Hegaztiei behatzea Nafarroan

Habitats

Ibaiak eta ibar-basoak

Ohar orokorrak
Ibai gehien-gehienetan landaredi sarri eta aberatsa hazten da bertako ertzetan. Landaredi hori askotarikoa izaten da eta urak oso izaera ezberdina duten txoko eta giro asko sortzen ditu; ondorioz, mota guztietako elementuek osatutako bazterrak aurki daitezke: zuhaitzak, zuhaixkak, sasiak, hartxingadiak, ihiak eta abar.

Gehien dauden zuhaitzen artean, honako hauek ditugu: haltzak (batez ere Nafarroa hezeko ibaien ondoan), sahatsak, makalak, zumeak, makalak, hurritzak...

Hegazti-fauna

Nafarroako iparraldeko ibaiak, mendi ibaiak diren aldetik, oso lasterrak dira eta horien emari eskasa hegazti espezie gutxi batzuentzat besterik ez da eroso gertatzen. Erdialdeko eta hegoaldeko ibaiak, eremu lauagoetan doaz, eta, beraz, motelagoak eta emari handiagokoak dira eta askoz ere espezie gehiago hartzen dituzte. Gainera, azken urteotan inguruan dagoen landaredi berdea benetako oasia da hagitzez idorragoa eta lehorragoa den inguru batean, eta, horren ondorioz, iman baten antzekoak dira bestela hurbilduko ez liratekeen espezie askorentzat.

Iparraldeko ibaietan arruntak dira ur-zozoa eta buztanikara horia, ur-ibilgoetan; haltzen ibar-basoetan tarina azpimarratu behar da neguan.

Gainerako ibaietan hegazti-fauna aberatsagoa da: basahatea, ubarroi handia, lertxun hauskara, lertxun gorria, lertxuntxo txikia, miru beltza, zuhaitz-belatza, uroiloa, txirritxo txikia, kuliska txikia, apo-hontza, martin arrantzalea, lepitzulia, okil handia, okil txikia, erlatxoria, argi-oilarra, uhalde-enara, buztanikara zuria, txepetxa, txantxangorria, zozo arrunta, birigarro arrunta, urretxindorra, errekatxindorra, sasi-txori arrunta, sasi-txori zurizta, baso-txinboa, txinbo kaskabeltza, txio iberiarra, urretxoria, kaskabeltz handia, amilotx urdina, gerri-txori arrunta, dilindaria, mika, belabeltza, landa-txolarrea, txonta arrunta, txirriskil arrunta, txorru arrunta, karnaba, hesi-berdantza eta zingira-berdantza.