Hegaztiei behatzea Nafarroan

Habitats

Laboreak

Ohar orokorrak

Nafarroako erdialde eta hegoaldean idorreko laboreak hazteko erabiltzen diren eremu zabalak daude: garagarra, garia, oloa... eta, hein txikiago batean, idorreko beste lur landu batzuk, koltza edo lekadunak, esaterako.

Landutako soroen artean landare-hesi, erripa eta zuhaiztiak aurkitzen ditugu (gero eta gutxiago) paisaiari aniztasuna eman bidenabar txoriei babeslekua ematen dietenak.

Azken urteotan lurralde horietako asko eta asko ureztatze-lanetarako eraldatzen ari dira. Horren ondorioz, baldintzak aldatzen ari dira eta espezie orokorrenek besterik ez dute iraunen.

Hegazti-fauna

Ziklo luzeko laborantza horiek, askotan hainbat urtez lugorri moduan egon behar dutenek, estepa-hegaztien presentzia ahalbidetzen dute, batez ere lurraldean hegoalderago dagoen eremuan. Oro har, paisaia zenbat eta askotarikoagoa izan, orduan eta aberastasun eta aniztasun handiagoa, batez ere ugaltzeko babesleku eta txokoak eskaintzen dituzten zurezko enborreko landareak badaude bertan.

Honakoak dira bertan ikus daitezkeen hegaztiak: mirotz urdina, basoilo txikia, atalarra, galeperra, eper gorria, hegatxabal arrunta, kutturlio arrunta, kalandria, landa-txirta, larre-buztanikara iberiarra, pitxartxar burubeltza, hegoaldeko antzandobia, antzandobi kaskagorria, araba zozo beltza, txoka arrunta, hesi-berdantza eta gari-berdantza. Urriagoak dira etxe belatza, ganga azpizuria, ganga azpibeltza, eta, aski urria, basoiloa.