Bikotea topa egiten jatetxe bateko terrazan bazkaldu bitartean

Turismo gastronomikoa

Dastamenarendako plazera, eta Nafarroara egindako bidaiari txapela paratzeko modu bikaina.

Nafarroan ederki jaten da. Behinik behin, hala esaten dute.

Eta hemen ados gaude, izugarri gustatzen baitzaigu gure gastronomiaz gozatzea etxean, jatetxean edo herriko elkartean, eta gustura egotea lagunekin mahai-inguruan!

Idi-txuletoia txingarretan errea, oreina, usoa edo eperra bezalako ehizaki zaporetsuak, bildots-txuletak... Eta zer esanik ez barazkiak, hain osasuntsuak eta, gainera, hemen bertakoak. Orburu samurrak, zainzuri finak, borraja, piper erre zaporetsuak edo ia denak biltzen dituen menestra aparta. Hain dira onak, ezen askotan haurrek ere gustura jaten baitituzte. Bai bai...

Hemengo sukaldaritza dastatzen ahal duzu tabernetan pintxoak janda, edo goi-mailako jatetxeetan, non trebetasun handiz elkartzen baitituzte tradizioa eta abangoardia. Gainera, hemengo enpresek jarduera asko eskaintzen dizkizute, beste ikuspuntu batetik murgil zaitezen Nafarroako kultura gastronomikoan. Pentsa, ardogintzako ibilbide bat ere baduzu erresuma zaharrean!

Eta ez ahantzi etxera bueltan eramaten ahal dituzula gure zaporeak, Nafarroa osoan baitituzu dendak, azokak eta merkatuak, horietan erosteko txistorra, gasna, ardoa, cava, olioa, kontserbak nahiz goxoak. Horietako askok jatorri-deitura dute gainera, pikillo piper ezagunek esaterako.

Beraz, hori guztia erakargarria egiten bazaizu eta gehiago jakin nahi baduzu gure sukaldaritzaren sekretuei buruz, jarraitu irakurtzen, askotariko eta sekulako gastronomia honen funtsezko osagaiak emanen dizkizugu eta.

Iruñean barna pintxoak janez

Has gaitezen! Eta hasteko, hiriburuan aski sustraiturik dagoen ohitura bat aipatuko dizugu: pintxoak jatera ateratzea. Izan ere, Iruñean garrantzia handia ematen zaio gastronomiari, eta horren erakusgarri dira tabernetako barrak. Eguerdian edo afalaurrean, pintxotarako giro ederra topatuko duzu.

Aukeran dituzu betikoak, esaterako txistorra pintxoak, edo ganba, piper nahiz arrautza frijituak, ala sukaldaritza sortzaileak prestatutako miniaturak; edozein aukeratzen duzula ere, ziur egon gozatzen hasiko zarela barrari begiratu orduko.

Beti gelditzen zara gehiago jateko gogoz, ezta?

Goazen pintxoak jatera!
Pintxo prestatua
Lagunak topa egiten pintxoz betetako barra baten aitzinean

Enoturismoa Nafarroan

Eta goazen azkar batean enologiara. Izan ere, gure jatorri-deiturak begiratu besterik ez dago ikusteko Nafarroa ardoaren lurraldea dela; berezko bat dugu, Nafarroa JD, eta Errioxa eta Euskal Autonomia Erkidegoarekin batera, Errioxa JD. Biak ere mundu osoan ezagunak.

Nafarroako ardantzeetan ekoizten dira ardo beltzak, gorriak, zuriak eta gozoak... Eta adi, Nafarroak zeresan handia baitu apardunen arloan ere: Mendabia eta Vianako ardo bikainak Cava jatorri-deituraren parte dira. 

Gainera, turismo gastronomikoak jakin du dastatzeaz haratago doazen esperientziak sortzen; badituzu hainbat aukera. Parte hartzen ahal duzu mahats-bilketan eta mahats-zanpaketan, ardantzeetan barna ibili zaldi-organ, lantegietan parte hartu zure alde sortzaileena ateratzeko, ardantzeen artean yoga praktikatu, edo ardoterapia-saio batekin zure burua zaindu.

Jakina, hori dena, alde batera utzi gabe upeltegietara bisita egin eta hango ardoa dastatzeko saioak.

Begiratu hemen esperientzia enologiko guztiak

Eta beste izar bat: baratze nafarra

Erresuma zaharraren lurretan ondare gastronomiko oparoa hazten da; barazki zaporetsu eta bereziak, bertakoak, tokiko gastronomiari oso lotuak, nola ez.

Orburuak, zainzuriak, borraja, kardua, kukuluak edo pikillo piperrak dira nabarmenenak sukaldaritza-festa honetan.

