Antolatu bidaia

Pilotaren mundua

Tematikoa
Mano de pelotari
Nafarroan berezko nortasuna duen kirolik bada, horixe dugu pilota. Grekoek sorturik, monjeek eta erregeek jokatu zuten joko horretan, eta gure komunitatean errotu eta finkatu zen. Larreetan eta plazetan jokatu zen, baita arkupeetan ere. Hartara, ospe handiko pilotarien harrobia da Nafarroa, eta pilotalekuek geografia zipriztintzen dute, herri eta hirietako berezko osagaiak baitira. Horietan lagunak elkartu ez ezik, kirolari profesionalek ere egiten dute desafioa, ondoko modalitateetan jokatzeko: pala, zesta-punta, erremontea, eta modalitate nagusia, esku-pilota.
    Pilotaren mundua Nafarroan

  • Historia eta bilakaera
  • Nafarroako pilotariak
  • Jokoaren modalitateak
  • Pilota
  • Esparruak eta instalazioak
  • Apustuak
  • Zenbait bitxikeria
  • Seinaleak
  • Partida bat ikustea
  • Webgune interesgarriak


Historia eta bilakaera
    Milaka urteko jokoa da pilota, eta goieneko eta gainbeherako garaiak izan ditu tarteka. Izan ere, obra gorenetan gelditu da betiko, besteak beste: Homeroren Odisea eta Goyaren Pilota jokoa.

    Grekoak izan ziren pilota jokoak arautu zituzten lehenak. Erromatarrek —enperadoreak barne— pilotan jokatu zuten aisialdian. Erdi Aroan pilota erlijio esparrura baztertu zenez, monasterioetako klaustroak izan ziren monjeen ohiko pilotalekuak. Horri esker, bizirik irauteaz gainera, bilakatu egin da jokoa, herri jolas bihurtu arte.

    XII. eta XIV. mendeen artean pilota zabaldu zen pixkanaka, eta errege asko zaletu ziren kirol horrekin. Nafarroan 1331koa da pilotari buruzko lehenbiziko erreferentzia idatzia. Izan ere, urte hartan Evreuxko Felipe III.ak, errege pilotazaleak, Iruñeko Domingotarren klaustroan egurrezko tribuna bat eraikitzeko agindu zuen partida bat ikusteko. Era berean, errege-erreginen Erriberriko jauregian kantxa bat egon zen. 1408ko dokumentuetan agertzen da berri hura, eta "terrado para jugar a peillota" bazegoela esaten digute. Instalazio hark denbora luzean iraun zuela badakigu, XVI. mendeko hainbat dokumentuk esparru horretan konponketa batzuk egin zirela agertzen baitute.

    XVI. mendean, eskualde pilotazale nabarmena izan zen Nafarroa, Corellan eta Zangozan jokatutako partidei buruzko erreferentziek erakusten dutenez. Hain zuzen ere, garai hartan kexa bat aurkeztu zen justiziaren aurrean, Fiteroko monasterioko monjeak pilotan aritzeagatik.

    XVII. mendean, Espainia osoan zabaldu zen pilotaren gorakada: gizarte-klase guztiek jokatzen zuten, trinketeak nonahi zabaldu ziren, pala modalitatea finkatu zen, eta lehenengo debekuak ezarri ziren, elizetako atarietan, hilerrietan eta eragozpenak sortzen zituen kaleetan ez jokatzeko idatziak. XVIII. mendean Nafarroa izan zen zaletasun eta praktika handiena agertu zuen lurraldeetariko bat, eta grina horrekiko berezko nortasunari eutsi zion hurrengo mendeetan.

    XIX. mendearen azken hamarraldian finkatu ziren pilotaren modalitate adierazgarrienak: esku-pilota, pala, erremontea eta zesta-punta. Eta XX. mendean pilota profesionala hasi zen.



