Hegaztiei behatzea Nafarroan

Habitats

Basobera mediterranearra

Ohar orokorrak

Nafarroako erdialdeko eta hegoaldeko herenetan, historian zehar, baso asko eta asko moztu izan dira abeltzaintza eta nekazaritza jardueretarako lur zabalagoak lortzeko asmotan. Lur horietako anitz hutsik zaindu gabe egon dira XX. mendeko bigarren erdian, eta horri esker berez hazi da landaredia. Gaur egun, leku askotan, landutako soroen eta jatorrizko basoen arteko suzesio ekologikoaren hainbat fase ikus daitezke, eta horien hainbat ezaugarri: zelaiak eta utzitako lurraldeak, gehiago edo gutxiago garatu diren zuhaixkak eta han-hemenka barreiatuta hazi diren hainbat zuhaitz gazte edo ez heldu.

Nafarroako Erdialdea da leku onena fenomeno hori ikusteko, batez ere garai batean ameztiak eta artadiak zeuden tokiak. Lur horiek, mendi-hegal batean egonda, lantzeko gaitzak direnez, lehenbizikoak izan dira zaindu gabe gelditzen. Behe-landaredian, ametz edo arte laparrez gain, jatorrizko basoetan zeuden ohiko zuhaixkak eta zuhaitz guztiak egoten dira.

Hegazti-fauna

Paisaiaren ezaugarri heterogeneoen ondorioz leku hauetan aski nabarmena da espezieen aniztasuna.  Bazter-lurraldeak direnez, eta zabalera ezberdin baina normalean txikikoak, maiz eta aise ikusten dira hurbileko giroetakoak diren hegaztiak.

Lurralde horietako espezie tipikoak dira honako hauek: mirotz zuria, mozoloa, pagausoa, argi-oilarra, erlatxoria, kutturlio mokolaburra, pirripioa, landa-txirta, zozo arrunta, harkaitz-zozo gorria, pitxartxar burubeltza, urretxindorra, buztanzuri horia, etze-txinboa, zozo-txinboa, txinbo papargorrizta, txinbo burubeltza, antzandobi kaskagorria, hegoaldeko antzandobia, txirriskil arrunta, karnaba, txoka arrunta, hesi-berdantza, mendi-berdantza, miarritza (gaur egun bakana) eta gari-berdantza.