Antolatu bidaia

Nafarroa Jatorrizko Deitura

Bertako produktuak

Multimedia


Egungo ardo nafarra 20 mendetako bilakaeraren emaitza da. Tradizio handiko produktu bat da, eskualde honetako ohituretan eta ekonomian indarrez errotu dena. Funesen, Ledean eta Arellanosen aurkitu diren aztarnek erakusten dute ardogintza erromatarren garaitik eratortzen dela, beren upeltegietan anforak (grekoek nahiz erromatarrek erabilitako txanbilak) metatzen zituztela jakin baita. Horien barnean ardoa ontzen zuten eta, ondoren, jauregietako ospakizunetan, oroipen edo elizkizun publikoetan eta orgia pribatuetan edaten zuten, festa girotzeko asmoz. Ordura arte, nafarrek guztiz ezezaguna zuten mahasgintzaren artea.

Erdi Aroan, ardoaren ugaritze masiboak mahatsondo berriak haz zitezen eragotzi zuen. Ardo nafarrak XIX. mendean lortu zuen osperik handiena, ardogintza teknikak modernizatu zirelako, batetik, eta, bestetik, frantsesek ardo nafarra geroz eta gehiago eskatzen zutelako, Bordeleko mahastiak erabat suntsitu zituen izurriteari aurre egiten zioten bitartean.

Mahatsondoek hartutako azalera aldatu egin da garaietatik garaietara. Hasieran, mahatsondoak Nafarroako erdialdean kokatzen ziren, iparralderantz barruratuz. Iruñerria, berez, mahasti zabal bat zen. Ondoren, alderantzizko hedapena gertatu zen, hau da, iparraldean desagertuz joan zen eta hegoaldean, aldiz, zabalduz, gaur egun suertatzen ari den bezala.

Nafarroa sor-markak 75 urte baino gehiago ditu, eta Nafarroako zaharrena da. Paisaien eta klimen aniztasun handia da markaren ezaugarri nagusienetariko bat. Izan ere, oso ezaugarri berezia du eskualdeak, ia parerik gabea Iberiar penintsulan: han bat egiten dute klima atlantikoak, kontinentalak eta mediterraneoak. Beraz, sor-markaren 17.000 hektareak 5 ekoizpen alor bereizietan kokatzen dira: Mendialde Beherea, Izarbeibar, Estellerria, Erribera Garaia eta Erribera Beherea.

Lur horietara ederki egokitu ziren 80ko hamarraldian ekarri ziren atzerriko barietateak, Chardonnay eta Merlot, besteak beste. Bertakoekin izan zen nahasketa eta ardogile sortzaileen savoir faire hori berezko zigilua jartzen joan dira made in Nafarroa diren ardo horiei.

Araudi berriak onartu eta berezko proiektuak dituzten upategi berriak sartu direnez, aukera eta gustu guztietarako ardo sorta zabala lortu da Ardo gorri ospetsuetatik hasirik eta beltz gazteekin bukaturik, zuri gozoak, ospe handiko ardo onduak eta moskatel gisako zuri gozoak, zinez erakargarriak, ditugu. Labur esanik, berezko izaera duten ardoak dira: Nafarroako nortasuna.

Jo honetara: Nafarroako upategien bilatzailea.

Ordutegi, data eta prezio orientagarriak. Entitate arduradunarekin baieztatzea aholkatzen da