Nafarroako pilotariak
    Zalantzarik gabe, komunitateko herri kirol garrantzitsuena da pilota. Nafarroa izan da eta jarraitzen du izaten izen handiko pilotarien lurraldea. Honako eskulari hauek aipatzekoak dira eskualdean: Retegui, Arretxe, Galarza, Bengoetxea, Lajos, Olaizola anaiak, Eugi, Beloki, Martínez de Irujo eta Abel Barriola. Bestalde, Óscar Insausti eta Iturri palariak ditugu, baita ondoko erremontelariak ere: Jesús Ábrego, Raúl, Lecumberri anaiak, Kike Elizalde, Koteto Ezkurra edo Iñaki Lizaso.


Jokoaren modalitateak
    Pilotaren jokoaren modalitateak bitan sailkatzen dira: zuzenekoak eta zeharkakoak. Lehenengoetan, jokalariak aurrez aurre jartzen dira, eta pilota zuzenki jaurtikitzen diote elkarri. Bigarrenetan, berriz, talde batek hormaren aurka jaurtikitzen duen pilota berriz jo behar du besteak.

    Zuzeneko jokoak, zaharrenak
    *Bote luzea: pilota eta eremu angeluzuzena behar ditu. Ez da hormarik behar. Mutur batean botaharria jartzen da, eta talde bakoitzeko jokalariak handik egiten du sakea. 5 jokalariz osatutako taldeen artean jokatzen da partida: sakalaria eta 4 errestalari. Mahai jokoa bote luzearen modalitate bat da. Horretan, jokalekuaren erdian jarritako mahai batean egiten da sakea.

    *Laxoa: Aurrekoaren antza duen arren, eskularruarekin jokatzen da. Jokaleku handiagoak behar ditu, eta 4 jokalari jartzen dira talde bakoitzean. Sakalariaren pare-parean horma bat dago.

    *Errebotea: Kantxa angeluzuzena behar da, eta frontis batean egiten da sakea. Neurri desberdinetako bi eremutan zatitzen da jokalekua: Bata, hormatik hurbilena, errestoa egiten duten taldearena da, eta bestean, berriz, eraso egiten duen taldea jartzen da. Eskularruak eta joko garbian erabiltzen diren antzeko saskiak behar dira jokatzeko.

    *Pasaka: Trinketean edo arkupean jokatzen da. Larruzko eskularruak erabiltzen dira, eta bi talde daude, bina jokalari dituztenak. Metro bateko altuera duen sare batek zatitzen du kantxa. Tenisaren antza du jokoak, eta jokalariek saiatu behar dute pilota sarearen gainetik pasatzen eta aurkariek pilota itzultzea galarazten.

    Trinketea: kontrako kantxarik ez duen pilotalekua da, alboko horma bikoitza duena
    Arkupea: eraikin publiko baten esparru estalia da, pilotan jokatzeko erabilia

    Jokatzeko modua
    Zuzeneko modalitate guztietan, pilotariek aurkako taldearen esparrura jaurtiki behar dute pilota. Puntuak emateko, antzinako sistema erabiltzen da oraindik: 15 huts; 15na; 15 eta 30; 30na; eta 40 eta 30.

    40 lortu dituen taldea aurkariak berdintzen badu, "bina" esaten da. Orduan, 40tik 30era jaisten da lehen taldea, eta 30na gelditzen dira. Jokoak jarraitzen du harik eta taldeetariko batek jokoa ixteko bi tanto jarraian markatu arte.

    Partida hasi baino lehen, epaile nagusiak txapa bat edo txanpon bat botatzen du airera, kantxa nork hautatuko duen erabakitzeko. Txapak erakusten duen koloreak zehaztuko du jokalekua hautatuko duen taldea. Gorria aurkiaren baliokidea izanen da, urdina, berriz, gurutzearena.

