Hegaztiei behatzea Nafarroan

Habitats

Pagadi-izeidia

Ohar orokorrak

Mendiko baso mistoa, batez ere pagoek (Fagus sylvatica) eta izei zuriek (Abies alba) osatuta.

Pirinioetan, iparraldeko isurialdearen ezaugarri da baso mota hori; Nafarroan Pirinioetako aldean hedatzen da, baita Pirinioaurreko mendietako batzuetan ere, betiere ipar-ekialdera. 700 eta 1.700 metro bitarteko altueran hazten da. Pagadi-izeidi ederrak daude Irati, Abodi eta Belagua aldean.

Hariztiak baino askoz ere homogeneoagoak diren basoak badira ere, harizti hutsak baino egitura-konplexutasun handiagoa dute, hain zuzen ere, euren oinarria bi espeziek osatuta egoteagatik. Inguruko oihanpea ez da oso sarria izaten, eta haginek, zumarrek, basagurbeek eta astigarrek osatze dute.

Hegazti-fauna

Pagadi-izeidia pagadi hutsa baino erosoagoa da hegaztientzat. Dentsitatea 65 hegazti/10 ha ingurukoa izateak hori erakusten du.

Bertako ezaugarri dira honako espezie hauek: pagausoa, okil beltza, okil gibelnabarra, okil handia, kuku europarra, txepetxa, txantxangorria, zozo arrunta, birigarro arrunta, garraztarroa, txinbo kaskabeltza, erregetxo bekainzuria, mendi-erregetxoa, basoetako gerri-txoria, gerri-txori arrunta, garrapoa, amilotx mottoduna, pinu-kaskabeltza, eskinoso arrunta, gailupa eta txonta arrunta.

Harraparien artean nabarmentzekoak dira gabiraia eta zapelatz arrunta. Gauekoen artean, aldiz, ia esklusiboki ageri da urubia.

Zertxobait urriagoak dira oilagorra, mendi-txirriskila eta mokokerra.