Hegaztiei behatzea Nafarroan

Habitats

Pinu gorriko pinudiak

Ohar orokorrak
Pinu gorriko pinudiek (Pinus sylvestris) Nafarroako ipar-mendebaldeko muturra hartzen dute. Ongi hedatuta daude Pirinioaurreko alde gehienean eta Pirinioetako beheko aldeetan. Uste da garai batean harkaitz-eremuetan eta alde malkartsuenetan besterik ez zela, baina gizakien jarduerak mesede egin zion bere izaera oportunistari eta alor zabalagoak kolonizatu zituen.

Gaur egun nahiko baso zabalak daude, batez ere mendi-hegaletan. Pinudi horietako asko egurra lortzeko ustiatzen dira.

Baso horietan, pinu gorrien artean astigarrak, haritzak, ezkiak, pagoak eta basagurbeak tartekatzen dira, eta oihanpe sarria dute, ezpelak eta elorriak osatutakoa.

Hegazti-fauna

Baso horietako hegazti-fauna era askotakoa da, eta maiz 100 hegazti/10 ha baino dentsitate handiagokoak dira. Udazkenean pinaziak ekoizteak negutar asko erakar ditzake.

Pinudi horietan egoten diren hegaztiak honako hauek dira: pagausoa, kuku europarra, txepetxa, txantxangorria, tuntun arrunta, birigarro arrunta, garraztarroa, zozo arrunta, txinbo kaskabeltza, txio lepazuria, txio iberiarra, erregetxo bekainzuria, gerri-txori arrunta, kaskabeltz handia, pinu-kaskabeltza, amilotx urdina, amilotx mottoduna, eskinosoa, txonta arrunta, mendi-txirriskila eta mokokerra. Ale gutxiko pinudietan berdantza horia, hesi-berdantza eta mendi-berdantza ager daitezke.

Harraparien artean gabiraia, aztorea eta zapelatz arrunta daude, eta gauekoen artean, hontz ertaina.