Bideak

* 1. Iruña eta ihesalditxo bat Ultzamara

Catedral

Nafarroako hiriburua ezagutzeko aukera proposatzen dizugu bide honetan eta, kontrapuntu gisa, ihesalditxo bat egitea Ultzama ibar pintoresko hurbilekora. Hiri berde, harresitu eta atsegina da Iruña, giro handiko alde zaharra duena, ongi zaindua. Sanferminek ezagun egiten duten hiria mundu mailan. Hango karrika eta plazetan ibiliz gero, Erdi Aroko elizak, bazter ederrak eta itxura guztietako saltokiak dastatuko dituzu, besteak beste, baita, nola ez, pintxo gozo-gozoak ere. Ibili bertako parke, lorategi eta Arga ibaiaren ibilbide zoragarritik, eta gozatu, aldi berean, hiriak eskaintzen dizkizun aisia eta kulturako alternatiba ugariez.

Ibilbidearen iraupena (gutxi gorabehera): Egun bat, izartxo batez (*) markatutako alternatibak sartu gabe.

Ba al zenekien...?

Donejakue bidean dago Iruña, eta makina bat erromes heltzen dira egunero, hirian sartzen baitira Magdalenako zubi gotikotik eta Frantziako portaletik igaro eta gero, harresien oinaldean.

Catedral

Catedral

´Rincón del Caballo Blanco

´Rincón del Caballo Blanco

Vuelta del Castillo

Vuelta del Castillo

Ayuntamiento

Ayuntamiento

Ciudadela

Ciudadela

Vistas de Pamplona

Vistas de Pamplona

Robledal de Orgi

Robledal de Orgi

Cuajada

Cuajada

* 1. Iruña eta ihesalditxo bat Ultzamara

Goizean

Iruñearen mamia

Bide hau egitea erabaki baduzu, ez duzu denbora luzea izanen hiria ikusteko; hortaz, ahalik eta hobekien aprobetxatzeko, bisita gidatu bat egiteko edo hemen proposatutako ibilbideari jarraitzea proposatzen dizugu.  Nolanahi ere, ez galdu hauek:

 

. Katedrala, XII. eta XV. mendeen artean egina; Europako klaustro gotiko ederrenetako bat gordetzen du

. San Nikolas eta San Saturnino Erdi Aroko gotorleku-elizak

. Geldialditxo bat Udaletxeko plazan, eta beste bat Gazteluko plazan, hiriko bihotzean

. Mundu guztian ezaguna den sanferminetako entzierroaren 840 metroak

. Bi ibilbide eder: Erdi Aroko harresi-barrutian –monumentu nazional deklaratuta dago– barna doana, eta Argaren Ibai Parkea, ibaiari jarraikiz, hiriaren gaineko beste perspektiba bat eskaintzen diguna, liluragarria udaberrian eta udazkenean.

Alde Zaharreko karrika eta dendetan galtzea

 

Museoak

Goiz jaiki zara eta denbora sobera duzu? Orduan, honako museo hauetakoren bat bisitatzeko aukera duzu:

 

. Nafarroako Museoa: Nafarroako artea eta historia erakusten ditu, historiaurretik hasi eta egundaino. Nabarmentzeko moduko zenbait lan daude, esaterako Bakoren Garaipenari buruzko erromatar mosaikoa, antzinako katedraleko kapitel erromanikoak, Leireko arketa mozarabiarra eta Goyak San Adriango markesari egindako erretratua. (+info)

. Nafarroako Unibertsitatearen Museoa: Rafael Moneok diseinatua da, eta besteak beste Picasso, Tàpies edo Kandinsky egileen arte-bilduma dauka, baita Ortiz-Echagüeren argazki-lana ere. (+info)

. Planetarioa: murgildu astronomiaren munduan Europako kupula handienetako baten pean. (+info)

. Oteiza museoa: Altzuzan dago, Iruñetik 8 km-ra, eta Jorge Oteizaren lan pertsonala biltzen du; XX. mendeko eskultore garrantzitsuenetako bat da. (+info)

 

Parkeak eta lorategiak

Nazio mailan berdegune gehien dituen hirietako bat da Iruña. Berezko nortasuna duten parkeak daude, ezagutzea merezi dutenak:

 

. Ziudadela, hiriko birika berdea da, eta Erdi Aroko gotorleku militar onenetakoa Europa guztian. (+ info)
. Taconera, izaera maneratsuko parkea; zoo txiki bat dago lubanarroetan. (+info)

. Media Luna, denetan erromantikoena agian; Arga ibaiaren gaineko ikuspegiagatik nabarmentzen da. [+ info]
. Yamaguchi parkea, Japoniako lorategietan bezala, aintzira bat dago, eta hango zuhaitz-espezie eta apaingarri batzuk ere bai. [+ info]

 

ARRATSALDEAN

Ultzama ibarra

Hiriburutik 25 km-ra besterik ez dago larrez, basoz, artaldez eta halakoez beteriko ibar hori... Izan ere, “Nafarroako Suitza” esaten zaio. Ezagutu nahi izanez gero, Larraintzar, Eltso-Gerendiain edo Gelbentzu, herri ederrak ezagutu behar dituzu, milaka urte dituen Orgiko hariztian barna ibili, edota  Eztiaren museoa bisitatu.



GASTRONOMIA

Bada egin beharreko klasiko bat Iruñean: Alde Zaharreko pintxoak probatzea (+info), baina, baita ere, egile-sukaldaritza edo nortasun handiko sukaldeak ezagutzeko aukera ere izanen duzu.  Ezin duzu alde egin Ultzamatik hango ezti gozoa eta etxeko mamia probatu gabe.

EROSKETAK

Hiriburua izanik, makina bat aukera daude: batetik, Alde Zaharrean daude artisau-dendak eta betiko merkatua; markako dendak, berriz, Zabalgunean. Oroigarri gastronomikoa eraman nahi baduzu, erraza duzu Iruñean, produktu nafar tipiko guztiak aurkituko baitituzu bertan: Jatorri Deitura duten produktuak, hala nola Erronkari eta Idiazabal gaztak, Pikillo-piperrak, Nafarroako zainzuriak eta oliba-olioa, edota Nafarroako eta Errioxako JD duten ardoak. Ez ahaztu patxarana, biziki estimatua baita likore hori eskualde guztian, edota Layana pastak eta Garrarte gozokiak, artisau-moduan eginak.

JARDUERAK

Iruñean egitekoak: dendaz denda ibili, piragua edo bizikleta motorduna alokatu,  pilota-partida ikusi, ihes-proba batean parte hartu Way Outekin, running- edo BTT-bideak eta mendi-ibilaldiak egin ibai-parkean, gau flamenko batez gozatu, izotz-pistan irristan ibili Uharten,  eskalada egin Aitzoaingo rokodromoan, eta, jakina, gaueko giroan primeran pasatu. (+info)

 

Ultzaman kirolean eta naturan aritzeko jarduerak egin ditzakezu, adibidez golf-jokoan hasi Pitch and Putt zelaian; perretxikotan ibili adituen laguntzaz parke mikologikoan (garaian besterik ez), eta zaldi gainean edo mendian ibili. (+info)