Lor aintzira

Lakuak eta urtegiak

Multimedia

Laguna Lor
Baile del somorujo

Eguraldia

Laguna Lor
Cascanteren eta Ablitasen artean kokaturik, Lor aintzira arrantza egiteko, ibiltzeko eta hegaztiei behatzeko bazter ederra da gaur egun. Txikia da urtegi natural hori, baina artifizialki handitu zuten.

Ehun urtetik gorako hainbat legendaren arabera, auhenka edo hasperenka ibiltzen diren maitagarriak bizi dira misterioz inguratutako aintzira horretan. Haien irriek eta txistuek azalpen zientifiko erraza dute: besteak beste, ahate txistularia eta antxeta mokogorria bizi dira bazter hartan.

Landaredi urria dagoenez, urruneko esparruak ere ederki ikusten dira, eta, horregatik, leku ezin hobea da hegaztiei behatzeko. Ibilaldi erraza egiten ahal da natur ingurunearen ertzetik doan goiko pistan barna.

Queiles ibarrean, Erriberan, aintzirak Moncayoren urak biltzen ditu, lur ureztatuetan erabiltzeko. Hala ere, hori baino anitzez gehiago da: arrantza barrutia, bertako espezien eta beste berriago batzuen bizilekua; uretako hegaztiei behatzeko bide bikaina; eta misterioz betetako ingurua, antzina igerilari batzuek bizitza galdu baitzuten urak zeharkatzean.

Cascantetik Ablitasera doan errepidea gurutzatuta, aintziraren ertzera helduko gara. Handik aurrera, mendi-bide goratu batek inguratzen du aintzira, eta, urtaroa zein den, espezie anitz ikusten ahal dira, besteak beste: kopetazuri arrunta, murgil handia, koartza hauskara, ahate gorrizta, murgilari europarra, etab. Araldian murgilak eskaintzen duen dantzak, ispiluaren aurreko dantza dirudien erritualak, ez du inor hotz uzten. Komenigarria da isilik egotea eta bidetik ez ateratzea, hegaztiak ez uxatzeko.

Aurrerago, uretako landareen gunea ikusten ahal da, lorategi japoniar bateko urmaelaren antzekoa.
Eta sugestioa kontrolatzerik dugun jakiteko, onena da aintzirara gauez joatea. Gaueko zorigaiztoko soinuek irudimena piztu eta, beharbada, ilea laztuko digute. Aintziraren erdian miura bat dago? Ez horixe! Txori zezena da. Eta irri horiek? Maitagarri batenak ote dira? Giza presentzia bat ote? Ez, jakina. Zenbait hegaztiren kantek giza irriaren antza dute. Gauez edo egunez, ibilaldi atsegina da, aski ezezaguna den natur ingurune batean barna.
[+ ikusi fitxa osoa]

Kokapena

Ordutegi, data eta prezio orientagarriak. Entitate arduradunarekin baieztatzea aholkatzen da