Hegaztiei behatzea Nafarroan

Habitats

Pagadiak


Ohar orokorrak


Kasik zuhaitz espezie bakar batek osatzen ditu baso horiek: pagoa (Fagus sylvatica).

Nafarroako iparraldean dauden mendietan hedatzen dira baso horiek, urteko prezipitazioak 800 mm-koak baino handiagokoak izaten diren lekuetan. Gehienbat isurialdeen banalerroan dauden mendietan egoten dira, baita pagadi zabalak dauden Aralar, Urbasa eta Andia mendietan ere.

Historikoki pagoak lurra kendu dio haritzari modu naturalean. Gizakiak duela mende askotatik ustiatu izan du pagadia, baina mendi-mendian egotea mesedegarria izan zaio mozketa masiboak ekiditeko. Gaur egun horietako asko ustiatzen dira oraindik merkataritzan erabiltzeko.

Pagadiak nahiko baso homogeneoak dira, zuhaitz eta zuhaixka espezie gutxi izaten baita pagoaren lagun; basagurbe, zumar eta astigar bakarren bat besterik ez da ageri, betiere eskas eta oso barreiatuta.

Hegazti-fauna

Pagadia ez da oso erosoa bere homogeneotasunarengatik, batez ere neguan. Izan ere, orduan hegazti askok alde egiten dute bertatik, batez ere goiko alde agerikoenetan. Horrela, espezien barietatea ez da oso altua izaten eta hegaztien dentsitatea, gehienera, ez da 50 hegazti/10 ha baino altuagoa izaten. Nolanahi ere, pagadietan bizi diren espezie batzuk arras interesgarriak dira.

Bertako espezieen artean honako hauek ditugu: zapelatz arrunta, gabiraia, okil berde iberiarra, okil beltza, okil handia, txantxangorria, garraztarroa, zozo arrunta, erregetxo bekainzuria, gerri-txori arrunta, garrapoa, kaskabeltz handia, pinu-kaskabeltza, kaskabeltz txikia, amilotx urdina, amilotx mottoduna, eskinosoa eta txonta arrunta. Gutxiago egoten dira honako hauek: oilagorra, pagausoa, okil gibelnabarra, uda-txirta (soilguneetan), txinbo kaskabeltza, baso-txinboa, gerri-txori arrunta, mendi-txirriskila eta gailupa.
Gauekoen artean urubia nabarmendu behar da.

Neguan, gainera, birigarro txikien eta negu-txonten talde handi samarrak ager daitezke.