Hegaztiei behatzea Nafarroan

Habitats


Erkameztiak


Ohar orokorrak


Pagadien eta harizti hezeen arteko igarotze-basoak dira, haritz hostotxikien (Quercus faginea) taldean oinarrituta.

Batez ere Nafarroako erdialdean dauden basoak dira, mendi ertainetan eta betiere altuera erdiko mendi-hegaletan. Hezetasunetik babestutako mendi-hegal eguzkitsuak bilatzen dituzte, urtean 500 eta 1.000 mm arteko prezipitazioak dituzten klima azpi-mediterranearretan, eta 500-1.200 metro bitarteko altueran kokatuta.

Tradizionalki egurra ateratzeko oso ustiatuak izan diren basoak dira. Horregatik, zaila da hegaztientzat babesleku izan daitezkeen hutsuneak barnean dituzten ale helduak aurkitzea.

Erkameztiak oso sarriak ez diren basoak dira eta horietan beste zuhaitz eta zuhaixka batzuk tartekatzen dira: astigarrak, hostazuriak, basagurbeak, elorriak, elorri beltzak, ipar-ipuruak, txilarrak eta ezpelak. Oihanpea, oro har, aski sarria eta aberatsa da, eta hegoalderago dauden erkamezti eguzkitsuenetan tipikoki mediterranearrak diren landareak ageri dira: erromeroak, ezkaiak, izpilikuak...

Hegazti-fauna

Erkameztietan, paisaia eta landarediaren heterogeneotasunari esker, hegazti komunitate askotarikoak ageri dira, dentsitate erlatiboki altuak dituztenak (100 hegazti/10 ha ingurukoak).

Bertako espezieak honako hauek ditugu: pagausoa, usapal arrunta, kuku europarra, okil handia, okil berde iberiarra, lepitzulia, uda-txirta, txepetxa, txantxangorria, zozo arrunta, txinbo kaskabeltza, txinbo papargorrizta, txio lepazuria, erregetxo bekainzuria, gerri-txori arrunta, amilotx urdina, kaskabeltz handia, buztanluzea, txorru arrunta, txirriskil arrunta, karnaba eta txonta arrunta.

Urriagoak ditugu txoloma, zata arrunta, urretxoria, baso-txinboa, sasi-txinboa, txio iberiarra eta eskinosoa.

Harrapari batzuk ere badira: miru beltza, miru gorria, gabiraia, arrano txikia, arrano sugezalea, zapelatz arrunta eta zuhaitz-belatza. Gauekoen artean urubia, mozoloa eta apo-hontza.