Baina ez dira bakarrak; izan ere, baditugu –begiratu ongi–, 6 Jatorri-deitura, 6 Adierazpen Geografiko Babestu eta 4 Kalitate-ziurtagiri, gure barazkien kalitate bikainaren seinale.

Eta hainbeste deitura eta ziurtagiri izanda, ez da harritzekoa Nafarroan egotea espainiar estatuan jatorri-deitura gehien dituen herria: Mendabia. 11 ziurtagiri, 78 kilometro karratutan.

Aurkitu hemen gure jatorri deitura guztiak

Zer jaten da eskualde bakoitzean?

Nafarroa da espainiar estatuan klima eta paisaia barietate gehien duen lurraldea, eta horri esker produktu asko ditugu, 15 kalitate-ziurtagiri dituzten lehengaiekin eginak gainera. Ez dago gaizki! 

Gainera, Nafarroako sukaldaritzak mende askotan jaso du inguruan dituen lurraldeetako sukaldaritzen eragina, eta horri esker ñabarduraz betetako errezeta-bilduma aberatsa du, jatetxe onenaren karta osatzeko modukoa. Horiek denak dastatzeko prest?

  • Nafarroa iparraldeko mendietan

    Nafarroa iparraldea eremu menditsua da, ibaiez, oihanez eta ibar berdeez osatua. Abeltzaintzarako lurralde aproposa, aukera ematen digu dastatzeko txuletoi bikainak, bildots-saiheskiak, ahatekia, ehizakia (probatu ehiza-sasoian usoa, eperra edo oreina) eta ibaietako izokin eta amuarrainak.

    Oihanetan bildutako perretxiko eta onddoak ere bai, eta, jakina, alorretan, neguan hain gustura jaten diren babarrunak. Eta ez ditugu esnekiak ahaztuko: Erronkari eta Idiazabal JD duten gasnak, gaztanbera eta eskuz egindako goxoak... Ez zara ba joanen tututxoak dastatu gabe, edo goxua, edo txantxigorri opilak?

  • Hiriburuaren inguruan, Iruñean

    Iruñean Nafarroa osoko jakiak prestatzen dira, Ebroko barazkietatik hasi eta mendialdeko gisatuetaraino. Izan bertsio tradizionalenean naiz berritzaileenean, gustu eta sakel guztietarako jatetxeak dituzu.

    Eta, gainera, Iruñerriko produktu espezifiko gisa, bildots errea, tripota zuria eta txistorra daude; azken hori merkatuetan eta gourmet dendetan erosten ahal duzu.

    Beno, eta badakizu, ezta pentsatu ere Iruñetik alde egitea pintxorik jan gabe...

  • Nafarroa Erdialdean, tarteko lurretan

    Erdialdean, mendi leunez eta galsoroz osatua, Mediterraneoko paisaia sumatzen hasten da; bertan badituzu Nafarroa eta Errioxa jatorri-deitura duten ardoak, zerealak eta olioa.

    Eta lur azpian, bertako altxorrik preziatuenetako bat, boilur beltza. Ureztatutako lurretan berriz, pikillo piperrak, zainzuriak, eta Zangozako potxak; trashumantzian dabiltzan artzainek egindako gasna ere aurkituko duzu Erdialdean, eta zerrikume errea ere bai.

    Nor ez da ba mahaian eseriko?

  • Nafarroa hegoaldean, Erriberan

    Eta bukatzeko, Ebroko erribera, lur azpian ezkutatuak nahiz azalean agerian altxor ugari dituen baratze zoragarria. Ferran Adriàk berak ere goretsi ditu.

    Protagonistak zainzuriak, piperrak eta ardoak, ospe handikoak nazioartean, orburuak eta kukuluak, eta olioa dira. Zorionez, gainera, urteko edozein sasoitan goza ditzakegu, bertako kontserba-industria ahaltsuari esker.

    Eta barazki horiei laguntzeko, bertako ardoak dituzu eskura.

Eta orain, dastatzera!

Kontatu dizugun guztiaren ondoren, mahaian esertzeko gogoa ematen du, ezta?

Badakizu Nafarroako gastronomia freskoa eta osasuntsua dela, tradizionala eta abangoardista aldi berean. Eta askotarikoa, gustu guztietarako aukerak baitaude.

Alde batetik, estatuko eta nazioarteko gida ospetsuenetan ageri diren jatetxe tradiziozkoak daude; horien artean badira, nola ez, Michelin izarrak dituztenak.

Bestetik, etorkizun ederreko gazteak, pixkanaka lorpen handiak izaten ari direnak, ordu asko sartu, eta ilusioz berrikuntzak eginez; sagardotegi eta erretegi tradizionalak, haragiei eta arrainei puntu bikain hori ematen espezializatuak; eta azken mugimenduetako bat, Slow Food, lehentasuna ematen diona tokiko produktuari, ahal dela ekologikoa, eta ingurumenarekiko errespetuari.

