Mapa eta bilatzea

Ernest Miller Hemingway idazlearen ibilbidea

Camino de Santiago
Tematikoa

Eguraldia

El Rincón de Hemingway
Ernest Miller Hemingway Ameriketako Estatu Batuetan sortu zen 1899an. Eleberrien idazlea izan zen eta Nobel saria irabazi zuen. XX. mendeko idazlerik onenetarikotzat hartua, pertsonaia anitzi eman zien bizia hogei bat literatur obratan. Horien artean The sun also Rises (Festa) nabarmendu behar da, San Fermin festak nazioartean ezagutarazi zituen eleberri ospetsua izan baitzen.

Hemingway bederatzi aldiz izan zen Iruñean, eta lehen bisitatik, Iruñeko karriketan barna ibili zen. Hango tabernetan eta kafetegietan edan zuen, eta bertako janaria, entzierroa, zezenketak eta alaitasuna gozatu zituen. Iruñeak ez ezik, Nafarroako beste leku batzuek ere zoratu eta inspirazioa ekarri zioten Nobel saria irabazi zuen idazleari, paisaia ederrak eta bazter lasaiak direlako. Idazlea egon zen lekuen bila eta horren aztarnen atzetik dabiltzan turistak ibili ahalko dira Ernest Hemingwayren oroipenean eta omenez egin diren turismo ibilbide horretan.

Hemingwayen ibilbidea Iruñean:
  • Gazteluko plaza (Txoko taberna, Quintana hotela, Torino kafetegia-taberna, La Perla hotela, Iruña kafetegia, Kutz kafetegia, "Café Suizo" kafetegia)
  • Sarasate pasealekua (garai bateko "Las Pocholas" jatetxea)
    San Ignazio etorbidea (Yoldi hotela)
  • Merkatuko kalea (Marceliano taberna)
  • Eslava kalea, 5 (garai bateko ostatua)
  • Zezen-plaza

Hemingwayen ibilbidea Nafarroan:


Hemingwayen ibilbidea Iruñean:
  • 1. Txoko taberna: argazki gehienetan hango terrazan eta Iruña kafetegikoan agertzen da Hemingway. Taberna hori antzinako Quinta hotelaren ondoan dago, Espoz y Mina kalea bukatzen den plazaren izkinan.


  • 2. Quintana hotela: lekurik ospetsuenetariko bat da hotela, Hemingwayk sanferminetan egon zenean ostatu hartu baitzuen han. Duela 65 urte itxi zen arren, gaur egun jende ugari ibiltzen da Gazteluko plazan inon ere ez dagoen hotel horren merkataritza errotuluaren bila. Hemingwayk ospea ekarri zion lekuari, alde batetik, hotelari Montoya izena eta, bestalde, bertako jabea zen Juanito Quintana jaunari Montoya izena eman baitzien. Iparramerikarra aski zalapartatsua zenez, urtero Juanito Quintanak logela desberdina eman behar izaten zion idazleari, hango bezero ospetsuenak eragotz ez zitzan. Tropikana garagardotegiaren gainean egon zen hotela, eta egungo itxura da Hemingwayk garaian ezagutu zuen berbera.


  • 3. Torino kafetegia-taberna: La Perla hotelaren txokoan egon zen, plazako 3. zenbakian, zehazki. Kafetegiaren lokalak hartzen zituen Nafarroako Kutxaren egungo sukurtsala eta Windsor Pub taberna. Bere liburuan Milano taberna deitu zion Hemingwayk.


  • 4. La Perla hotela: (izen ofiziala: Gran Hotel La Perla) Gazteluko plazako izkina batean dago, eta gainerako eraikinen gainetik agertzen da dotore. Hotelaren kolore argiko aurrealdea nabarmentzen da. 1923an, Ernest Hemingwayk Iruña bisitatu zuen lehen aldian, ez zuen bertan ostatu hartzeko sosik. Lau hamarkada geroago itzuli zenean, ekonomia osasuntsuagoa zuenez, ametsa lortu ahal izan zuen azkenik, eta 217. logela hartu zuen (201.a, gaur egun), Estafeta kalean leihoak dituena. Handik, entzierroa ikusten ahal zuen goizean.


  • 5. Iruña kafetegia: 1888an sortua, kafetegia ireki zenean argindarra Iruñera heldu izana inauguratu zen ofizialki. Gaur egungo kafetegia lehengo bera da, eta XIX. mendeko "Belle epoque" giro berberari eutsi dio egundaino. Txoko lasai horretako elementuetan denbora gelditu dela ematen du: marmolezko mahaiak, apaingarri anitz dituzten zutabeak, ispilu handiak, armarri polikromatuak, barra luzea... Egiazko herri izaera du kafetegiak. Nafar guztiak egon dira han: herritarrak eta hiritarrak, jende dotorea eta zakarra, bertakoak eta arrotzak, bohemioak eta yuppieak... Labur esanda, saski-naski handia da, jende guztiari ostatu ematen diona.

    Hemingwayk Iruñean egin zuen egonaldiari buruz mintzatuz gero, Iruña kafetegia aipatu behar dugu nahitaez, agertokirik gogokoena izan baitzuen idazleak. Izan ere, hirukote bereizi ezina osatu zuten Hemingwayk, Iruña kafetegiaren terrazak eta koñak kopa eder batek. Egileari esker, nazioartean ezaguna da kafetegia. Horregatik, hain zuzen, esparru bat eskaini diote literatur pertsonaiari, idazlea omentzeko eta haren ekarpena eskertzeko. Bazter horretan bisitariak aurkituko du idazleak ezagutu zuen leku bera. Txokora sartzean brontze patinatuzko estatua batek eginen digu ongietorria. 1,85 metroko altuera du, eta Hemingwayen eskultura da, tamaina naturalean egina . Barran bermaturik bisitaria hartzen du, eta denboraren ibilaldiaren lekuko da.


