Hegaztiei behatzea Nafarroan

Habitats

Harkaitzak

Ohar orokorrak

Erraza da harkaitz-labarrak aurkitzea ia Nafarroa osoan, baina horiek ugariago eta ikusgarriagoak dira mendialdean, besteak beste, ipar-mendebaleko eremuetan (Urbasa, Lokiz, Kodes, Aralar, Andia), Pirinioaurrean eta Pirinioetan. Eremu horietan labar gehienak urak indartsu higatutako kareharriaz osatuak dira; hegoaldean, aitzitik, igeltsuak eta buztinak dira arruntenak.

Nabarmentzeko modukoa da Pirinioaurreko eremua harkaitz handiak dituzten arroila asko daudelako. Bertan hegazti-fauna berezi bat bizi da.  Ezagunenak Irunberriko arroila, Arbaiungo arroila eta Burgiko arroila dira.

Hegazti-fauna

Labarrak oso inguru interesgarria da: zulo asko egoten dira eta horiek babesleku apartak dira hegazti askorentzat. Gainera iristeko zailak diren tokietan egoteak eta haietan barrena haize korronte indartsuak ibiltzeak segurtasuna eskaintzen die harrapari handiei, baita hegan hasteko erraztasuna ere.

Horrela, harkaitzak gehienbat babesleku gisa eta kumeak zaintzeko erabiltzen dira; elikagaiak inguruan bilatzen dira.

Espezie deigarrienak, dudarik gabe, harrapariak dira. Labarretan honako hauek ugal daitezke: sai zuria, sai arrea, ugatza, arrano beltza, belatz handia eta belatz gorria. Guztiz bakana da aztore-arranoa. Gaueko harraparien artean daude hontz zuria, mozoloa eta hontz handia.

Baina, halaber, badira beste hegazti batzuk, ez hain deigarriak, baina horiek bezain interesgarriak: malkar-sorbeltza, haitz-usoa, haitz-enara, enara azpizuria, harkaitz-zozo gorria, harkaitz-zozo urdina, buztangorri iluna, belatxinga mokogorria, erroia, bele txikia eta harkaitz-txolarrea.

Neguan zehar harkaitz-txoria eta mendi-tuntuna ere ikus daitezke goi mendia bezain altu ez dauden eremuetako harkaitzetan.