Antolatu bidaia

Pamplona

Camino de Santiago
Herriak

Eguraldia

DENA IRUÑEARI BURUZ

*Eskuratu hiriko informazio guzti-guztia Iruñeari buruzko orrialde tematikoan: 4 bide hura ezagutzeko, bidexkak, Iruña haurrekin, erosketak, jarduerak, agenda...

Gazteluko plaza
Erromatarrek fundatuta eta Donejakue bideak gurutzatua, hiri modernoa eta atsegina da Iruñagaur egun, eta jarduera sorta zabal bat egin daiteke bertan: ehunka urte dituzten harresien artean eta harrizko zoladurak dituzten kaleetan zehar ibili; parke eta terrazetan atseden hartu; bertako pintxo gozo-gozoak dastatu; historia handia duten monumentuak bisitatu; primerako ikuskizunetara joan; edo tradizio handiko kirolak ikusi, pilota kasu.

Gainera, Nafarroako erdialdean dagoenez, leku bikaina da erregio osoko dibertsitatea ezagutzeko. Hona hemen Nafarroako hiriburuko leku nagusiak aisia eta kulturari dagokienez, baita bere historiako kontu garrantzitsuenak ere.

HISTORIA PIXKA BAT
. Erromako aztarna: K. a. 75. urtea Erromako Ponpeio jeneralak bere kanpalekua kokatu zuen euskal herrixka bat bazegoen gain batean; egun katedrala dago bertan. Hiria urbanizatu eta bere izena eman zion: Pompaelo. Geroago, bisigodoek eta musulmanek hartu zuten mendean Iruña.

.Erresuma baten hiriburua, eta hiri bakar bat sendotzea: Erdi Aroan, Iruñeko Erresumako hiriburu bilakatu zen lehenbizi, eta Nafarroako Erresumako hiriburu gero. Zenbait erregek hiria jendeztatzeko izan zuten grinaren ondorioz, harresiek inguratutako 3 burgutan banatu zen hiria: Navarreria, San Zernin eta San Nikolas. Burguetako baskoien eta frankoen arteko borrokak etengabeak zirenez, Karlos III.a Nobleak Batasunaren Pribilegioa sinatu zuen 1423an, eta, horren ondorioz, Iruña entitate bakar bat bilakatu zen. Jureria edo udaletxe berria eraiki eta armarri berri bat sortu zuten hiriarentzat; halaber, barne-harresi gehiago eraikitzeko debekua ezarri zuten.

. Iruña, benetako gotorleku bat: Nafarroa Gaztelan sartu zenetik 1512-1515 aldian, Iruña Espainiako koroaren leku aurreratua bilakatu zen Frantziaren aurrean. Ziudadela eta harresi-barruti berria (XVI-XVIII. mendeak) eraikitzearen ondorioz, are ageriagoa izan zen hiri-gotorlekuaren izaera.

. Iruña berria: XVIII. mendearekin batera hasi zen hiriaren modernizazioa. argiak, estolderia, udaletxe berria, iturri neoklasikoak... Napoleonen inbasioak eten zuen prozesu hori. 1915. urtean harresietako tarte batzuk eraitsi ziren hiria zabaltzeko; aldi berean, garapen industrial, sozial eta kulturala gertatu zen, egungo Iruñeraino ekartzen gaituena. Hiri berde bat, maila handiarekin osasun eta hezkuntza arloetan, baina, batez ere, harrera onekoa eta jende onaren lurraldea.

ARTEA: MONUMENTUAK, MUSEOAK, PLAZAK eta BAZTER PAREGABEAK
. Andre Mariaren katedrala (XIV. eta XV. mendeak): bere fatxada neoklasiko berrituaren soiltasunak kontrastea egiten du barnealdeko estetika gotikoarekin; nabarmentzekoa eta bisitatu beharrekoa da bertako klaustroa, ederrenetakoa baita bere estilokoen artean. Bertan eskulturak dituzten 2 ate eta arkuak ikusiko ditugu, baita izar-itxurako ganga duen kapera bitxi bat ere.[+ info]

.Hiru burguak eta euren eliza gerlariak: Navarreria, San Zernin eta San Nikolas, bakoitza bere traza eta bere eliza-gotorlekuarekin (katedrala Navarrerian, San Saturnino eliza eta San Nikolas eliza) egun Erdi Aroko hiriaren alde zaharra denaren sorrera izan ziren; harresiek inguratuta, dorreek eta kanpandorreek karrika meharrak, plazatxoak eta jauregiak zaintzen dituzte eremu horretan.

