Nafarroa beraz da

Nafarroako historia emankorretik ibilbide bat egitea proposatzen dizugu, gure Erreinuaren jatorria hobeto ulertzeko. Ibilbideak hainbat garai barne hartzen ditu: lehenengo giza aztarnak, erromanizazioa, dinastia nafarrak eta frantsesak, gerra karlistak eta gaur egungo egoera.
Festival romano de Andelos

Historiaurrea

Koskobillo, Urbasa edo Vianan aurkitutako aztarnek ematen digute Nafarroako lehen jendeguneen berri, Behe Paleolitokoak baitira. Geroago, Brontze Aroak trikuharriz eta silex-tailerrez josi zituen artzaintza-eremuak; garai hartan, lurralde guztian barna hedatu zen megalitoen arkitektura. Burdin Aroak teknika eta bizitzaren gaineko ikusmolde berriak eskaini zizkien antzinako biztanle baskoiei, Europa Erdialdeko zeltek eta zeltiberiarrek ekarriak.

Erromanizazioa

Erromaren presentzia ahula izan zen saltus vasconum eremuan –mendialdean–; han, bizirik jarraitu zuen euskarak, eta kultura arrotzak ez ziren aise sartzen; aitzitik, erromanizazioa finkatu egin zen ager vasconum aldean, hegoaldeko eskualdean, errazago iristen baitzen hara eta baliabide natural gehiago eskaintzen baitzituen. Saltus eremuaren barnean, Pompeiok Iruña okupatu zuen K.a. 75. urtean, hiri baskoi nagusia, eta hantxe kokatu zuen haren izena eramanen zuen jendegune erromatarra: Pamplona.

Erromatar Inperioa desegitearekin, tribu baskoiek beren eragina berreskuratu zuten ager erromanizatuan, eta zabaldu ere egin ziren inguruko eskualdeetara. Aldi berean, errege bisigodoen eta frankoen erasoetatik babestu ziren. Orreagako Guduan, zeina Karlomagnoren aurka egin baitzen 778. urtean, geldiarazi egin ziren botere handiko monarkia frankoak Pirinioez alde honetan zituen asmoak.

Orreaga/Roncesvalles
Nafarroako lehen dinastia

Mehatxu berri bat sortu zen musulmanak etorri zirenean, Ebroko arroa okupatu baitzuten 714. urtean. Halere, presentzia txikia zuten, eta laster sortu zen nukleo kristau bat haiei aurre egiteko; izan ere, IX. mendean, Enekotarren dinastia bilduko zen talde horretan, Nafarroako lehen dinastia. 
Ximenotarren dinastia etorri zen haren atzetik. Antso Gartzez erregeak (905-925), dinastia horren lehenak, musulmanen lurraldeak bereganatzeko politika sendo bati ekin zion, eta, helburu horrekin, harremanak ezarri zituen gainerako erresuma kristauekin. Estellerria okupatu zuen, eta Naiara eta Calahorrara ere iritsi zen (914). Nolanahi ere, Tutera musulmanen kontrolpean egon zen 1119. urtera arte.

Nafarroaren nagusitasuna

Antso III.a Gartzez Nagusia
(1004-1035) penintsulako lurralde kristau gehienean nagusitu zen; era berean, Donejakue bidearen ibilbide ofiziala ezarri, erromanikoa sartu eta kultura klunitarra txertatu zuen bere erresumetan.
XI. mendearen bukaeran, Iruñeko erresumak bertan behera utzi zuen bere lurralde-hedapena. Behe Erdi Aroan, egoera konprometitu batean suertatu zen Nafarroa, kulunka egon baitzen, independentziari ekin edo Frantzia, Gaztela eta Aragoiko errege-erreginen orbita politikoan sartu.  


