Zangoza Santiagorako bidea da, bidegurutzeen eta erdi aroko muga zaharren lurraldea. Bertako monumenturik esanguratsuena
Andre Maria elizaren portada erromanikoa da. Nabarmentzekoak dira, baita ere, Santiago eliza,
Vianako Printzearen eta Vallesantoro jauregiak eta Carmen eta San Francisco komentuak.
Zangozatik 8 kilometrotara,
Xabierko Gaztelua dugu, San Frantzisko Xabierkoaren jaiotetxea. San Frantzisko Xabierkoa Nafarroako patroi eta kristautasunaren misiolari garrantzitsuenetako bat da: 1541. eta 1552. urteen bitartean, Afrika, Asia eta Ozeaniako leku askotan ibili zen eta Mendebaldearen eta Ekialdearen arteko nolabaiteko kultur zubia izan zen. Gazteluak X. eta XI. mendeetan eraikitakoa da, eta azkeneko zaharberritze bikaina 2005. urtean egin dute.
Handik hurbil, uretako kirolen gune den
Esako urtegia dago. Gertu dugu, baita ere,
Leireko San Salbatore monasterioa, izen bera duen mendi inguruetan eraikitakoa, ikuspegi ikaragarriak dituen bazter eder batean. XI. eta XIV. mende bitartea eraiki zuten, eliza prerromaniko zahar baten gainean. Bertan, bereziki aipatu beharrekoak dira kripta erromanikoa eta Speciosa izena duen atea, XII. mendeko atari bikaina.
Irunberrin, Arbaiun eta Irunberriko
Arroilen Interpretazio Zentroa bisitatzeko aukera dago. Horri esker uraren eraginez haitzetan sortutako arroila ikaragarri horien inguru naturala hobeki ezagutzeko aukera izanen dugu. Batean zein bestean, bertan bizi diren hegaztiak behatzeko etenalditxoa egitea merezi du, batez ere sai arreen hegaldi dotorea ikusteko.
Iparralderago, Frantzia eta Huescarekin mugan,
Erronkari ibarra dago. Zazpi herri ederrek osatzen dute, eta bertan gordetzen eta ohoratzen dituzte gure geografiako tradiziorik bitxienetako batzuk. Horiek ezagutzen ahalko dituzue
Almadiaren museoan (Burgi),
Julian Gayarre tenorearen museoan (Erronkari) eta
Gaztaren museoan (Uztarroz) eta Naturaren Interpretazio Zentroan (Erronkari) bisita eginez.
Erronkari ibarretik iparraldera Belagua eta
Larrako erreserba ditugu. Bertan iraupen eskia praktikatzen da, eta aukera dago, baita ere,
Hiru Erregeen Mahaiko (2.422 m),
Auñamendiko (2.507 m) eta
Ukerdiko (2.248 m) tontorretara abiatzeko.
GastronomiaZangozan, monumentu arkitektonikoez gain, gastronomia aberatsa ere bada. Aipamen berezia merezi dute "potxa" deitutako babarrunek, etxean egindako hestebeteek eta "
glorias de yema" direlakoek.
Erronkari eskuz egindako ardi-gaztaren eta ogi mamien paradisua da. Gaztetan, izan ere, jatorrizko
izen propioa dute.
EkitaldiakZangozako herritarrek urtero, urtarrilaren 6an, ahal duten guztia ematen dute
Erregeen misterioa antzezteko. Hori Espainian oraindik mantentzen diren lau auto sakramentaletako bat da, eta bertan herriko hainbat biztanlek hartzen dute parte, batez ere haurrek.
Erronkari ibarrean ehunka biztanle elkartzen dituzten bi festa erritual ospatzen dituzte. 1992. urtetik, apirilaren amaiera eta maiatzaren hasiera bitarte, Burgin
Almadiaren eguna egiten dute. Egun horretan bost kilometroko jaitsiera egiten dute, garai batean Nafarroako iparraldetik Zaragoza eta Tortosa arte errekak gurutzatzen zituzten ontzi tradizional horietan, enborrez egindakoak.
Hiru behien zerga uztailaren 13an ospatzen dute, urtero, apenas etenik gabe 1375. urtetik. San Martin harriko mugarrian egiten dute, 1.760 metrotan. Ospakizun horietan, Frantziako Baretous ibarreko alkateek, zeremonia bitxi baten ostean, hiru behi ematen dizkiete Erronkariko agintariei. Hori guztia garai batean abereentzako larre eta iturriengatik etengabe izaten ziren gatazkak konpontzeko hitzarmen baten ondorio da.