Turismo activo

Ehiza eta arrantza

Nafarroako naturan oso ingurune desberdinak aurkitzen ahal ditugunez, ehizazale eta arratzazaleentzako paradisua da lurraldea. Ingurune natural honetan espezie anitz bizi dira. Ehiza larria Pirinioetan egiten da, eta xehea, berriz, gainerako lekuetan.

Ehiza eta arrantza

Ehiza eta arrantza modalitateak aldatzen dira espezie eta lurraldearen arabera. Ehizan aritzeko antzinako moduak gordetzen dira oraindik. Etxalarren, esaterako, usoa sareekin ehizatzeko ohitura XV. mendetik datorkigu. Usoak iragaten diren naturguneetan kokatzen diren dorre altuetatik, zelatariek harrapari itxura duten paleta batzuk jaurtikitzen dituzte usoak jaitsarazteko, eta, horrela, sareetan harrapatzeko. Urrian eta azaroan bisita gidatuak eskaintzen dira ehizatzeko sistema bitxi hau azaltzeko.

Udazkenean uso, birigarro eta oilagorrak ehizatzen dira gehienbat, irailetik otsailera, berriz, basurde, orein, orkatz eta adarzabalak. Bestalde, untxiak eta erbiak Nafarroa osoan ehizatzen ahal badira ere, Erdialdean eta Erriberan gehiago aurkitzen ahal dira. Noizbehinkako turista Orbaibarko Barrutira hurbiltzen ahal da, bertan, eperra, faisaia, oilagorra eta basurdea aise begiztatuko baititu.

Arrantzari dagokionez, Nafarroako ibaietan 4.700 kilometrotik gora daude hartan aritzeko. Zaleak amuarraina arrantzatzeko aukera izanen du alde kantauriarrean, eta izokina Bidasoa ibaian. Urte bakoitzean izokin-kopuru bat zehazten da espeziea zaintzeari begira, eta kopurua beteta utzi egin behar zaio hura arrantzatzeari. Nafarroako erdialdean eta hegoaldean karpak eta barboak bizi dira. Paduretako karramarroa eta karramarro seinaleduna arrantzatzeko baimendutako eremuak Ebro, Arga, Aragoi, Ega eta Zidakos ibaietan daude, baina eremu eta baldintza espezifikoen berri izateko, Ingurumen Departamentuak urtero argitaratzen duen arrantza-plana kontsultatu beharko da.

Nafarroan ehiza eta arrantza barruti anitz daude. Federazioek barrutien kokapena eta ezaugarrien gaineko informazioa eskaintzen dute, baita baimendutako harrapaketen kopuruaren eta tamainaren gaineko argibideak ere.

Informazio erabilgarria


Ondoko web orrian ehiza eta arrantzari buruzko lege eta baimenen informazioa aukituko duzu.

Jarduera horretan aritzen diren enpresak

Igo