Jauzi nabigazioa eta joan edukira
Imágenes presentando Navarra

Antolatu bidaia

  • Embalses de Leurtza

    Embalses de Leurtza

    Miradores Virgen del Yugo

    Miradores Virgen del Yugo


» Argazki guztiak ikusi

Nafarroako Paisaien Bidea. Ura Eta Behatokiak.


Naturalistikoa, Tematikoa


Modu asko daude lurralde bat ezagutu eta horretaz gozatzeko, besteak beste, bertako panoramika hobeak ikustea edo patxadan ibiltzea hango bidexketan barna. Bide honek horretarako aukera ematen du, 20 behatoki eta 15 bidexka baliatuta; azken horiek urari hertsiki lotuta daude eta kontu handiz aukeratu dira.
Oso ezaugarri bereziak dituzten leku paregabeak dira, erraz heltzeko modukoak; bertako herritarrek harro egoteko moduko arrazoiak badituzte, bikain zaindu dituztelako. Hemen dituzu, iparraldetik hegoaldera antolatuta.
PIRINIOETAN (17)
1.- Baztango behatokia: maketa txiki-txiki bat balitz bezala, Baztango ibarra, beti berde, behatokiaren oinetan zabaltzen da. Bordak eta baserriak han-hemenka barreiatzen dira, labore, zelai, baso eta iratzeen artean. Errepidearen ondoan dago, Zigako herri ikusgarritik 2 kilometrora.
2.- Xorroxin ur-jauzia: basoan barna, pago, haritz, hurritz eta gaztainondoen artean doan bide erraz batetik heltzen da 4 metro luze dituen ur-jauzi eder horretara. Bidera heltzeko, Erratzuko Gorostapalo auzora joan behar da.
3.- Infernuko Errotarako bidea: Infernuko errekaren ondotik doan bidexka, Baztango bazter ederrenetako batera eramanen gaituena. Magiaz beteriko toki horretan kasik dilindan dagoen errota bat dago, zaharberritua eta jendearentzat zabalik, eta, ondoan, ur-jauzi bat.
4.- Leurtzako urtegiak: Urrotz eta Beintza-Labaien artean, mendiko bi laku daude gordean, pagadi batek inguraturik. Baso-igel gorriaren babeslekua da, eta itsuak zein ahalmen urriko pertsonak ibiltzeko moduko bidexka bat ere badago bertan. Aisiarako natur eremu izendatuta daude.
5.- Azpirozko behatokia: Araxes eta Malloen gaineko behatoki ikusgarria, Azpirozko atseden-eremuan dagoena (soilik Iruñerako bidean sartzen ahal da), Lekunberritik 2 kilometrora besterik ez. Autobiatik hurbil badago ere, bisitariak atsedenaldi bat egiteko aukera du urteko edozein garaitan.
6.- Malloetako behatokia: Betelun dago, Europako artadi mendebaldekoenean; bertatik modu ikusgarrian ikusten ahal dira Malloetako murru malkartsuak, Araizko herrixkak eta Araxes ibaiaren arroa.
7.- Goikola bidexka: Betelun dago, eta ibilbide atsegina eskaintzen du Araxes ibaiaren ondotik, miresteko, ibiltzeko eta atseden hartzeko bikaina den naturgune batean. Garai bateko bainuetxearen hondarrak ikusten dira, baita iturri sendagarriak eta ola zahar bat ere. Gainera, bainua hartzeko moduko leku bat dago, bertakoek maiz erabiltzen dutena udan.
8.- Aralarko San Migeleko behatokia: santutegi erromanikoaren oinetan -mendizaleek oso maite duten lekua, beren patroia baita- mahai panoramiko batek parez pare dugun ikuspegi ederraren berri ematen digu: Urbasa-Andia mendiak, Beriain mendia eta Sakana.
9.- Iribasko iturburuak: ibilbide borobil erraza, 5 kilometrokoa, Iribastik abiatzen dena Ertzila eta Larraungo iturburuetaraino; erakargarria da beti, pagoak, gaztainondoak, haritzak, iratzeak, zelaiak eta erreketako soinua izanen ditugulako bidelagun.
