Hegaztiei behatzea Nafarroan

Habitats

Aintzirak eta urtegiak


Ohar orokorrak

Ez dago eremu heze asko Nafarroan, eta gehienak ez dira oso zabalak.

Iparraldean gehienak artifizialak dira eta, oro har, ez dira oso erakargarriak hegaztientzat eta uretako beste organismo batzuentzat. Hegoaldean jatorri naturaleko batzuek irauten dute (kasu askotan jatorri endorreikoa dute), eta,  garai batean, horiek presatu ziren beren edukiera handitzeko, ureztatzeko urez hornitzeko. Horiek dira hezegune interesgarrienak, landaredi kolonizazio heldua dutelako, bai eta kontuan hartzeko moduko zabalerak ere.

Nafarroan garrantzitsuenak Pitillasko aintzira eta Las Cañas izeneko urtegia (Vianan) dira. Bi-biak Ramsar hezegune eta Hegaztientzako babesgune berezi izendatu dira, baina badira beste batzuk ere, garrantzi txikiagoa izan arren interes ornitologikoa dutenak.

Azken urteotan hein bateko garrantzia hartzen ari dira, hegazti-faunari dagokionez, azken hamarraldietan Erribera aldean landatu ziren arroz sailak.

Hegazti-fauna

Hezeguneek oso eremu txikian biltzen dute hainbat landare- eta animalia-organismo interesgarri, eta horien artean hegaztiak nabarmentzen dira, ikusgarritasunarengatik. Hegaztiak agertzea, eta horien komunitateen osaketa nabarmen aldatzen da urtean zehar. Uren erregimenak ere eragin garbia du; izan ere, hegaztien kopurua eta espezieak izugarri alda daitezke urte batetik beste batera, garai bera izanik ere. Bertan dauden hegazti motak ere ezberdinak dira honako aldaera hauen arabera: uren sakontasuna, estaltzen duen landaredia, dagoen ur zabalen portzentajea, zabalera... Hau da, hezegune bakoitzaren ezaugarrien arabera aldatzen dira hegazti motak.

Hemen ugaltzen diren uretako hegaztien artean honako hauek aipa daitezke: basahatea, txilinporta txikia, murgil handia, lertxun hauskara, lertxun gorria, lertxuntxo txikia, lertxuntxo itzaina, amiltxoria, zingira-mirotza, zankaluzea, kopetazuri arrunta, uroiloa, uroilanda handia, uroilanda txikia, larre-buztanikara, lezkari arrunta, lezkari karratxina, ihi-txoria. Urriagoak dira ipar-ahatea, ahate gorrizta, murgilari arrunta, txilinporta lepabeltza, txori zezen arrunta, hegabera, bernagorri arrunta eta tximutxa. Zingira-berdantza, nonbait, desagertu da habeagile gisa, eta uroilo urdina iritsi berria da.

Neguan makina bat espezie etortzen dira Europako erdialdetik eta iparraldetik, esaterako: antzara hankagorrizta, ahate txistularia, ahate buztanluzea, ahate mokozabala, zertzeta arrunta, murgilari mottoduna, lertxuntxo handia, hegabera, istingor arrunta, kuliska iluna, antxeta mokogorria eta uroilo urdina.

Migrazio pasabideetan, arestian aipatutako espezie guztiak ikusteaz gain, ondorengoak ere ikus daitezke: udako zertzeta, mokozabala, amiamoko beltza, limikolo asko, kaio hankahoria, itsas enara beltza, eta abar...

Halaber, giro horiek onenak dira batere ohikoak ez diren hainbat espezie ikusi ahal izateko.