreak, eta arau akademizistak bazter utziz eratzen ditu bolumenak, argiak eta egiturak. Aire erromantikoa darion erretratu aristokratiko honetan pertsonaiaren psikologia sakon aztertzen digu Goyak.

Nafarroako pinturaren artista ospetsuen lanez gain -Javier Ciga edo Jesus Basiano- Museoak ere baditu Nafarroari lotutako artista garaikideen artelanak: Julio Martin Caro, Jorge Oteiza, Mariano Royo, Pedro Salaberri, Juan Jose Aquerreta edo Pedro Manterola.

Nafarroako Museora bisita egitean, bizitasuna nabarituko duzu, hemen gauza asko egiten baitira: aldi baterako erakusketak, zine zikloak, kontzertuak eta mintzaldiak, den-dena jendearentzako zabalik. Badira bisita gidatuak bilduma iraunkorrera, bai eta aldi baterako erakusketetara ere. Era berean, badago liburutegia, liburu-denda eta nafar artista garaikideen agiri fondo bat.
[+ ikusi fitxa osoa]

Kokapena

Ordutegia

Otoño:

  • Horario habitual: de martes a sábado, de 9:30 a 14:00 y de 17:00 a 19:00. Domingos, de 11:00 a 14:00. Lunes, cerrado.
  • Puente de El Pilar (del 12 al 15 de octubre): horario sin cambios.
  • Día 1 de noviembre (festivo): horario sin cambios.
  • Día 29 de noviembre (festivo): horario sin cambios.
  • Puente de diciembre (del 2 al 10 de diciembre): horario sin cambios.
     

PREZIOAK

Precio entrada: 2,00 €

Oharrak: descuentos especiales para determinados grupos y colectivos. Sábados tarde y domingos, entrada gratuita.

Bisita gidatua

Bisitaren prezioa: gratis.

Enpresa kudeatzailea: 848 426 493

Ordutegi, data eta prezio orientagarriak. Entitate arduradunarekin baieztatzea aholkatzen da

Informazio praktikoa