Antolatu bidaia

San Martín de Unx

Herriak

Multimedia

San Martin de Tours Kripta
San Martín de Unx
San Martín de Tours
Sta. María del Pópolo

Eguraldia

San Martin de Tours Kripta
San Martin Unx nekazaritza herria da eta ardo onen sehaska ere bai. Erdi Aroko kalexketan aitoren semeen etxeak daude eta oraindik badira harresiaren arrastoak, bai eta erromatar galtzada baten aztarnak ere.

Herriaren goialdean, San Martin de Tours tenplua eraikia dago, herri osoa mendean dagoela. Nafarroako erromanikoaren elizarik xarmangarrienetakoa da, paisaia zoragarriak ikusteko toki ederra.

Dena den, badira ikusi beharreko beste bi eraikuntza Iruñetik 45 kilometrora dagoen 436 bizilaguneko herri txiki honetan: batetik, San Migelen baseliza protogotikoa (XIV) eta, bestetik, Popoloko Andre Mariaren eliza gotikoa (XIV).

Ibili bere karriketan, dastatu hemengo ardo bikainak eta ikusi herri inguruko bazterrak. Horrela, mendi gainak artez, abaritzez eta ipuruz beterik daude eta erreka nahiz bide ertzak, berriz, zumarrez eta makalez.

Erriberriko merindadearen alderik menditsuenean, Nafarroako Erdialdean, Uxue eta Oibar aldera daramaten bideen bidegurutzean, hantxe dago eraikia San Martin Unx, mendez betetako historia duen herria.

Uxue eta Gerinda mendiek iparraldetik babesturik eta, hegoaldetik, Erriberriko eta Tafallako lur lau emankorretarantz irekia, herria mahastiz inguratua dago. Mahasti horiek sorrarazten dituzte hemengo ardo famatuak.

Desagertua den gaztelu baten inguruan sortua, hasieran izandako defentsa izaeraren ondorioz, badira hirigunean armarridun etxe aunitz, bai eta harresi arrastoak ere. Zure ibilian aurkituko dituzu, mendixka gainerantz eginen duzun ibilbidean.

Han goian eraikia dago San Martin de Tours eliza erromanikoa, XII. mendekoa. Beste garai batzuetan handitu egin zuten. Honatx bere ezaugarri nagusiak: eraikuntza xumea da eta kanpoaldeko ataria xake itxurakoa, proportzionatua eta ongi landua. Kapiteletan San Martin, Sanson eta lehoia ageri dira, bai eta animalien aurka borrokan ari diren gerlariak ere. Barnealdean, miretsi absideko lerroen araztasuna eta hainbat pertsonaia, arku eta zutaberekin apaindua dagoen bataiarria ere bai.

Tenpluko atalik deigarrienetakoa kripta da, kapera nagusiaren azpian eraikia lursaila berdintzeko. Eskailera kiribildu baten bidez iritsiko gara haraino. Barnealdeko argi jokoak edertutako lekua da, Erdi Arokoa, jakina. Sei zutabe bakartu ditu eta beste batzuk, berriz, hormari atxikiak daude. Azken horietako kapiteletan buruak eta landareak ageri dira apainketa moduan.

San Martin Unxen bada beste eliza erromaniko bat, hots, San Migel izenekoa, gaztelu desagertuaren kapera izandakoa eta, XIX. mendearen bukaeratik aurrera, kanposantuaren barnealdean dagoena; bere trazatua xumea da eta bere profilean kanpai-horma bat du.

Herriko karriketan barna, Popoloko Andre Mariaren eliza-gotorlekuraino iritsiko zara, XIV. mendeko eraikuntza gotikoraino, alegia. Oso xumea da eta ia apainketarik gabea. Barnealdean Popoloko Andre Mariaren irudia dago (XV), bai eta XV. mendeko Kristo gurutziltzatuaren tailu bat ere, duela urte batzuk arte Santa Zitaren ermitan egon zena, herritik 5 kilometrora. Baseliza horretara erromeria egiten da urtero, apirilaren 27tik hurbilen dagoen larunbatean. Egun horretan ohikoa izaten da "fricafea" izeneko bildots gisatu bat jatea, hankekin, barrukiekin eta odolarekin egindakoa.

Etxera San Martin Unxeko oroigarririk eraman nahi baduzu, ez galdu almendra azukregorrituak (garrapiñatuak) erosteko aukera, "largueta" deritzon almendrarekin eta ardoarekin eginak, bereziki Nafarroako ardo gorri famatuarekin.

Herriko festak abuztuaren lehen astean ospatzen dira eta San Martin gurtzen dute azaroaren 11n. Bada, San Martin Unx abiapuntu egokia da Gerindako parke eolikoa bisitatzeko, Europako handiena; haraino iristeko, Zangozara doan errepidea hartuko dugu eta, Lergako gaina pasatu ondoren, Olletarantz joanen gara.

[+ ikusi fitxa osoa]

Kokapena

Nabarmendutako ekitaldiak

. Ardo Gorriaren Eguna (ekaina).

Zerbitzuak

  • Aire zabaleko kirol esparrua
  • Askaldegi
  • Bankua
  • Bisita gidatuak
  • Botika
  • Haur-parkea
  • Igerilekua
  • Jatetxe / kafetegiak
  • Kutxazain automatikoa
  • Osasun-zerbitzua
  • Ostatu
  • Pilotalekua
  • Supermerkatua / denda
  • Taberna

Nola iritsi eta mugitu

Salir de Pamplona por la AP-15 dirección Imarcoain/Zaragoza/Madrid hasta la salida 56A Tafalla Norte y enlazar con la N-121. Tras atravesar Tafalla, enlazar con la NA-132 hasta San Martín de Unx.

Ordutegi, data eta prezio orientagarriak. Entitate arduradunarekin baieztatzea aholkatzen da

Informazio praktikoa