. Iruñeko Udala: alde zaharraren erdigunean dago, eta ez da kasualitatea. Karlos III.a Nobleak Batasunaren Pribilegioa aldarrikatu zuen 1423an eta, aldi berean, eraikin hori egiteko agindu zuen ordura arte hirian zeuden hiru burguen elkargunean, hiri bakar bat sendotze aldera. Bere fatxada koloretsua nabarmentzen da, estilo barrokoa eta neoklasikoa konbinatzen dituena. Urtero, erdiko balkoia da protagonista uztailaren 6an, bertatik jaurtitzen baita sanferminetako txupinazoa.[+ info]

. Nafarroako museoa, Erresumarenmuina: garai bateko ospitalea, gaur egun museo bilakatu dena; ezinbestez bisitatu behar da Nafarroako artea eta historia ulertzeko, historiaurretik egundaino. Bertan oso pieza garrantzitsuak ikusi ahal izanen dituzu, besteak beste, Leireko kutxatila mozarabiarra edo San Adriango markesaren erretratua, Francisco de Goyak margotua. [+ info]

. Erdi Aroko harresi-barrutia: hormaz, bastioiz, portalez, ilargierdiz, errebellinez eta gotorlekuz beteriko 5 kilometro ditu defentsa-multzo horrek, eta horren sofistikazioari esker Monumentu Nazional izendatu da, Espainian gerra-eremu interesgarrienetakoa eta hobekien zaindutakoenetakoa baita. Ezagutu bere historia Iruñeko Gotorlekuen zentro berrian.

. Jauregi interesgarriak: Errege artxiboa, Kondestablearen jauregia eta Foru Diputazioa: El Nafarroako errege-artxibo nagusia, errege-erreginen jauregi zaharra; XIII. mendeko eraikin garrantzitsua da, Moneok zaharberritutakoa; sala gotiko gangaduna eta barnealdeko patio arkupeduna bere hartan mantentzen ditu. Kondestablearen jauregia da XVI. mendeko arkitektura zibilaren adibide bakarra Iruñean. Jatorrizko itxura eta, besteak beste, bere izkina bitxia bezalako elementuak berreskuratuta zaharberritu zen, eta gaur egun Pablo Sarasateren ondarea eta musika erakusteko zentroa da. Bere aldetik, Nafarroako Jauregia Gobernuko Lehendakaritzaren egoitza da; horregatik esaten zaio Diputazioa. Eraikin neoklasiko sendoa da, barnean areto ederrak dituena, esaterako, Tronuaren Aretoa, eta bertako erlojutik aireratzen da egunero, 12:00etan, Nafarroako himnoa. Bertako lorategietan hiriko zuhaitz handiena altxatzen da, 37 metroko sekuoia bat, mende eta erdiko bizitza duena.

. Gazteluko plaza: hiriko gune nagusia. Lauki osagabea da, eta handik ateratzen dira Alde Zaharreko karrika meharrak. XVIII. mendeko etxe koloretsu askok inguratzen dute, eta balkoiak, dorretxoak, atikoak eta leiho zabalak nabarmentzen dira haietan. Gainera, Ernest Hemingway idazlearen aztarna bertako txoko askotan aurki daiteke, besteak beste, La Perla hotelean, Iruña kafetegian edo Txoko tabernan.

