Nafarroa beraz da

Geografiari dagokionez, gehien aldatzen den Espainiako probintzia da Nafarroa, hiru eremu biogeografiko desberdin biltzen baititu bere lurraldean, kontraste handiko paisaiak modelatu dituztenak. Pirinioetako gailurrak eta basoak daude iparraldean, gainbehera hasten direnak ia basamortu bilakatu arte hegoaldean. Eta iragate hori 100 kilometrotan bakarrik gertatzen da.
Carnavales de Lantz

Gainera, Europa kontinentalaren eta Iberiar penintsularen arteko kokaleku pribilegiatua duenez, igaro beharreko tokia izan da beti, bide handien bidegurutzea izanik. Besteak beste, Nafarroako errege-erreginek bultzatutako Donejakue bidea dago, Europako korronte handien eragin kulturala ekarri zuena, erromanikoa adibidez.

Klima, kultura eta paisaia desberdin egote horrek hainbat ezaugarri modelatu ditu, hala nola etxe, herri, nortasun, ohitura, hizkuntza, festa eta plater bariatuak, den-denak izaera propiokoak. Ikus dezagun xehekiago:

GURE JENDEAREN NORTASUNA 

Iparraldeko ibar itxiek baserrietako jendearen izaera noblea eta abegikorra zehaztu dute; han, ohikoak dira sutondoko lasaitasuna, solasaldiak eta kondairak.
Hegoaldera bidean, eguzkiak erretako ordokiak datoz mendien ondotik; aire zabalean bizitzeko gonbita egiten du epeltasun horrek, eta jendetasun handiko izaera irekia dute bertako biztanleek.

HIZKUNTZA

Nafarroak bi hizkuntza bertako ditu, gaztelania eta euskara; iberiar penintsula guztian indoeuroparra ez den hizkuntza bakarra da euskara. Lehenbizikoak izaera ofiziala du lurralde guztian; bigarrenak, berriz, eremu euskaldunetan bakarrik, hots, Nafarroako iparraldean bereziki.

Traslado de la Dolorosa. Semana Santa en Pamplona

FESTAK ETA TRADIZIOAK

Nafar guztiek maite dute festa, eta bat datoz tradizioei eusteko gogoan eta funtsezko kontu honetan ere: ezin da deus ospatu ahoratzeko zerbait –solidoa eta likidoa– ez badago eskura.
Gure izaera agertzen da festa tradizionaletan; izan ere, herri erlijiotasuna eta naturaz gaindikoa sakon sustraituta daude haietan:
Urteko lehen egunetan inauteriak dira protagonista; antzina-antzinakoak dira batzuk, hala nola Ituren eta Zubieta, Lantz edo Altsasukoak. Tafallako ganadu-feria ere egiten da orduan. Geroxeago Xabierraldia dator, San Frantzisko Xabierkoaren sorlekura nafarrek egiten duten erromesaldia; izan ere, hantxe sortu zen munduan barna ibilia eta ezaguna den gure santu hori.

Gero Aste Santua dator, eta interes handiko prozesioak izaten dira orduan, adibidez Hilobi Santuarena, Iruñean, edo barrokoa, Corellan; eta Turismo Interesekoak izendatutako beste zeremonia batzuk ere, hala nola Volatin edota aingeruaren jaitsiera, Tuteran. Bukatzeko, Pazko-igandean, bolanten dantza koloretsuak egiten dira Luzaiden.

Udaberria etortzearekin, ehunka erromeria iristen dira gure herri eta mendietako bazter ezkutuenetara, besteak beste, Orreaga edo Uxuera. Gainera, uztak babesteko garaia da, eta, horretarako, maiatza izeneko enborra zutitzen da; hainbat herritan errekuperatu da tradizio hori, adibidez, Barillasen.
San Joan gaueko suaren erritualean purifikatu eta gero, herriko festak lehertzen dira Nafarroako lau puntu kardinaletan; iparraldean txistua eta dantzak adituko dira; hegoaldean, berriz, zezenak, entzierroak eta bigantxak dira nagusi, esate baterako, Faltzesen eta Lodosan. Baina bat nabarmendu nahi izanez gero, mundu guztian ezagunak diren sanferminak aipatu behar dira, Iruñean ospatzen direnak uztailaren 6tik 14ra.

 
Fiesta de Orhipean. Ochagavía

Udan senidetasun-festa nagusiak egiten dira, adibidez, Erronkariko hiru behien tributua, halako zeremonia zaharrena Europa guztian.
Eta hain zaharrak izan gabe, baina egutegian ere sendotu direnak, festa berriak  daude, gure kultura, tradizioak eta lanbide zaharrak nabarmentzen dituztenak:

Eguberrietan, urtarrilaren 6an ospatzen da Errege Magoen autoa Zangozan, eta bertako bizilagun askok hartzen dute parte; bestela, Olentzero ere bisitan etortzen zaigu, txiki zein handiok primeran pasa dezagun.
Apirilaren bukaeran edo maiatzaren hasieran, almadiazainak Ezka ibaiaren uretan beheiti abiatzen dira berriz ere. Eta, Pirinioetan, baina oraingoan alde atlantikoan, giro ederreko herri festa bat antolatzen da, Baztandarren Biltzarra; horretan, Baztango herrietako bizilagunek orga ikusgarrien desfilea egiten dute karriketan barna.
Lanbide bat menderatzea artea ere badela ikusteko beste aukera bat izaten dugu abuztuaren bukaeran egiten den Artzai Eguneko artzain-txakurren lehia bizian, hirukote batek erakutsita: txakurra, ardiak eta artzaina. Eta data berberetan, Otsagabiak –Pirinioetako herria– aukera zoragarria ematen digu denboran atzera 100 urte egiteko egun eder batez, Orhipean ospakizunean.