10.- Eugiko urtegia: oinezkoentzako bidea, mendiko urtegi horren ertzetik 2 kilometro inguru ibiltzeko parada eskaintzen duena, haritz eta pagoen artean. Oso leku lasaia; udaberrian zein udazkenean herriaren inguruan zabaltzen den basoko kolore ugari ikusgarriak miresteko aukera dago.
11.- Ariztokiko behatokia: haitz naturalean landutako bide erraz batetik joaten da haraino; eskailera gutxi batzuk daude, eta baranda ia bide guztian. Handik Irati ibaiaren bidea ikusten da, baita Aezkoako mendiak ere.
12.- Itsu Osina: Iratiko etxeetatik 2 kilometro eskas eginik, aise helduko gara ur-jauziraino Urbeltza errekaren ondotik doan bide batetik. Ibaiak kubo baten itxura hartzen du presa naturalak eta amuarrainak dauden tarte horretan.
13.- Pikatuako behatokia: errepidearen ondoan dago, eta inguruaren gaineko ikuspegi ederra eskaintzen du: Iratiko oihana, Abodi mendia, eta bi mila metrora heltzen den Pirinioetako lehen gailurra, Ori mendia. Neguan, iraupen-eskia egin eta erraketak erabiltzen ahal dira Abodiko estazioan.
14.- Larra-Belaguako behatokia: Belaguako mendatean dago, hain zuzen ere, garai bateko Yeguacerosko aterpe-kuartelaren azpian. Europako paraje karstiko ikusgarrienetako bat da -bertan sortzen da mendi-pinua- eta ibarra nahiz Pirinioetako mendiak ikusten ahal dira handik.
15.- Burgiko arroila: natur ibilbide xume eta liluragarria, ibaiaren ondotik doana. Bertan garai bateko lanbideei lotutako azpiegiturak ikusten ahal dira: karobia, elur-zuloa... Natur erreserba izendatuta dagoen arroilako behatokiraino doa.
16.- Arbaiungo arroilako behatokia: terraza ezin hobea paisaiaren edertasunari erreparatzeko; Zaraitzu ibaiak zulatutako arroila sakona da, natur erreserba izendatua. Hegaztientzako babes bereziko eremua ere bada, Nafarroako sai arreen kolonia handiena zaintzeari begira.
17.- Irunberriko arroila: erabat prestatutako bidea, Irati ibaiaren ondotik doana; uneoro gelditzeko gonbita egiten du, bai ibaiaren korrontea ikusi eta aditzeko, bai arroilako haitzetan bizi diren hegaztiak eta saiak ikusteko. Irunberriko arroila natur erreserba da.
IRUÑERRIAN (4)
18.- Zaldi Zuriko behatokia: Redingo bastioiaren gainean dago, eta Iruñeko txoko ederrenetako bat da. Hiria inguratzen duen harresiko gune garrantzitsuenetako bat da, eta interes kulturaleko ondare izendatuta dago; balkoi zabal-zabala da, eta bertatik 180º-ko erradioan ikusten da horizontea.
19.- Arga ibaiaren pasealekua: 11 km-ko bide ezaguna, Iruña zeharkatzen duen ibiaren ondotik doana. Naturgune bat hiriaren bihotzean, piraguaz, bizikletaz edo patxadazko paseoa eginez ezagutzen ahal dena; Erdi Aroko zubiak, errotak, haurrentzako parkeak eta baratzeak daude han-hemenka.


20.- Etxauriko behatokia: Etxauriko mendatean dago, hegaztientzako babes bereziko eremu izendatutako paraje batean, 840 metroko altueran. Bertatik ikuspegi ederra dago Iruñerriaren, Sarbil mendiko haitzen eta Erreniega mendiaren gainean. Eguna garbi izanez gero, Pirinioetako mendien silueta ere ikusten ... [+ info]

Ordutegi, data eta prezio orientagarriak. Entitate arduradunarekin baieztatzea aholkatzen da



www.turismo.navarra.es

+34 848 420 420

24-06-2016

Reyno de Navarra, Tierra de diversidad