  • 6. Kutz kafetegia: egun ez dago. Iruña kafetegiaren eta Jacoba pasabidearen arteko lokalean zegoen. Kutz kafetegiak izan zituen lokaletan Bilbao-Bizkaia Bankuaren bulego bat dago gaur egun.


  • LI>7. "Café Suizo" kafetegia: Gazteluko plazako 37. zenbakian dago 1844az geroztik. Urte hartan Suitzako Matossi eta Fanconi jaunek inauguratu zuten, eta Iruñeko kafetegirik zaharrena izan zen. Kafetegi hori bi aldiz aipatu zuen Hemingwayk Festa eleberrian. Establezimendua 108 urtez egon zen irekita, eta 1952an itxi zen BBVA jartzeko. Gaur egun, "Banco de Comercio" bankua dago lokal horretan.

  • 8. Garai bateko "Las Pocholas" jatetxea: jende gutxik ezagutzen du jatetxea bere benetako izenez: "Hostal del Rey Noble". Sarasate pasealekuan (Foruen monumentuaren ondoan) dagoen jatetxe horretara joaten zen Ernest Hemingway, eta sarreratik hurbil zegoen mahai berean jartzen zen beti. Nahi erara lerrokatzen zuen burua Karlos III.a Prestua erregearen buruarekin, horren eskulturaren bustoaren pean jartzen baitzen. Jatetxeak 2000. urtean ateak itxi bazituen ere, "Gran Hotel la Perla" hotelak bere izena, historia eta jatetxea berreskuratu zituen kalitate ildo berberari jarraikiz. Han ikusten ahal dira gaur egun "Hostal del Rey Noble" ostatuaren sarrera, Karlos III.aren bustoa eta Hemingwayk erabili zuen aulki berbera.

  • 9. Yoldi hotela: San Inazio etorbidean dago, eta 50eko hamarraldiaz geroztik toreroen hotela izan da, han giro lasaia egoteaz gainera, zezen-plazatik hurbil baitago. Hotelean Hemingwayk bisita egiten zion bere lagun toreatzaile Antonio Ordóñezi.


  • 10. Garai bateko Marceliano taberna: bazter tradizionala da. Egokitu ondoren, udal bulegoa da gaur egun. Merkatuko kalean dago, udaletxearen atzealdean, udal azokaren ondoan, hain zuzen. Iruñeko aspaldiko taberna klasikoa zen, eta Ernest Hemingwayk hara joatea zuen gogoko, bakailaoa ajoarriero erara jaten baitzuen hamarretakoan.


  • 11. Eslava kaleko 5. atariko garai bateko ostatua: Hemingway ez zen anitzetan egon han, baina eraikin horretako 4. pisuan egon zen ostatuan egin zuen lo lehenbiziko aldiz kazetariak Iruñera etorri zenean, 1923an.

  • 12. Hemingwayren monumentua: zezen-plazaren eta kailejoiaren ondoan dago, Hemingway pasealekuaren sarreran. 1968ko uztailaren 6an inauguratua, granitozko bloke bat da, 8.000 kilokoa. Sanguino eskultoreak zizelkatu zuen.


Hemingwayk Nafarroan bisitatu zituen beste leku batzuk:
  • Auritz: Aurizkoak ziren La Perla hotela zuen familiaren arbasoak. Badirudi familia horri esker Hemingwayk eta bere lagunek aurkitu zutela Nafarroako Pirinioetako bazter horren lasaitasuna. Festen aurreko edo ondoko egunetan hara joaten zen idazlea atseden hartzera, paisaia gozatzera eta Irati ibairaino ibiltzera, amuarrainen bat arrantzatzeko.

  • Aribe: Ernest idazleak Irati ibaia hautatu zuen ordu luzeetan bakarrik egoteko. Ertzetik hurbil jarririk, garagardoak edaten ematen zuen denbora, amuarrainen batek amuari hozka egin zain. Oinez joaten zen herriraino, eta bere lekurik gogokoena Aribeko bainuetxetik hurbil zegoen.


  • Lekunberri: idazle iparramerikarrak edertasun handiko esparru hori hautatu zuen 1931n atseden hartzeko, festaren zalapartatik alde egiteko eta barrena bakez betetzeko.


  • Esa: Ernest Hemingwayk 1959an egin zigun azken bisita. Urte hartako "Life" aldizkariak erreportaje luzea eskaini zion idazlearen figurari, eta idazleak berak Esako urtegia.
hautatu zuen arrantzan egin behar zizkioten argazkietan agertzeko.
[+ ikusi fitxa osoa]

Oharrak

Iruñean barnako ibilbide lasaia da hori, eta Hemingwayk bisitatu zituen leku nagusiak ikusten dira. Nafarroan barnako ibilbidea egiteko, ibilgailu motorduna behar da (130 kilometroko bidaia da, gutxi gorabehera)

Ordutegi, data eta prezio orientagarriak. Entitate arduradunarekin baieztatzea aholkatzen da

Informazio praktikoa

  • Herria PAMPLONA
  • Zonaldea Iruñerria
  • Kilometro kopurua 0.00
  • Ibilbide motak Tematikoa
  • Kilometro kopurua 0,00