Zer nahi duzu?

GURE ETXEAK

Gure lurraldean paisaiaren eta klimaren aldetik daukagun aniztasuna dela eta, etxeen itxura erabat ezberdina da iparraldean eta hegoaldean. Kontuan izan 100 kilometro eskasetan, Pirinioetako tontorretatik Errege Bardeetako basamortu-itxurako lurretara igarotzen garela Nafarroan.

Iparraldeko etxeak Pirinioetan egoten dira, pasaia berdean barkatuta edota herri txikitxoetan, elkarren babesean jarrita. Klima gogorrerako eta neguko hotzerako prestatuta egoten dira, harrizko horma lodiekin eta bao txikiekin, barrualdean giro goxoa sortzeko.  Hegoaldera joanez gero, Ebro ibaiaren arroan epelagoa izaten da klima, eta izaeraz irekiagoa jendea; inguru horretan, adreiluz edo terrakotaz egiten dira etxeak.

Desberdinak diren arren, guztietan da esperientzia paregabea: naturarekin harremanetan jartzea, lasaitasunaz gozatzea eta tokiko kultura barrendik ezagutzea.

Hona hemen Nafarroako etxe tipikoenen zertzelada batzuk: 

- Harrizko baserri eta etxeak: Nafarroako iparraldean, Pirinioen hurbiltasunean, herri txiki eder asko topatuko dituzu, han-hemenka. Herri horietan, harrizko etxe ikusgarriak aurkituko dituzu, bananduta (baserriak) edota herriko elizaren edo ibaiaren inguruan kokatuta.

Oso etxe handiak dira, eta honela antolatu ohi dira: beheko solairua (ganadurako eta nekazaritzako lanabesetarako ukuilu moduan erabilia); lehenengo solairua, oin nagusi gisa (etxebizitza izan ohi da); eta bigarren solairua (ganbara izan ohi da, eta belar lehorra, artoa eta abar gordetzeko erabiltzen da). Kareztatuak edo harria agerian dute, eta Erdialdeko hainbat herritara ere hedatzen dira mota honetako eraikinak.

- Adreiluzko etxeak: zenbaitetan, harriarekin nahastuta egoten dira. Tipikoak dira Erriberan, eta herri handiagoetan egon ohi dira. Eremu honetan, Ebro ibaitik hurbil, oraindik ere badira zenbait etxe-leize: desnibelez eta labarrez baliatuta induskatu zituzten arrokan, eta, gaur egun, erakargarri turistiko izateko birmoldatuta daude.