Nafarroako jatetxe batean jan nahi dut
Zaldicook gastronomia-mugimenduko sukaldari eta sommelier nafarrak
  • Janarizaleentzako jatetxeak

    Nafarroako sukaldaritzan tradizio handiena duten jatetxeekin hasiko gara, merezitako aitortza jaso duten sukaldariek zuzentzen dituzten horiekin.  Zein dira haien printzipio nagusiak? Nafarroako identitate gastronomikoarekiko errespetua, berrikuntza eta lehengai hoberenekin lan egiteko erabaki irmoa.

    Begiratu Erresumako jatetxeak.

    Eta orain goazen beste elkarte berriago batekin, Nafarroako baratzearen eta bertako produktuen zaleak biltzen dituena. Zerrenda horretan, ospe handiko sukaldariak eta sommelierrak ez ezik, etorkizun ederra duten gazteak ere baditugu; hainbat lehiaketa gastronomikotan lorpen handiak izan dituzte, eta merezi du haiek ezagutzera joatea.

    Pasioa, arretaz egindako lana eta sormen handia, arrazoizko prezioetan. Nork esan ezetz?

    Begiratu Zaldicook-en jatetxeak

     

  • Erretegiak eta sagardotegiak

    Ezin zara Nafarroara etorri gure tradizio errotuenetako bat bizi gabe: Erretegi batean eta sagardotegi batean jatea.

    Bai, bietan. Izan ere, bakoitzak badu bere xarma. Ikusi:

    Sagardotegietan, batez ere urtarriletik maiatzera, aukera izanen duzu ohiko menua dastatzeko, eta, gainera, plater izarra: sagardoan egositako lukainka. Eta gogoan izan zein den ohiko menua: bakailao-tortilla, bakailaoa piper berdearekin, txuleta bikaina, eta, bukatzeko, gasna, intxaurrak eta irasagarra. Bai ona! Eta jakina, hori guztia tarteka kupeletara joan eta txotx eginez. 

    Nafarroan, beste aukera gastronomiko ezagunenetako bat da erretegi batean jatea. Horietan, txingarretan erretako haragiaz gain, hala nola txuletoiak, azpizunak, bildots-saiheskiak edo zerrikumea, hurbileko lonjetatik zuzenean iritsitako arrain basatiak ere eskaintzen dizkigute; parrilan egindako legatz, zapo, bisigu edo erreboilo apartak dastatzen ahalko ditugu. Eta laguntzeko, Nafarroako jatorri-deitura duen ardo on bat. 

    Ezagutu ziklo osoko sagardotegiak
  • 0 km-ko jatetxeak

    Nafarroako 0 km jatetxeetan, bertako kalitateko lehengaiekin prestatzen dituzte platerak. Lehengai horiek ahal dela jatorri ekologikokoak izaten dira, eta 100 km baino gutxiagoko erradioan ekoitziak. Halaxekoa da sukaldaritza hau.

    Nafarroa aitzindaria izan da munduan,  lehenbiziko Slow Food eskola ireki baita Ultzama baserri-eskolan, Beatriz eta Óscar fundatzaileen ilusioari esker. Erakunde horren bidez janari ona, garbia eta bidezkoa sustatzen dira.

    Betiko janaria, presarik gabe dastatzeko...

    Nafarroako 0 km-ko jatetxe batean jan nahi dut

Gastronomia, festa guztien mamia...

Berdin du noiz zatozen, zaila izanen da Nafarroako tokiren batean gastronomia-ospakizunen bat ez topatzea. Hauek dira ezagunenetako batzuk, baina badira gehiago ere.

Nafarroaz gozatzeko beste plan batzuk

Eta zer hoberik Nafarroara egindako bidaia gastronomikoa plan hauetako batzuekin osatzea baino:

  • Tuterako katedraleko Judizioaren atea Kultura eta sustraiak

    Kultura eta sustraiak

    Zatoz erresumaren barnealdea ezagutzera, zure jakin-mina kultura-ondare zoragarri batekin asetzera.

  • Bikotea hoteleko gelako leihotik begira Atsedena eta ongizatea

    Atsedena eta ongizatea

    Paseo polit bat aire garbia arnastuz, spa saioa edo masaje on bat: horra Nafarroak eskaintzen dizkizun bizigarriak, indarrak berritu beharrean bazaude.

  • Kaleko giroa Udaletxeko Plazan City break

    City break

    Asteburuak askotarako ematen du Nafarroan. Kultura eta pintxoak: hiriko aisialdiaren osagairik hoberenak elkarrekin.