. Zaldi Zuriaren txokoa eta San Jose plaza: harresien bazterrean, xarmaz beteriko txoko bat da, Erdi Aroko kutsua duena. Behatoki bikaina Iruñeko iparralde eta ekialderantz. Bertan dagoen tabernako terrazan, eguraldi ona iristen denean, aire zabalean egiten diren kontzertuak ikus daitezke. Handik, zintzilik dagoen etxe baten azpitik igarota, San Jose plaza txukunera iritsiko zara; han zenbait gauza egiten ahal dituzu, esaterako, hiriko etxe zaharrena ikusi, aterabidea bilatu Salsipuedes kalean edo Iruñeko kaleargi-iturri bakarra ikusi.

NATURA: XARMA DUTEN PARKEAK
. Ziudadela, gotorlekua eta hiriko berdegunea: Espainiako Errenazimentuko arkitektura militarraren adibide onena da, eta barnealdean beste gotorleku eta eraikin txikiago batzuk ditu, aisiarako jarduerak eta erakusketak egiteko erabiltzen direnak. Belardiak eta zuhaitzak daude bere perimetroan zehar, egunero konkistatzen direnak kirol jarduerak egiteko. [+ info]

. Zoo txikia Taconerako lubanarroetan; Versailleseko estiloko parke eder horrek sorpresa anitz ditu guretzat: garaipen arkuen antzeko portaleak, Julian Gayarre abeslariaren monumentu dotorea, hainbat eskultura -horien artean Mariblanca ezaguna-, ogiba-arkuak, iturriak eta kafetegi txukun bat... Baina, dudarik gabe, elementurik bitxiena bertako lubanarroetan dagoen zoo txikia da; oreinak, ahateak, faisaiak, ahuntzak, zisneak edo indioilarrak ikusiko ditugu bertan. [+ info]

. Media Luna parkea: hiriko parke erromantikoenetakoa eta zaharrenetakoa da; Víctor Eusa arkitektoaren zigilua du ilbeheraren itxura duen parke horrek. Nabarmentzekoa da Arga ibaiari begira duen behatokia; margolari nafarrek betidanik margotu izan duten profila ikus daiteke bertatik, katedraleko eta Erdi Aroko elizetako dorreak eta Magdalenako ibarra barne. Gainera, beste zenbait elementu ikusiko ditugu bertan: arrainak dituen urmaela bat, sekuoia erraldoi bat, Pablo Sarasate egindako monumentua eta kafetegi txukun bat. [+ info]

. Yamaguchi parkea: Iruña Japoniako hiri horrekin senidetuta egotearen ondorioz eraiki zen parkea, eta Japoniako lorategi baten elementu nagusi guztiak ditu. Landare eta zuhaitzen artean -batzuk autoktonoak- badira Japoniako apaingarriak: suhama (hondartza), azumaya (urmaelaren gaineko etxola), yatsubashi eta ishibasi (zubiak), taki (ur-jauzia) eta lakuko geyserra, hots, hogei metroko altuera hartzen dituen ur-zorrotada. [+ info]

. Argaren Ibai Parkea: denetarik aurkituko dugu 800.000m2-ko habitat natural horretan: zuhaitzak, parkeak, baratzeak, ontziratokiak, Erdi Aroko zubiak edo garai bateko errotak. Horiek guztiak aurkituko ditugu Iruñeko erdialdea eta hiria iparraldetik inguratzen duten auzoak banatzen dituen ibai horretako meandroetan zehar.

. Unibertsitateko campusak, bi estetika oso desberdin hiriko hegoaldean: Nafarroako Unibertsitateak, 1952an fundatuak, itxura klasikoko campusa du, estilo anglosaxoia gogora ekartzen duena. 400.000 metro koadro ditu. Bestalde, Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Sáenz de Oiza arkitektoak 1987an eraikiak, diseinu abangoardista du, eta zenbait eskultura moderno han-hemenka barreiatzen dira bertako lorategietan zehar; lorategietan 100 zuhaitz espezie baino gehiago daude, bost kontinenteetakoak.

