Hegaztiei behatzea Nafarroan

Habitats

Harizti atlantikoak

Ohar orokorrak:

Hosto zabaleko haritzek osatutako basoez ari gara hemen: haritz kanduduna (Quercus robur), haritz kandugabea (Quercus petraea) eta ametza (Quercus pyrenaica).

Gehienbat banatzen dira iparraldeko eta ipar-mendebaleko Nafarroa hezean, baita Pirinioetako ibarren goiko aldeetan ere. Haritz kandudunen basoak honako hauetan egoten dira: Kantauriko isurialdeko ibar hondoetan edo beheko magaletan eta ipar-mendebaleko mendi-eremuetako ibarretan. Gainerako haritzak altuera erdiko hegaletan daude. Ametzak, kontrakoa eman balezake ere, saihesten du Pirinioetako eremua; han, haritz kandugabea hazten da.

Historian zehar baso horiek ustiapen tradizional orekatua izan dute, baina euren irisgarritasunarengatik luberritze zabalak egin dira horietan, eta, gaur egun dauden hariztiak garai batean egon zenaren lekuko hutsak besterik ez dira.

Oro har, nahiko baso zabalak eta heterogeneoak dira, eta ibar-basoen estaldura ugaria eta aberatsa dute. Horrek laguntzen du landare-estratifikazio askotarikoa egotea, eta era horretan intereseko hainbat txoko sortzen da. Haritzek, zahartu ahala, hutsune eta zulo anitz agertzen dute; horiek babesleku bikainak dira hegazti eta beste organismo batzuentzat.

Hegazti-fauna:

Paisaian dagoen hetereogeneotasunak eta baso horien egiturak laguntzen du hegazti-fauna komunitate askotarikoak egotea, nahiko dentsitate altua dutenak (80-120 hegazti/10 ha). Haritzetan hutsune asko egoteak ahalbidetzen du bertan dauden espezietatik asko hegazti trogloditak izatea, hau da, habiak zulo eta arrailduretan egiten dituztenak.

Baso horien ezaugarri diren hegaztien artean honako hauek daude: okil handia, txepetxa, txantxangorria, zozo arrunta, birigarro arrunta, txinbo kaskabeltza, gerri-txori arrunta, garrapoa, amilotx urdina, kaskabeltz handia, kaskabeltz txikia, txonta arrunta. Gutxiago egon arren, honako hauek ere ohikoak dira: kuku europarra, okil berde iberiarra, okil txikia, erregetxo bekainzuria, euli-txori grisa, txio iberiarra, txio lepazuria, garraztarroa, buztanluzea, araba zozo pikarta eta gailupa.

Harrapariei dagokienez, honakoak ditugu: zapelatz liztorjalea, miru beltza, miru gorria, gabirai arrunta, aztore arrunta, zapelatz arrunta, arrano txikia, arrano sugezalea eta zuhaitz-belatza. Gauekoen artean, hontz zuria, urubia eta hontz ertaina.

Arraroagoak dira oilagorra, pagausoa, urretxoria, zata arrunta, okilertaina, lepitzulia, euli-txori beltza, buztangorri argia eta baso-txinboa.