Erdi Aroko azokak Erriberrin hasi ziren, baina gaur egun Nafarroako hainbat herritan egiten dira; horiek ere aukera ludiko ederra dira denboran atzera egiteko, baina oraingo honetan Erdi Arora.
Ardiak ere protagonista izanen dira sanmigeladan, udazkenarekin bat milaka sartzen direnean Errege Bardean, Pirinioetatik abelbideetatik barrena etorrita.

Sustrai handiko festez eta tradizioez gainera, Nafarroak programa kultural, artistiko eta gastronomiko interesgarriak ere eskaintzen ditu. Nabarmentzeko modukoen artean: Nafarroako Pintxoaren Astea, Tuterako Barazkien Jardunaldiak, Erriberriko Antzerki Klasikoaren Jaialdia, Lizarrako Antzinako Musikaren Astea, edo Kultur, musika-emanaldien udako programa, Nafarroako eremu natural eta monumental nagusietan egiten dena.
Kartelera kulturalaren buru, Iruñeko Baluarte eta Barañain auditorioak eta Iruñeko Gayarre antzokiak edo Tuterako Gaztambide antzokiak eskaintzen duten programazio intentsua.


Concurso de jotas en Cadreita

MUSIKA ETA DANTZA

Iparraldean
, kantu intimistak edo melodia sinpleak entzuten dira, baita bertsolariek inprobisatutako errimak ere, irrigarriak edo hunkigarriak izan daitezkeenak. Normalean akordeoia, txistua edo txirula izaten dira laguntza gisa. Eta herri dantzei dagokionez, zortzikoa edo mutil-dantza nabarmentzen dira.

Hegoaldean, berriz, errondailak eta jotak dira nagusi; azken hori energia handiko ahots-leherketa da, eta egunerokoaz, landako lanez edo anekdota pertsonalez mintzo diren letra soilak izaten dituzte. Han, gaita eta gitarra jotzen dira, eta jota eta karrika-dantzak dantzatzen dira.


ETXEAK ETA HERRIAK / ARKITEKTURA ETA HIRIGINTZA

Horma edo lur batzuk baino askoz gehiago da etxea, familiaren adierazpena da, haren parte bat, nortasuna ematen duen abizen bat.

Ur asko eta giro hotza egonda, Nafarroako iparraldean herri txikiak sortu dira, erdigune baten inguruan, eta zenbait baserri izaten dira ondoko lurretan han-hemenka banatuta.

Baserriak harrizko etxe handiak izaten dira, arkudun sarrera bat izaten dutenak, baita, askotan, familiaren armarria ere. Bizpahiru solairu izaten dituzte; behekoan, azienda egoten da, eta hark sortutako beroa goiko solairuetara joaten da; lehen eta bigaren solairuan zenbait belaunalditako familia biltzen da; eta ganbara egoten da baserriaren goiko aldean, zereal-aleen gordelekua izaten baita. Teilatua bi isurkikoa, oso aldapatsua eta arbelezkoa izaten da Pirinio aldean, han hotz handiago eta elurra egiten duelako; Pirinio atlantikoan, aldiz, lau isurkikoa eta teila gorrizkoa izaten da, klima atseginagoa baita alde horretan.

Iragate-eremuan, eta bereziki etxe nobleenetan, harria gorde da beheko solairuan, eta goragokoetan harria edo adreilua egoten da; kasu askotan, zurezko teilatu-hegal ederrak egoten dira haien buru.

Hegoaldean, hainbeste ur ez dagoen alde horretan, herri handiak aurkitzen ditugu, bilduak, eta adobe edo adreiluzko etxeak. Maiz, etxeak kareztatuta daude, eta estalkiak isurki bateko edo bi isurkikoak dira, edo laukoak, etxe garrantzitsuenen kasuan. Etxe zabalak dira, balkoi eta galeria asko izaten dituztenak.
Bitxikeria gisa, Valtierra edo Lodosako koba-etxeak aipatu behar dira, haitzean bertan zulatutakoak baitira, harria oso gogorra ez baina iragazgaitza den aldeetan. Gaur egun, landetxe bilakatu dira haietako asko.


Partido de pelota mano

KIROLA

Honako kirol hauek dira berez nafarrak:

Pilota: grekoekin sortu zen kirol hori, eta, lurralde honetan sendotu eta sustraitu arte, kalonje eta erregeak aritu ziren gehienbat kirol horretan. Belardi, plaza eta arkupeetan jokatzen zen. Izen handiko pilotarien sorlekua da gaur egun Nafarroa, eta pilotalekuak aurkitzen dira geografian nonahi, herri eta hirien beste osagai bat bezala. Haietan elkartzen dira lagunak, eta kirolari profesionalek ere elkarri egiten diote erronka pala, zesta punta, erremonte edo modalitate nagusian, esku-pilotan. (+info).

Herri kirolak: kirol horiek guztiek baserriko eta landa-inguruneko lan gogorretan dute jatorria; orain, ordea, kirol-jarduera bilakatu dira, nahiz eta oraindik ere indar fisiko handia eskatu. Apustuak garrantzi handikoak izaten dira lehia horietan. Aizkolariak eta harrijasotzaileak dira ezagunenak.