HIRIAN BARNAKO IBILALDIAK
. Funtsezko Iruña: planoa eskuan duzula, konektatu aipatutako gune interesgarriak, eta hiriko alde garrantzitsuenak ezagutuko dituzu. Haratago joan nahi baduzu, edo beste batzuek eramatea nahiago baduzu, bilatu gida adituen laguntza. Bisita gidatuak egiteko aukera asko eta asko, zenbait enpresarekin: Dinamic; Erreka; Global (Hemingway bideak); Guía de Patrimonio; Novotur.

. Harresietan barnako paseoa: 5 kilometro hiriko monumentu eta berdegune garrantzitsuenetako batzuk ezagutzeko. Taconera eta Media Luna parkeak, Ziudadela, Errege-erreginen jauregi zaharra edo Iruñeko gotorlekuen zentroa. [+ info].

. Entzierroaren bidea: Sanferminetakoekitaldi nagusia da. Santo Domingo aldapa, Udaletxe plaza, Mercaderes kalea, Estafeta kalea eta Telefónicako izkina zeharkatuta, zezen-plazara sartzen da 825 metroko lasterketa hori. Irudikatu nahi duzu zure burua zezenen aurrean lasterketa ero baten erdian? [+ info]

. Arga ibaiaren parkea: 22 kilometroko ibilbide naturala, ibaiari paraleloki jarraituta; oinez edo bizikletaz joateko prestatuta dago. Ibilbide erlaxagarria, gauza asko ikusteko parada eskainiko dizuna: zubi historikoak, presak, errotak, zaldainak, parkeak, ontziralekuak, askaldegiak, baratzeak, iturriak, bai eta Ingurumen Heziketarako Museoa edo garai bateko pilategia ere, Hiriko alde zaharreko giro biziarekin bat egiteko, harresietan barna doan igogailua hartu besterik ez duzu, Curtidores zubiaren ondoan. [+ info]

. Donejakue bidea: egun batez erromesa izan nahi baduzu, jaitsi zezen-plazatik Labriteko maldan zehar Magdalenako Erdi Aroko zubiraino, eta ibili Donejakue bidea markatzen duten gezi horiei jarraika. Ibili harresietan zehar, zeharkatu Frantziako portalea, eta gurutzatu alde zaharra kale Nagusian barna. Ibili Taconerako parkean zehar eta inguratu Ziudadela Iturrama auzora hurbiltzeko. Bertatik utziko duzu atzean hiria. Eta oraindik ibiltzeko gogoa baduzu, beste 20 kilometro jarraitzeko aukera duzu, Garesen bukatzen duen etapa bukatu arte.[+ info]
AISIALDIKO JARDUERAK

. Pintxoak eta ardoak hartzea: ahosabai zorrotzenek ere izugarri gozatuko dute Iruñeko tabernek egunero eskaintzen dituzten sukaldaritza-miniaturekin;
Nafarroako produktu tipikoak erabiltzen dira horiek egiteko. Alde Zaharra da jende gehien biltzen duen lekua -Estafeta eta San Nikolas kaleak, batez ere-. Hala ere, zabalguneetan eta beste auzo batzuetan ere aurkituko dituzu horiek. Bisitariari lana errazte aldera, Ostalaritza Elkartearen webguneak informazioa biltzen du zonaldeka, tabernen fitxa eta mapetara iristeko estekekin. Pintxoak eskaintzen dituzten Iruñeko tabernen bilatzailea.

. Kultura-ikuskizun bat ikustea Gayarre antzokian, Baluarten edo Nafarroako Antzerki Eskolan (NAE): kultura eskaintza erakargarria duten hiru gune, ohiko programazioan dantza, musika eta antzerkia sartzen dituztenak. Kontsultatu agendak eta aukeratu gehien interesatzen zaizun ikuskizuna.