    Zeharkako jokoak
    *Esku-pilota zaleek gehien baloratzen duten modalitatea da gaur egun. Beharbada modu naturalenean eta sinpleenean jokatzen delako izanen da. Izan ere, aski dira pilota eta horma bat, esku zabalez jota pilota jaurtikitzekoa. Tako batzuez babesten dira eskuak kolpea apaltzeko, eta esparatrapuz itsasten dira mokor horiek. Pilotaleku motzean, trinketean edo plaza zabalean jokatzen ahal da, eta pilotalekuan jokatzen bada 101 eta 107 gramo bitartekoak dira pilotak; trinketean aritzen bada, berriz, 92 gramokoa da. Hona hemen txapelketa nagusiak: esku-pilotakoa, binakakoa eta lau eta erdikoa.

    *Pala eta paleta: jokoaren arabera, palen neurriak eta pisuak aldatzen dira modalitate horietan: pala luzea, pala motza, larru-paleta eta goma-paleta. Neurri desberdinak egoten dira modalitatearen arabera: 50 cm pala motzean, eta 55 cm goma-paletan. Pago-zurez edo beste zur noble batzuez egiten dira palak. Pilotei dagokienez, 35 gramokoak dira gomazkoak eta 115ekoak pala luzean erabiltzen direnak.

    *Zesta-punta eta erremontea: zestak erabiltzen dira bi modalitate horietan, eta, jokoaren arabera, pilota jasotzeko modua aldatu egiten da: zesta-puntan, pilota xisteran atxikirik, jaurtiki egiten da jarraian. Erremontean, berriz, xisteran irristatu ondoren, goratu eta jaurtiki egiten da pilota.

    *Xarea: pala gisako tresna bat erabiltzen da modalitate horretan. Zurezko eraztun makotu bat du palak, oso tenkaturik ez dagoen sokazko sare bat finkatzeko balio duena. Joko honetan jaso eta jaurtiki egin behar da pilota, sarea baliaturik.

    Jokatzeko modua
    Hainbat tantotara jokatzen dira partidak: 22ra esku-pilotan, 40ra erremonte eta trinketean eta 45era palan (goreneko mailako txapelketa eta partidetako tanto kopuru horiek aldatzen ahal dira jaialdietan). Tantoa da jokalariak edo taldeak irabazten duen puntua. Partidan zehaztutako tanto kopurura heltzen den lehena da irabazlea.

    Partida hasi aitzin, zuzeneko jokoetan bezala egiten da, hots: epaile nagusiak txapa bat edo txanpon bat botatzen du airera, baina kasu horretan lehenengo sakea nork eginen duen hautatzeko.

    Pilota jokoaren arauei buruzko informazio gehiago lortu nahi izanez gero, jo federazioaren webgunera

Pilota
    Joan den mendera arteraino, artisauek egiten zituzten pilotak. Beraz, desberdinak ziren pilota guztiak, batzuk onak eta beste batzuk, berriz, okerxeagoak... Arazoak bere horretan iraun du, nahiz eta gaur egun pilotak makinaz egin diren. Hala ere, botileroek (pilotarien laguntzailea partidetan) esaten duten bezala, "desberdinak dira larru guztiak, baina pilotaria sasoian badago, edozein pilotak balio du".

    Esfera formako nukleo bat du pilotak, egurrezkoa edo plastikozkoa, eta latex, artile eta kotoi geruza batzuk jartzen zaizkio gainean. Azkenik, zortzi itxurako larruzko bi puska josten dira aurreko multzoaren azalean. Jokoan berebiziko garrantzia du pilotak, eta txapelketetako ekitaldi funtsezkoenetariko bat da hura hautatzeko saioa. Lehenago hautatu dituen pilotak ditu jokalari bakoitzak, eta, txanda heltzen zaionean, aurkariari utzi behar dio pilota probatzen, sakea egin baino lehen.

Esparruak eta instalazioak
    Urteak joan urteak etorri, bilakatu egin dira pilotalekuak. Pilota-soroak larreak ziren, horizontalak ez beti, eta joko zuzenetan jokatzen zen horietan. Bai herrietan, bai baserri isolatuetan aurkitzen ahal ziren soro horiek. Luzerako pilotalekuen antzinako esparruak izan ziren.

