Antolatu bidaia

Pablo Sarasateren Museo Gela

Museoak / Monografikoa

Eguraldia

Sala de exposición
Pablo Sarasatek, izen handiko biolin jotzaile iruindarrak, bere sorterriari eman zion ondarea ikusten ahal da dagoeneko zaharberriturik dagoen Kondestablearen jauregian. Eraikin historiko hau, Kale Nagusiaren eta Jarauta kalearen arteko elkargunean dagoena, XVI. mendeko Iruñeko arkitektura zibilaren adierazgarri bakarra da.

Civivox gisa egokitu da eraikina, eta bertan hainbat jarduera eginen dira, kulturakoak eta aisialdikoak. Ibilbide berriari hasiera emateko, erakusketa monografikoa jarri da. Bertan, Sarasateren (1844-1908) bizitzari eta obrari loturiko hainbat objektu daude ikusgai, Iruñeak historian eman duen musikaririk ospetsuena baita.

Brontzezko busto bat, Mariano Benlliurek egina; Jose Llanecesek egindako erretratua, hala nola bere Vuillame eta Gaul & Bernadel biolinak edo bere betiko Bechtein pianoa. Horra gauzarik nabarmenenak.

Erakusketa
Erakusketak lau atal ditu eta erakusten du musikariak, hil baino urte batzuk lehenago, Iruñeko Udalari emandako ondarea. Bere izena Martin Meliton zen eta Biarritzen hil zen, 1908an. Erakusketa lau gaiotan dago sailkaturik: familia eta adiskideak, bere gauzak, jendearen errekonozimendua (opariak, sariak eta ohoreak) eta, azkenik, musika kontuak. Han daude errege-erreginen eta enperadoreen eskuetatik iritsitako opariak, han daude partiturak, musika lan eta programak, errusiar zigarro-kaxa esmaltedunak, edo urrezko erlojuak katea eta guzti. Halaber, Europan dagoen makila bildumarik hoberena dago, Sarasatek makilak oso gogoko izan baitzituen.

Denboraren arabera antolaturik dagoen informazioa ondoko izenburuek egituratzen dute: "Haur miraria", "Urte zailak", "Alemania menderatzea" eta "Mitoa sendotu zen". Lau atal hauek biltzen dituzte irudiak eta artistaren, bere familiakoen eta lagunen argazkiak, baita biografiaren gaineko datuak eta bitxikeriak ere. Nabarmentzekoa da haur mirariari sari gisa eman zioten biolinaren kopia. 13 urte zituelarik, Parisko Kontserbatorioko biolineko lehenengo saria irabazi zuenean eskuratu zuen. Jatorrizko biolina Sarasateren lagun bati erre zitzaion, maisu handiak mailegutan utzi ziolarik. Sarasateren karikatura da erakusketan dagoen beste bitxikeria bat, Vanity Fair aldizkarian argitaratua Grabatuak nabarmentzen du Sarasateren itxura dotorea. Biolin jotzailea oso txukuna zenez, obra guztiak buruz ikasten zituen, kontzertuetan betaurrekorik gabe jotzeko.

Duela gutxi arte, elementu gehienak udal museoan zeuden. Gainera, hemendik aurrera bisitariak erakusketa honetarako berariaz bildu diren beste objektu berri batzuk gozatu ahalko ditu, Sarasatek bere laguna zen Alberto Huarteri idatzi zizkion postalak, esaterako.

Pablo Sarasate museoan dagoela nabari da, "ikus-entzunezkoen txokoek" horretarako aukera ematen baitute. Bi toki hauetan Sarasateren obrak entzun ahalko ditu bisitariak, artista miresten duten izen handiko musikariek interpretaturik —Malikian biolin jotzailea, esaterako—. Halaber, filmak eta dokumentalak ikusi ahalko dira.

Pablo Sarasate Iruñeko seme kutuna da 1900etik aurrera. Munduko kontzertu-aretorik hoberenetan eskatzen dituzte artistak egindako musika lan batzuk, esaterako, "Zapateado" edo "Aires bohemios"•. Bere izena darama Espainiako orkestrarik zaharrenak, hiriko erdialdean dagoen pasealekuak, Iruñeko Goi mailako Kontserbatorioak, Iruñean egiten den Nazioarteko Biolin Lehiaketak. Bere gorpuzkinak bere sortiriko kanposantuan dautza, mausoleo eder batean zehazki.

Museo honetatik oso hurbil, Alde Zaharretik atera gabe, zehazki San Nikolas kaleko 19aren eta 21aren artean jaio zen nafar musikari ospetsu hau. Bada, hantxe plaka bat dago paratua, horren oroigarri.

Kondestablearen jauregia
XVI. mendeko jauregi hau interes kulturaleko Nafarroako ondasunen zerrendan dago. Jauretxea da, Iruñeko hiri arkitekturaren adibidea. Beaumont etxeko Luisek eraiki zuen —Leringo IV. kondea eta Nafarroako kondestablea—. Eraiki zenetik, hiriko apezpikuaren egoitza eta udaletxea izan da. XXI. mendean, eraberritze lan garrantzitsuak buruturik, jauregiak ateak ireki ditu gizarte etxe gisa, herritarren zerbitzurako.

Egindako eraberritzeari esker, eraikinak jatorrizko itxura agertzen du berriz, jatorrizko kantoia edo bigarren pisuko arkupea berreskuratu baititu. Aipatutako elementu hauez gainera, ondokoak dira multzoaren areto nagusiak: Berpizkundeko patioa; estilo gotikoa erakusten duen Erdi Aroko gela, jatorrizko arkuak eta hormak dituena; eta espazio zabala eskaintzen duen jauregiko solairu noblea, hiru areto handi eta jatorrizko polikromiaren arrastoak dituena.
[+ ikusi fitxa osoa]

Kokapena

Wifi gunea 

Ordutegi, data eta prezio orientagarriak. Entitate arduradunarekin baieztatzea aholkatzen da

Informazio praktikoa

  • Herria PAMPLONA ( 31001 )
  • Zonaldea Iruñerria
  • Helbidea Calle Mayor (palacio del Condestable) 2
  • Esteka interesgarriak
  • Telefonoa 948420100 - 948212575
  • Oharpena Cerrado hasta nuevo aviso.