Castillo de Olite
Frantziaren orbitan

Antso VII.a Azkarra 1234. urtean hil eta gero, Frantziarekin hasi zen harremanetan erresuma. Lehenik eta behin, Txanpainako dinastia kokatu zen (1234-1274), eta Kapetoena etorriko zen haren ondoren, zeinak Frantziako eta Nafarroako tronuak hartu baitzituen aldi berean 1274tik 1328ra bitarte.

Evreuxko dinastiak (1328-1425) zabaldutako etapan harreman intentsuak izan ziren penintsulako eta Europako bizitza politikoan. Karlos III.a Nobleak (1387-1425) oparotasun materiala eta kultura ekarri zuen, zenbait obra artistikotan agerikoa dena, besteak beste Erriberriko errege jauregian.

Hura hil eta gero, oinordetza-gatazka larri bat etorri zen, gerora gerra zibil bat ekarriko zuen, krisi instituzional eta sozial sakon baten lehen sintoma besterik izan ez zena. Joan II.a, agaramontarren bandoko burua, Blankarekin zegoen ezkonduta, Nafarroako tronuaren oinordearekin, eta  Nafarroako eta Aragoiko erregea izan zen 1458tik; haren aurrean bere semeordea zegoen, Karlos ospetsua, Vianako Printzea, beaumontarren bandoko buru ariko zena Nafarroako tronua erdieste aldera, nahiz eta ez zuen sekula lortu.

Nafarroaren barnean ahulezia handia izanik, egoera horrek mende erdia iraun, eta, azkenik, Fernando Katolikoa baliatuko zen hartaz, Nafarroa inbaditu baitzuen 1512an beaumontarrei laguntzeko asmoz. Ondorioz, Gaztelako Koroaren parte izatera igaro zen Nafarroa.

Gaztelak konkistatu eta gero, erregeorde batek aginduko zuen Nafarroan, zeinak errege-autoritatea zuen Iruñean, eta halaxe iraun zuen afera lau mendez. Era berean, bere hartan gelditu ziren erresumaren erakundeak, Gorteak bereziki. Erresumaren Diputazioa 1576an sortuko zen gobernu-organo iraunkor gisa, baita Gorteen ordezkari ere, haiek biltzen ez diren uneetan; 1982. urteaz geroztik, Nafarroako Gobernua esaten zaio Diputazioari.



Palacio de Diputación
Karlistaldietatik egundaino

XVIII. mendearen bigarren erdian hasi zen hondatzen oreka politikoa eta instituzionala, Borboien politika zentralizatzailearen ondorioz; tentsioa gero eta handiagoa izan zen, eta, azkenean, Lehen Karlistaldia lehertu zen 1833an. Gatazka militarra 1839an bukatu zen karlisten armistizioarekin, eta 1841eko Lege Hitzartuarekin.

Lege haren arabera, Nafarroako Erresuma historikoa estatu liberalean integratzen zen, Probintzia mailarekin, baina aldi berean bere antzinako foru erregimenaren erakundea eta lege batzuk gordetzen zituen, bereziki erregimen fiskal eta administrazioari lotutakoak.

Berrezarkuntzan, II. Errepublikan eta Frankismoan zehar iraun zuen egoera berezi horrek. Demokrazia iritsita, 1978ko Espainiako Konstituzioa indarrean hastearekin, Nafarroako Foru Erregimena sistema instituzional berrian sartu zen, 1982an promulgatutako Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren eskutik.

XX. mendeko 80ko hamarkadan, Nafarroako Alderdi Sozialistak irabazi ohi zituen hauteskundeak; aldiz, 90ko hauteskundeetan UPN (Unión del Pueblo Navarro) alderdi kontserbatzaileak lortu zituen boto gehienak, naiz eta hilabete batzuetan koalizioko gobernu bat osatu zen.
Boto-emaile nazionalistek hauteskunde-kuota aski egonkorra izaten zuten, %20koa, gutxi gorabehera.
2015. urteaz geroztik, indar nazionalisten eta ezkerreko alderdien arteko koalizio batek osatzen du gobernua.