    Plaza zabalek modalitate zuzenetan aritzeko aukera ematen zuten herrietan. Lurrezko zorua zuten hasieran, eta zoladura geroago. Eta pilotalekuei esker, zeharkako jokoak pilotaren munduaren esparrura sartu ziren. Luzerako pilotalekuek (54 metrokoek) edo motzek (30 eta 36 metro bitartekoek) aukera ematen dute zeharkako modalitate guztietan aritzeko.

    Udaletxeetako zein elizetako arkupeak esparru estaliak dira, eta urte askotan esku-pilotako edo pasaka gisako modalitate zuzeneko partida askoren agertoki izan dira. Gaur egun, partida handien lekuko mutuak izaten dira oraindik.

Apustuak
    Aspaldiko garaietatik egundaino, pilotari atxikirik egon da apustua. Horregatik, hain zuzen ere, zaila da zehatz-mehatz jakitea zein izan zen horren jatorria. Gaur egun ikuskizunaren alderdi berezienetariko bat bihurturik, aziendak eta baserriak galarazi zituen ohitura zahar hori goreneko puntura heltzen da esku-pilotako finalean.

    Partidak aurrera jo ahala, apustuak zuzentzen dituzten artekariek aukerak edo apustuak kantatzen dituzte. Gorriaren edo urdinaren alde kantatzen dituzte, aurkariek jantzita duten kamiseta edo gerrikoaren kolorearen arabera. "Apustuen kantua" etengabea denez, partida osoan egiten ahal dira apustuak.

    Apustulari bakoitzak gogokoena hautatzen du, apustuak eurotan emandako 2 kopuru finkoren proportzio bat direla jakinik. Galdu beharreko kopurua da lehena, eta bigarrena, berriz, irabazten ahal den diru kopurua. Beraz, artekariak urdinendako 100 eta 50 kantatu ondoren, apustua onartzen bada, horrek esan nahi du urdinek irabazten badute, apustulariak 50 euro irabaziko dituela (enpresarendako aldez aurretik finkatutako portzentaje bat kenduko da kopuru horretatik), bestela, 100 euro galduko ditu. Partida bukatu ondoren, artekariarekin egiten dira ordainketa eta kobrantza horiek.

    Apustuei buruzko bitxikeria bat dago pilotalekuan: paper puska txikietan gauzatzen dira apustuak, eta artekariak hutsik dagoen tenis pilota batean botatzen dio papera apustulariari. Pilota jaso ondoren, apustulariak artekariari itzultzen dio pilota.
    Apustuak Internet bidez egiteko aukera dago gaur egun.

Zenbait bitxikeria
    Bitxikeria eta pasadizo barregarri ugari gertatu dira pilota jokoan. Horietariko batzuen berri emanen dugu:

    AngelusaAntzina, igandeetan jokatzen ziren finalak, 11:30ean. Baina ordu erdi bat geroago, 12:00etan, epailea nahitaez kantxan sartu, partida gelditu, eta angelusa otoitzen hasten zen. Eztabaida piztu zen arren, 90eko hamarraldiaren bukaeran kendu zen ohitura hori. Dena den, 2000. urtera arte goizeko ordutegian jokatzen jarraitu zen.

    Sotanak kantxara
    XIX. mendean barna, apaizek funtsezko eginkizuna izan zuten pilota partidetan: ikusleak ziren; gatazkarik sortuz gero, epaile; eta, gaur egun egoera surrealista iruditu arren, oso ohikoa zen apaizak pilotan aritzen ikustea, sotana eta apaiz-kapela jantzirik sotamanoz jotzen...
    Hona hemen sake ederra izateagatik ospetsu bihurtu ziren apaiz batzuk: Celedonio Larrache jauna, Lesakakoa; Juan Bautista Chopelena jauna, Igantzikoa eta Francisco Azpiroz jauna, Ihabenen sortua. Erresto ederra izateagatik, ondokoak bihurtu ziren ospetsu: Joaquín Gamio jauna, Baztangoa; eta Zenón Echaide, Arantzakoa. Azken hori xantrea izan zen Madrilgo Errege Kaperan.
    Pilota joko profesionalen esparruan sarturik irabazi-asmoak nagusitu zirenean, apaiz-pilotaria desagertu zen, eta pilotaren historiara pasatu zen.