. Erosketa tradizionalak eta shoppinga>/em>: betiko establezimenduak, artisauak eta markako dendak izanen dituzu inguruan hiriaren oroigarriren bat erosteko; gauza bat edo produktu gastronomikoren bat izan daiteke. Alde zaharrean aurkituko dituzun oroigarri tradizionaletako askok zerikusia dute sanferminekin: kamisetak, zapiak, zahatoak, espartinak, txapelak, erraldoi, buruhandi eta kilikien figurak, eta abar. Eta gastronomiari dagokionez, Nafarroako ardo on bat eraman behar duzu, zainzurien edo piperren kontserbak, Nafarroako jatorri izendapena duten gaztak, edo hiriko gozoki tipikoren bat. Ezinbestekoa da elikagaien merkatu zaharrena ikustea, Udaletxearen atzeko aldean. Markako erosketak egiteko, ibili Bigarren Zabalgunean zehar -Karlos III.aren etorbidea eta horren perpendikularrak-. Eta denda jakin bat aurretik aurkitu nahi baduzu, sartu gure Iruñeko erosketen bilatzailean.

. Ikusi proiekzio astronomiko bat Planetarioaren kupulan; Europako handienetako bat da: Yamaguchi parkean dagoen kultura zentro horrek aukera emanen digu bere proiektorearen bitartez benetako zeru izartsu bat ikusteko; planetak ere ikus daitezke, baita efektu berezi eta ikus-entzunezko ikusgarriak ere. [+ info]

. Pilota partida bat ikustea Labriten: La Bombonera ere esaten zaio, partidetan sortzen den giro apartarengatik, eta ia 1000 pertsona sartzeko modukoa da. Larunbat arratsaldeetan giro aparta horren zati izan zaitezke; apustuak eginez ongi pasatzeko aukera ere izanen duzu, baita pilotarien arteko lehia noblea ikusteko ere. Horrela ezagutuko duzu Nafarroan jatorria duten kiroletako bat. Sarreren prezioak partidaren kategoriaren eta pilotalekuko jarlekuaren arabera aldatzen dira (10 €-tik gora). [+ info]

. Iruñeko gaua: Iruña hiri txikia da, eta beraz, dena nahiko hurbil egoten da. Motorra berotzen hasteko, abiapuntu bikaina da alde zaharra. San Nikolas kalea eta Gazteluko plazako arkupeak tabernaz beterik daude; garaiz iristen bazara, poteoaren gune neuralgikoa duzu hori. Pixka bat haratago Jarauta eta Calderería kaleak daude. Ordu txikiak iritsita, iruindar asko Donibanera joaten dira; bertan diskoteka eta taberna anitz daude, gustu guztietarako musika jartzen dutenak: jazz, tekno, rock edo pop musika. Ikusi Iruñeko tabernen zerrenda [.pdf, 48 Kb].

  • Ibilbide gomendatua, Iruñeko inguru hurbila ezagutzeko
  • [+ ikusi fitxa osoa]

    Kokapena

    Wifi gunea: 

    Consulte las zonas wifi gratuitas de la ciudad aquí.

    Nabarmendutako ekitaldiak

     . Sanferminak (del 6 al 14 de julio).

    Bisita gidatua

    Enpresa kudeatzailea: consulta el listado de empresas que ofrecen visitas guiadas.

    Zerbitzuak

    • Aire zabaleko kirol esparrua
    • Antzerkia
    • Askaldegi
    • Bankua
    • Bisita gidatuak
    • Botika
    • Diskoteka
    • Esparru termoludikoa
    • Gasolindegia
    • Haur-parkea
    • Igerilekua
    • Interneta
    • Jatetxe / kafetegiak
    • Kiroldegia
    • Kutxazain automatikoa
    • Osasun-etxea
    • Osasun-zerbitzua
    • Ostatu
    • Pilotalekua
    • Saltoki-gunea
    • Supermerkatua / denda
    • Taberna
    • Turismo bulegoa
    • Zinema

    Oharrak

    el mercado semanal se celebra los domingos por la mañana (salvo julio y agosto) en el polígono Landaben, calle A.

    Oharrak

    *Para moverse por Pamplona, utilice el servicio de autobuses urbanos "las villavesas". Acceda al buscador de líneas para conocer recorridos, frecuencias, horarios y paradas.

    Ordutegi, data eta prezio orientagarriak. Entitate arduradunarekin baieztatzea aholkatzen da