    Eta emakumeak ere bat
    Emakumeek ere parte hartu zuten. Erraketalariak ziren horiek. Gizarte matxista hartan morboa eta mesfidantza piztu arren, pilotaleku batetik bestera ibili ziren munduan. Nafarroan Lesakako eta Igantziko emakume talde bat zale amorratu ziren, eta 60ko hamarraldian Baztango Herrien arteko Txapelketan parte hartzen zuten.


Seinaleak
    Nafarroan eginen duzun bisitan kirol eta ohitura horri lotutako ondarea oharkabean geldi ez dadin, mapan (.pdf 325 Kb) nabarmendutako herrietan hainbat iragarki-ohol eta plaka aurkituko dituzu, pilotaren munduari buruzko xehetasun eta bitxikerien berri emateko jarriak.

Partida bat ikustea
    Nafarroan, zaila da pilotalekurik ez duen herririk aurkitzea, eta asteburuetan, batez ere, lagunarteko partidak jokatu ohi dira. Modalitate desberdinetan aritzen dira jokalariak, hala ere, gomazko pilotarena zabalduena da, edozein esparrutara ederki moldatzen baita. Era berean, Iruñean esku partidak gozatzeko aukera izanen duzu Iturrama auzoko López pilotalekuan edo, bestela, alde zaharreko Mañuetako pilotaleku txikian, hura ere maiz erabiltzen baita.

    Txapelketa ez-ofizial ospetsuenen artean nabarmendu behar da Mezkirizko Leku-Ona pilotalekuan egiten den abuztua eta urria bitartekoa. Bost kirol du izena, hain zuzen ere, bost modalitate baititu: goma-paleta edo larru-paleta, pala motza, xarea eta esku-pilota. Bestela, apirila eta abuztua bitartean laxoa protagonista dugu Baztanen eta Bidasoa aldean.
    Era berean, merezi du profesionalen arteko partida bat eta hango erritual osoa ikustea (kategoriaren eta txapelketaren arabera, 10 eta 50 euroren arteko sarrerak daude, eta 25 urtetik beherakoek doako sarrera dute Euskal Jai Berri - Reyno de Navarra pilotalekuan) edo Labriten. Pilotariek agurtu egiten dute kantxan, praka zuri-zuria, kamiseta eta gerriko gorria edo urdina jantzita, sailkapenean duten leku hobearen edo okerragoaren arabera.

    Tantoaren sakeak apustuen zalaparta apaltzen du. Lasterketa laburra, botea, jo, eta hasten da partida. Ikusleek jarraitzen diote pilotari batere xehetasunik galdu gabe, eta, oharkabean, mugimendu txiki bat egiten dute pilota altxatzeko eta txapa ez ukitzeko. Eta bata bestearen atzetik doaz jokaldiak: bi pareta, txokoko edo zabaleko dejada, txapa-gainekoa, bolea, gantxoa...

    Esku-pilotan 22 tantora jokatzen da partida. Kantxan elkar zoriontzen dute pilotariek. Harmailetan, apustuen artekariek zorrak likidatzen dituzte. Eta jendeak jokaldi onenak komentatzen ditu, hurrengo partida noiz hasiko den irrikan dagoen bitartean.

Webgune interesgarriak:













[+ ikusi fitxa osoa]

Ordutegi, data eta prezio orientagarriak. Entitate arduradunarekin baieztatzea aholkatzen da